Beñat Mendia eta Pello Ormazabal txapeldun Bizkaiko Eskolartekoan
2009-06-08 11:07 BertsolaritzeaBarikuan jokatu zan Bizkaiko Eskolarteko XXVI. Bertsolari Txapelketea Indautxuko 'El Carmen' aretoan. Gustura entzuteko moduko saioa izan zan. Danek egin eben ahalegina, baina, azkenean, bertsoren bat 'azarteteak' ipinten deutsu txapela buru ganean, oindino gehiago edade honeetan.
Barikuan jokatu zan Bizkaiko Eskolarteko XXVI. Bertsolari Txapelketea Indautxuko 'El Carmen' aretoan. Gustura entzuteko moduko saioa izan zan. Danek egin eben ahalegina, baina, azkenean, bertsoren bat 'azarteteak' ipinten deutsu txapela buru ganean, oindino gehiago edade honeetan. Finalistak multzo bitan banatuta egozan:
14 urte artekoak: Olatz Ipiña, Maria Gorriño, Beñat iturbe, Beñat Mendia, Ander Gerrikaetxebarria eta Maite San Cristobal.
18 urte artekoak: Imanol Uria, Nagore Beitia, Maddalen Markaida, Pello Ormazabal, Xabier Iturraspe, Elene Lejarzegi, Txaber Ormazabal eta Arrate Zubigarai.
Bizkaie! edade bakotxeko irabazleakaz egon da berbetan, Beñat Mendia eta Pello Ormazabalegaz, hatan be. Saio ederra egin eben biek, umorea erabilita eta seguru kantauta.
Lehenengoagaz egoteko, Iñaki Iturrioz eta biok kotxea hartuta joan ginan bere baserrira. Zeanuriko Altzuste auzotik bueltaka topau genduan Beñat, baserri-beharretan bere aitagaz. Bertsozalea dau aita eta Beñatek kontau euskun moduan 'aitegaz be egiten dot bertsotan apur bet'. Hori bai, etxeko inori ezer esan barik apuntau zan Zeanuriko Kopla Txapelketan eta, barikuko txapelketan legez, etxera eroan eban lehenengo saria.
Orain urte bi hasi zan bertsotan Zeanuriko Eskolan Igor Meñikagaz, eta orain Igorren dabil Juanjo Respaldizagaz. 'Giro ona dekogu, 3-4 zeaniztar batuten gara... Dimeko bat be bai. Astean baten joaten gara bertso-eskolara. Maisu ona da Juanjo'. Aurretik be, jente aurrean bertsotan ibilitakoa da Beñat. Igaz be kantau eban Eskolartekoan eta Juanjogaz be ibilten da eskolarik eskola kantetan.
Saioa hasi aurretik, bere amagaz ikusi neban Beñat. Nerbioso antza egoala pentsau neban baina berari preguntauta: 'trankilo egon nintzen, akordurik bez!', akordurik bez?, 'akordue bai...'. Saioaren inguruan be jardun genduan. Bakarko lanean, bertso galanta bota eban Beñatek, bere saioko bigarrena. 'Lehenengo bertsoagaz iribazteko gatx, ardure bez lar. Bigarrenagaz esperantza gehio'. Halanda be, ez eban pentsetan buruz burukora pasetarik. Hona hemen bertsoa:
Gaia: Kalean zoazela konturatu zara danak zeuri begira dagozala.
Hemen kaletik noa
Nire nobiagaz
Alkandora eder bat
Fraka laburrakaz
Neska guztiek niri
Begire dekodaz
Nobie, esan egie
Hain guapoa al naz?
Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara joango da Beñat saioan bigarren izan zan Olatz Ipiñagaz batera. Biak Bizkaiaren izenean joango dira Altsasun jokatuko dan finalera: 'Juanjogaz berba ein behot preparetako'. Bitartean, bere beste afizino biakaz segiduko dau Beñatek: pelotea eta herri kirolak. 'Aizkoran portalean ibilten naz', bere aitak noizean behinean eroaten deutson enborragaz. Altsasun jente ezagun asko ez egotea gurago dau Beñatek... ba hau izan zan bere aitaren erantzuna: 'orduen autobus bete jente ezezaun eroan behako juk'.
Hobby bat: Pelotea.
Jateko bat: Okelea.
Musika: Bertso zaharren bat edo. Ez jata gustetan.
Bertsolari gustuko bat: Andoni Egaña eta Xabi Paya.
Aurtengo Txapelketa Nagusiko txapelduna: Andoni Egaña.
Bakazinoetarako leku bat: Mendia.
Biziteko leku bat: Altzuste.
Kotxe bat: C4 World Rally Car-a.
Hona hemen, barriz, Pello Ormazabali egindako elkarrizketea:
1. Noiz eta zergaitik hasi zinan bertsotan?
Bertsotan orain dala bost urte edo hasi nintzan. Eskolan eiten gendun zeozer eta oso gustura ganera. Baina institutura pasau nintzanean, ezin izan neutsan afizino horri jarraipenik emon. Horregaitik, lagun batzuekaz batera, herriko euskera taldeagaz kontaktuan ipini eta bertso eskolea sortzea lortu genduan. Arkaitz Estiballes hasi zan klaseak emoten eta gaur egun be berak jarraituten dau. Apurka-apurka jente gehiago batzea lortu dogu eta horren adierazgarri izan leike Euskal Herrikora Bizkaiko lau ordezkarietatik hiru gure bertso eskolakoak izatea.
2. Non entrenetan dozu eta zenbat bider astean?
Esan dodan moduan, Arigorriagako Estropozu Bertso-Eskolan gabiz entrenetan. Martitzenetan alkartzen gara eta ordu eta erdi inguru egiten doguz astero. Gura dauenak etorri besterik ez dauka. Baina anaiagaz edo lagun bategaz (Zipi) geratuta be eiten dot.
3. Zelakoa izan zan anaia arteko buruz-burukoa?
Oso gustura ibili nintzan, bertsotan zati honetan ez hainbeste baina bueno… Txaber eta biok egonda, bardin eustan nork irabazi gustura geratuko nintzalako bardin-bardin. Esan beharra dago saioa hasi aurretik ez nebala espero Txaber buruz burukora ailegetea, baina kriston sorpresea emon eustan saioan zehar. Seguru hurrengo urtean txapela etxera datorrela, baina ez neure gelara.
4. Ze asmogaz zoaz Euskal Herrikora?
Euskal Herrikora, printzipioz, ondo pasetan noa. Nire asmoa Bizkaiko txapela zan eta lortu dot. Badakit Altsasun aukera handirik ez dala egongo eta, dakidan moduan kantau ezkero, gustura egongo naz, azken eginda be.
Hobby bat: Zinemara eta mendira joatea.
Jateko bat: Gaztai on bat edo pizza.
Biziteko leku bat: Euskal Herrian gustura.
Musikari/talde bat: Su ta Gar, Mikel Laboa, Doctor deseo…
Liburu bat: Euskal hiria sutan.
Bertsolari bat: Unai Iturriaga
Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna: Amets Arzallus.
Pellok, finalean, 'azkenean lortu dozu zeuk gura zenduna' gaiari honako bertsoa jarri eutson:
Nahiz ta ez gustatu bikotea beti
Osatzen da pertsona biz
Eta oroitzen dut egun hartan
Esan zenizkidan lau hitz
Pello ez zaitut jadanik maite
Geroztik horrela gabiz
Baina gaur juergan ikusi zaitut
Hamar milagarren aldiz
Alkoholak ere laguntzen du ta
Hurbildu natzaizu irriz
Kostata baina zure ezpainak
Probatu dizkizut berriz.
Eskerrik asko biei, eta subertea eduki dagiela Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Bizkaiko Eskolarteko bertsoak etorri ahala, joango naz orriotan ipinten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!