Joseba Lakarra euskaltzain osoak sarrera-berbaldia egin dau Arratzun
2009-06-01 12:19 Euskerea berbagaiJoseba Lakarrak aitzineuskerea izan dau, eta badau gaur egunean be, bere ikerketa-lanen helburu nagusi. Horra Euskaltzaindiko sarrera-berbaldia osotzeko aukeratu dauen gaia, bide batez, hizkuntzalaritzearen arlo horretan sakontzeko azterketa-proposamen barria mahairatuz.
Joseba Lakarrak aitzineuskerea izan dau, eta badau gaur egunean be, bere ikerketa-lanen helburu nagusi. Horra Euskaltzaindiko sarrera-berbaldia osotzeko aukeratu dauen gaia, bide batez, hizkuntzalaritzearen arlo horretan sakontzeko azterketa-proposamen barria mahairatuz. Bere esanetan, euskerearen aurre-historiari ekiteko bide oso emonkorra egiten ari da, orain arte heldu bako fenomeno eta aldaketak azaleratuz.
Zapatuan, maiatzak 30, egin da Joseba Lakarra euskaltzainaren sarrera ekitaldia Arratzuko San Tomas eleizan. Joseba Lakarra, 2007ko bagilaren 1ean izentau eban euskaltzain oso Euskaltzaindiak.
Josu Sabin Olano Arratzuko alkatearen ondo-etorriak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurrak, hasierea emon deutse gaurko ekitaldiari.
Ondoren, Aurelia Arkotxa eta Jose Luis Lizundia euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu da Joseba Lakarra 'Aitzineuskera birreraikiaz: zergatik ezkerra?' izenburuko sarrera-berbaldia irakurteko.
Joseba Lakarra: 'Aitzineuskerea birreraikiaz: zergaitik ezkerra?'
Aitzineuskerearen birreraiketaren helburuak eta beharrak aitagai izan ditu bere berbaldian, baita orain arteko eboluzinoa be. Arlo horretan, Koldo Mitxelenaren 'lan filologiko eta diakroniko bikaina' nabarmendu dau, euskeraren garapenerako ekarpen ezinbestekoa.
Belaunaldi oso batek ikerketa-aro emonkorra izan dau eta Lakarrak gogoratu dau bere lanaren helburu nagusietako bat izan dala CVC monosilaboa, berben erro-eredua dan heinean. Berak esana: 'erroen forma kanonikoaren azterketak berben egiturea, jatorria eta bilakabideak lehen ez genduan laguntzinoa eskaini deusku, bide batez birreraiketaren beste alderdi batzuetarako oinarriak jarten lagunduz'.
Joseba Lakarrak, aitzineuskara zaharrago eta sakonagoa aztertzeko proposamen bat aurkezteko erabili dau sarrera-berbaldia. Zer dala-eta bere berbaldiaren izenburua ('zergatik ezkerra?')? Bada, Mitxelenak bere ikerketatan markatu legez, ezker-muturra baita hainbat kontsonanteri jagokenez birreraiketarako kokagunerik gatxena. Horren haritik, aitzineuskera zaharragoa eta sakonagoa aztertzeko proposamen bat aurkeztu dau, 'erroen eta berben ezker aldea berenberegi miatuz'.
Euskerarik zaharrena aztertzeko bide emonkorra zabalik eta luzatzeko moduan dagoala uste dau Arratzuko ikerleak. Berak planteetan dauen hurreraketa-eredua bateragarria da guztiz azken urteotan martxan jarritako fonologia edota morfologia birreraiketa lanakaz.
Jose Antonio Arana Martija: 'Gabon kantak eta arkaismoen bestelako mintegiak'
Arkaismoen ganean egin dau berba Jose Antonio Arana Martijak bere berbaldian. Arkaismoez eta Joseba Lakarraz. Lakarraren ibilbide akademikoa gogora ekarri dau: oinarrizko ikasketak Gernikan egin zituala, batxilergoa Derioko Labayru Ikastetxean, Euskal Filologia ikasi ebala, tartean Koldo Mitxelena irakasle izan ebalarik. Doktore lehenago, eta gero katedratiko bihurtu zala be gogorarazo dau.
Arana Martijaren esanetan, Lakarrak 'lan oparoa emon deusku hizkuntzalaritzearen arloan'. Ikasle sasoian, argitara emondako lan batzuk aitatu, eta horreek abiapuntu, arkaismoak, bilantzikoak eta Gabon Kantak izan ditu berbagai euskaltzain emerituak. Izan be, euskera arkaikoa be Arana Martijaren lan-helburuetako bat izan da bere ibilbidean, eta ganera, bide horretan, hainbatetan bat egin dabe Lakarrak eta Arana Martijak berak. Gogoan dau, berbarako, Lakarrak egindako lehenengo lanetako batean, 'Oharrak zenbait arkaismoz' (1983), berak landutako Marijesiei lana hartu ebala oinarri moduan, beste hainbaten artean.
Opariak
Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dala adierazoten dauen diplomea eta domina emon deutsoz Joseba Lakarrari. Ondoren, Dorleta Alberdi, arratzuar, euskaltzain urgazle eta kazetariak, Juan Bautista Bilbao 'Batsi' arratzuarraren 'Hau mundu arrano hau' liburuko atal bat irakurri dau.
Gero, eskola-lagunak, auzokoak eta herrikideak Arratzuko koruan alkartuta, Alberto Lauzirika zuzendariaren gidaritzapean, Maitia nun zira eta Mendian lar artean kantak abestu ditue.
Azkenik, opari honeek jaso ditu Lakarrak:
- Arratzuko Udala: Josu Olano alkateak idazlumak oparitu deutsoz.
- UPV-Gasteizko Letren Fakultadearen izenean: Kontxi Munilla, kudeaketa arduralariak Ines Gonzalez de Zarate eskultorearen 'Mendez mende' izeneko eskulturea emon deutso.
- UPV-Gasteizko Letren Fakultadeko ikerketa-taldeko lankide eta lagunak: Koldo Mitxelena jubilau zan eguneko agurrean ataratako argazki bat erregalau deutso. Bertan, Lakarra, hainbat ikasle eta euskaltzain agiri dira. Euren izenean, Blanca Urgell ikerketa-taldeko lankide eta Eusko Jaurlaritzearen Kultura Sailburua danak eskaini deutso oparia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!