BFAk 7 miloe euro inguru erabiliko ditu aurten euskerea sustatzeko, zabaltzeko eta normalizetako

Saioa Torre Gereketa 2009-05-28 15:12   Euskerea berbagai

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Josune Ariztondok eta Euskera Sustatzeko zuzendari Miren Dobaranek Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzearen laguntzak emoteko bost deialdiak arautzen dituen dekretuen azken ebazpenak aurkeztu ditue gaur.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Josune Ariztondok eta Euskera Sustatzeko zuzendari Miren Dobaranek Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzearen laguntzinoak emoteko bost deialdiak arautzen dituen dekretuen azken ebazpenak aurkeztu ditue gaur Aldundiaren egoitza nagusian. Horrezaz ganera, azken inkesta soziolinguistikoaren datuen barri emon dabe, baita BFAren Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzearen 10 urteen laburpentxoa egin be.


Dekretuen ebazpena

Ariztondok azaldu dauen legez, Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzearen lagutzinoak emoteko bost deialdiak arautzen dituen dekretuak 2008ko abenduaren 24ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziran.

Enpresetan euskerearen erabilerea sustatzeko planei jagokenean, emondako diru-laguntzinoa 400.000 eurokoa izan da eta 2.281.705 euroko aurrekontua euken 27 proiektuk jaso dabe diru hori.

Euskerazko aldizkariak argitaratzen dituen merkataritza-soziedadeek, kooperatiba-soziedadeek eta euskera hutsean gai anitzeko informazinoa argitaratzen daben irabazi asmorik bako persona juridiko pribaduek 373.060 euro jaso ditue. Danetara 13 proiektu izan dira 2.228.948 euroko aurrekontuagaz.

Irabazi asmorik bako erakundeek euskerea sustatu, zabaldu edo normalizetako egiten dituen jardueren artean, besteak beste, honako ekimen honeek jaso ditue diru-laguntzinoak: lekuan-lekuko euskerearen ondarea jaso, zaindu eta berreskuratu gura daben egitarauak, ondare hori gizartearen barruan erabili ahal izateko; euskeraz egindako materialak sustatzeko eta bideragarriago egiteko ekimenak edo ekintza egitarauak, batez be ume eta gazteei zuzendutakoak; etorkinen euskera-gaitasuna sendotzea helburu daben ekimenak; ume eta gazteen hizkuntza-gaitasuna indartzeko antolaturiko egitarauak; eta, azkenik, euskerazko webguneak sortu eta on-line jarteko proiektuak. Arlo honetako aurrekontua 9.205.265 eurokoa izan da eta guztira 259 proiektuk jaso ditue emondako diru-laguntzinoa: 2.219.350 euro.

Lekuan-lekuko erakundeek -udalerriak, mankomunidadeak...- euskerea sustatu, zabaldu edo normalizetako egiten dituen jardueretatik 1.028 aurkeztu dira diru-laguntzinoen deialdira. Proiektu horreek 8.842.110 euroko aurrekontua izan dabe eta 2.349.854 jaso ditue laguntzino bidez.

Azkenik, Informazino eta Komunikazinoaren Teknologietan euskerea erabiltea sustatzen daben produktuak be aintzat hartu dira diru-laguntzinoen programan, ekimen horreek egungo gizartean daukien pisuaren garrantzia kontuan izanda. Holan ba, euskal kulturearen ondarearen ganean euskeraz dagoan informazinoa digitalizau edota softwarea euskeraz sortzea zein euskerara lokalizetea helburu daben proiektuak arlo honetan sartuko litzatekez, besteak beste. Danetara 30 proiektu aurkeztu dira, 944.464 euroko aurrekontuagaz, eta 270.000 euroko diru-laguntzinoa jaso dabe.

Bost ebazpen horreez ganera, Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzeak beharrezkotzat joten ditu Bizkaiko Lurralde Historikoan azpiegitura sendotzea eta bizkaierea sustatzea helburu daben erakundeak. Horregaitik, Labayru Ikastegiagaz, Euskal Herriko Unibersidadeagaz, Euskaltzaindiagaz eta Irratibidegaz laguntzino-programa berezia dauka garatuta BFAk. Bestalde, 'ez dot ahaztu gura Alkarbide, Bizkaiko euskera zerbitzuen koordinazinorako bilguneak egiten dauen lana', zehaztu dau diputaduak.

Holan ba, danetara, Aldundiak 7 miloe euro inguru erabiliko ditu aurten euskerea sustatzeko, zabalkuntzeko eta normalizetako.


Gazteek gero eta gehiago menperatzen dabe euskerea

Nafarroako Gobernuaren, Frantziako Gobernuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren estatistika institutuek bost urtean behin egiten daben inkesta soziolinguistikoaren datuen barri be emon dau Ariztondok. 'Bizkaiko 5 eta 30 urte arteko biztanleen erdia baino gehiago elebiduna da; era berean, 30 eta 40 urte arteko hamar lagunetik hiru baino gehiago be elebiduna da; baina, adinean aurrera egin ahala, elebidunen portzentajea gitxitu egiten da'. Inkestea lehenengoz egin zan urtean, 1981ean, persona elebidunenak 65 urtetik gorakoak ziran eta, adinean behera eginda, ehunekoak be behera egiten eban. 'Egun, kontrakoa pasetan da, zenbat eta gazteago, orduan eta elebidun gehiago dagoz'. Inkesta hori egiteko, euskerearen ezagutzea, erabilerea eta euskereagazko jarrerea aztertu dira, beti be faktore eragile bi kontuan izanda: taldean dagoan euskaldun konpuruak baldintzatzen dauela zein hizkuntza erabili, gehienetan euskerearen kalterako; eta erabilera-erraztasunaren araberako hizkuntza-hautua.

Eremu formalean (udal zerbitzuak, bankuak, dendak...), euskerearen erabilereak gora egin dauela ondoriozta daiteke 2006an egin, 2007an eta 2008an aztertu eta 2009n argitaratu dan inkesta soziolinguistikoak eskainitako datuetatik. Euskereagazko jarrerea positiboa dala esan daiteke, 16 urtetik gorako biztanleen % 62,5ren bermeagaz.


Hamar urteko balantzea

Bizkaiko Foru Aldundiak euskerearen sustapenera eta normalizazinora bideratutako zuzendaritzea orain dala hamar urte sortu ebanetik, 'danetara 40 miloe euro inbertidu dira'. Ordutik, eragileen eta teknikarien arteko loturea zuzen-zuzena da eta ia hamar urteotan aurkeztutako programek, danetara, ia 145 euroko aurrekontua izan dabe.

Garapen horretan, diru-laguntzinoa jaso daben proiektuen kopurua laukoiztu egin da, diru-laguntzino kopurua hirukoiztu eta dirua jaso dabenek egindako inbersinoa nabarmena izan da. Ariztondoren esanetan, 'hamar urteok emon ditue euren frutuak eta horrek aurrera begira jarri deusku hizkuntzearen normalizazinoaren, sustapenaren eta erabilerearen bidean; halanda be, egiteko asko dago, euskereak danok aberasten gaituelako'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu