BFAK euskerea sartu dau larrieldietarako hizkuntzeari buruzko europar proiektu batean

Bizkaie! 2009-06-03 17:37   Euskerea berbagai

Bizkaiko Foru Aldundiak euskerea sartu dau 'Multicom 112-ext' proiektuan, Europako Batasunaren Leonardo da Vinci programearen barruan. Multicom 112 proiektuaren helburua da euskerea eta eremu urriko beste hizkuntza batzuk (suomiera, gaelikoa…) gehitzea, larrialdietako operadoreen arteko komunikazinoa hobetzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak euskerea sartu dau 'Multicom 112-ext' proiektuan, Europako Batasunaren Leonardo da Vinci programearen barruan. Multicom 112 proiektuaren helburua da euskerea eta eremu urriko beste hizkuntza batzuk (suomiera, gaelikoa…) gehitzea, larrialdietako operadoreen arteko komunikazinoa hobetzeko.

Bizkaiko Aldundia Multicom 112-ext izeneko proiektua abian jarteko prozesuan dabil buru-belarri une honetan. Bi sail dabilz alkarregaz lanean, Kultura Saila eta Udal Harremanen eta Herri Administrazinoaren Saila, eta helburua da euskera sartzea larrialdietako zerbitzu guztien komunikazinoetan.

Multicom 112 proiektua Europar Batasunak finantzautako Leonardo da Vinci programearen zati bat da, eta, horren bitartez, hizkuntza ezagutza nahikoa emon nahi jake kontrol-zentroetako operadoreei, bertara egiten diran deiak zenbait hizkuntzatan erantzun ahal izateko. Programa hori Alemaniak bultzatu eban, hango suhiltzaileek atzemon ebelako preminea egoala muga guneetatik eginiko larrialdietako deiak beste hizkuntza batzuetan erantzuteko: nederlanderaz, frantsesez, txekieraz...

Leonardo da Vinci programearen hasierako fasea Erkidegoko hizkuntza handiakaz egin eben, hau da, frantsesagaz, italieragaz, ingelesagaz... Proiektu horren arrakastearen ondoren, bigarren fase bat abiarazo dabe, eta, oraingoan, eremu urriko hizkuntzak dira helburu.


Bilerea Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin dau Multicom 112 proiektuagaz eta asmoa da Suhiltzaileen Zerbitzuan ezartzea (lehentasuneko helburu moduan) eta zerbitzu horretako operadoreen komunikazinoetan euskerea sartzeko. Beste hizkuntza batzuekaz batera sartu da euskerea proiektu horretan: gaelikoa, suomiera, lituaniera edo finlandieragaz batera. Danetara, 17 hizkuntza dagoz honezkero proiektura batuta.

Gaiaren harian, asteon batu da Bilbon programa horretako lan talde bat. Sei herrialdetako ordezkariak izan dira bileran, eta horren artean egon dira Foru Aldundiko euskera eta suhiltzaileen taldeko kideak. Jardunaldi horreen helburua izan da joan dan urrian Irlandan hasi zan itzulpen eta grabazino lana osotzea. Lan hori Bizkaiko Foru Aldundiak egin dau azken hileotan, Hizkuntz Normalizazino Atalaren bitartez.

Foru Aldundiaren ardurea da produktu hori Europan ezartzeko politikea diseinetea, eta berak izango dau ardurea datorren urritik aurrera trebakuntza tresna hori abian jarteko proiektu pilotu moduan. Izan be, SOS DEIAKen 112 larrialdi-zerbitzu guztietan ezarriko dau, hau da, suhiltzaileen zerbitzuetan, udaltzaingoan, ertzaintzan...


112 Europa osoan

Europan larrialdietako zenbaki bakarra ezarri zanetik (Europako Batasunaren Kontseiluak 1991n harturiko erabagia), estadu kideek beharrezko bitarteko teknikoak ezarri ditue, larrialdia izan ezkero, bidaiariek zenbaki bera erabilita eskatzeko laguntzinoa Europar Batasunean: 112 zenbakia.

Europako Batasunak lehentasuna emon deutso zenbaki hori Europa osoan ezagutu eta herritarrek sarriago erabil daien. Horren ondorioz, eskaria sortu da larrialdietako deien zentroetan atzerriko hizkuntzen alderdi jakin batzuk ezagutu daiezan, ze arlo horretako terminologia berezia ez baita ohiko hizkuntza ikastaroen bitartez eskuratzen. Proiektuko asmoen artean, tresna moderno batzuk garatzea dago, larrialdietako berbakerea zenbait hizkuntzatan irakasteko. Holan, kontrol zentroetako operadoreek behar aina ezagutza izango dabe atzerriko hizkuntza batean, eta larrialdi deiei erantzun ahal izango deutsee.


Proiektuaren egiturea

- Beharrezko hizkuntza-gaitasunaren analisia eta arloari loturiko oinarrizko hiztegiaren zein maila aurreratukoaren azterketea.
- Oinarri didaktikoa garatzea, autoikasketarako tresnetarako.
- Autoikasketarako CD bat garatzea.
- Internet ingurune bat garatzea, on-line trebakuntzarako.
- Proiektuan garatutako ikasketa-tresnen erabiltzaileen ebaluazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu