Gasteizek ondo etorri beroa emon eutsen Euskal Herri osoko mintzapraktika taldeei

Bizkaie! 2009-06-08 13:01   Euskerea berbagai

Sei lagunek jaso dabe aurten mintzalagunen saria: Sergio Ampudia (Gasteiz), Maider Irizar (Gasteiz), Kontxa Laspiur (Eibar), Puri Perez (Eibar), Ndiomba Ndong (Lea Artibai) eta Germma Verdaguer (Txorierri).

Arabako eta EAEko uriburuak besoak zabalik hartu zituan atzokoan Euskal Herriko bazter guztietatik Mintza Eguna ospatzera bertaratutako mintzalagun, berbalagun, mintzakide eta bestelakoak eta, eguraldiak eguna hondatuko eban bildurra baegoen be, azkenean egun-pasa gozoa egin ahal izan eben mintzapraktika egitasmoetako partaideek, hori bai, guardasola beti prest, badaezpada be.

Danetara, 260 lagunek emon eben izena Mintza Eguneko bazkarirako, baina bazkalorduaren aurretik, eta batez be bazkalostean, zerrenda horretan ez egozan asko be hurreratu ziran, jakinminak bultzatuta, eta bat egin eben Topaguneak eta Gasteizko GEU Elkarteak Eusko Jaurlaritzearen, Arabako Foru Aldundiaren zein Gasteizko Udalaren laguntzaz antolatutako ospakizunagaz.

Egitarau xumea 11:00etan hasi zan, Matxete plazan. Bertan ondo etorria egin jaken bertaratutakoei eta, jakina, hamaiketakoa be eskaini jaken. Ostean, ibilaldi gidatua Gasteizko txokorik ezkutuenak eta pasadizorik sekretuenak ezagutzeko, eta inguruko asko erakarri zituan Kalejirea be egin zan Landatxoraino.

Landatxon bazkari gozoa hartu eta gero, Mintza Eguneko unerik hunkigarriena heldu zan: mintzapraktika egitasmoetan nabarmendu diran lagunei urtero egiten jaken omenalditxoa,
hain zuzen be. Sei lagunek jaso dabe aurten mintzalagunen saria: Sergio Ampudia (Gasteiz), Maider Irizar (Gasteiz), Kontxa Laspiur (Eibar), Puri Perez (Eibar), Ndiomba Ndong (Lea Artibai) eta Germma Verdaguer (Txorierri).

Saritutakoek jasotako txalo-zaparradearen ostean, Erdizka Lauetan taldeak lanari ekin eutson, eta erromeria ezin koloretsuagoak bazkaria arintzen lagundu eutsen askori. Eguneko egitarau ofiziala erromeriagaz amaitu bazan be, entzun dogu batzuek behintzat gaueko ordu txikietan amaitu ebela jaia, jakina da eta: mintzalagun onekin, orduak labur!

Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta gaur egun 93 euskera alkartek osotzen dabe. Federazinoaren zein alkarteen helburu nagusia euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue alkarteek eta Federazinoak berak, besteak beste, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea, entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu