Amorebieta-Etxanoko Udalak hasierea emon deutso XI. Santiago Onaindia Bekan parte hartzeko epeari
2009-05-27 17:58 KultureaSantiago Onaindia idazlearen omenez, euskal literaturearen alorreko ikerketa-lanak sustatzea da urte birik behin deitzen dan beka honen helburua. Aurtengo edizinoa, gainera, berezia dala esan daiteke, idazlearen jaiotzearen ehungarren urteurrena beteko dalako 2009an.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren bidez eta Labayru Ikastegiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzeagaz, abian jarri dau Santiago Onaindia Bekearen XI. edizinoa.
Santiago Onaindia idazlearen omenez, euskal literaturearen alorreko ikerketa-lanak sustatzea da urte birik behin deitzen dan beka honen helburua. Aurtengo edizinoa, gainera, berezia dala esan daiteke, idazlearen jaiotzearen ehungarren urteurrena beteko dalako 2009an.
Bekeak 9.000 euroko zuzkidurea dauka, eta urtebetekoa da lana egiteko epea. Ametx erakunde autonomoaren erregistroan (Zelaieta zentroa, Zelaieta parkea z/g, 48340 Amorebieta-Etxano) aurkeztu behar dira proiektuan parte hartzeko eskabide orriak, urriaren 16ra bitartean. Informazino gehiago nahi dabenek, Ametx erakunde autonomora deitu leikie (946300650) edo www.ametx.net webgunean argitaratuta dagozan oinarriak kontsultau.
Santiago Onaindia
Santi Onaindia Amoroton jaio zan 1909an. Hamabi urte zituala, Karmeldarrek Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan daben komentuan sartu zan, eta berrogeita hamar urte baino gehiago emon zituan bertan, lan eta lan nekerik barik.
Gerra Zibilaren aurretik ekin eutson olerkiak idazteari. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituan, eta erbesteratua be izan zan. Sasoi haretakoa da 'Milla euskal olerki eder' (1954) poesia antologia. Euskerazko olerkigintzeari buruz inoiz idatzi diran lanik osoenetako bat da. 'Karmel' (1956), 'Olerti' (1959) eta 'Aurrera' (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzailea izan zalarik, orrialde hareetan, lirika-lehiaketen bidez batik bat, olerkari barriak bultzatuz egindako lana nabarmentzekoa da. Era berean, azpimarratzekoak dira klasikoen itzulpen lanak: Goethe, Dante eta Virgiliorenak besteak beste.
Beste alde batetik, bertsolaritzeagaz lotutako hainbat eta hainbat lan be argitaratu zituan. 'Gure Bertsolariak' (1964) antologia besteak beste. Euskaltzaindiako ohorezko kidea be izan zan, eta Euskal Letren saria emon eutsen 1990an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!