'Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi' liburua aurkeztu dau Iñaki Camino donostiarrak

z 2009-05-27 12:00   Euskerea berbagai

Eremu dialektalak zelan sortzen diran jakin ahal izango dau lan honen bidez irakurleak, zein eremu dialektal mueta dagozan, zer dan zehatz dialekto bat, zelan finkatzen diran dialekto baten muga geografikoak, zelan jokatzen dauen hizkuntzalariak dialektoaren ezaugarri bereziak erabilten...

Iñaki Camino donostiarraren 'Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi' liburua aurkeztu dabe Iruñeako Elkar aretoan eta bertan izan dira egilea bera eta Xabier Mendiguren editorea.

Euskalkien ganeko jakin-mina aspaldikoa da gure artean, eta zorionez lan eder franko ari dira argitaratzen gurean, bai eskualde jakinetako berbakerez zein Euskal Herri osoko eremua hartzen dabenak. Liburu honek, barriz, beste ikuspegi bat eskaintzen deutso harago joan gura dauen irakurleari: dialektologiaren alderdi teoriko eta metodologikoak lantzen dira bertan, hizkuntzalaritzako adar honetako kontzeptu nagusiak bere luze eta zabalean aztertuz; munduko hainbat berbakeratako adibideak erabili dira horretarako, baina euskalkien barrigose dan irakurlea izan da batez be gogoan: nazinoarteko eduki orokorrak azaldu arren, metodologiako orrialdeetan euskal adibideak dira nagusi.

Dialektologiaren komunidade zientifikoan finkaturiko eredu eta ikusmoldeak erabili dira lan sendo eta mardul honetarako, eta hainbat iturritara jo dau egileak bere bilaketan; eremu erromanikoan Italia, Frantzia (Okzitania barne), Espainia, Katalunia, Galizia, Portugalgo argitasunak topauko doguz; eremu germanikoan, Ingalaterra, AEB, Alemania, Belgika eta Herbeheretakoak; baita alderdi greziar, eslaviar eta eskandinaviarreko barriak be, mundu zabaleko beste hainbat bazterretako adibidegaz batera.

Eremu dialektalak zelan sortzen diran jakin ahal izango dau lan honen irakurleak, zein eremu dialektal mueta dagozan, zer dan zehatz dialekto bat, zelan finkatzen diran dialekto baten muga geografikoak, zelan jokatzen dauen hizkuntzalariak dialektoaren ezaugarri bereziak erabilten... Hori guztia zehazteko, ikertzaile-inkestatzaileak datuak batzen ditu (ahozko alkarrizketatatik, inkestatatik edo liburu zaharretatik, berbakera garaikidetik zein zaharragotik) eta, datu guztiak batu ostean, hainbat erabagi hartzen; jakina dan legez, dialekto bati begira dagoanean gura ditu hizkuntzalariak ezaugarri bateratzaileak, ze bestela, dialektoak bata bestetik bereizten dagozanean, ezaugarri banatzaile edo zatikatzaileak erabilten ditu.

Liburuaren amaieran aurkibide bi datoz: egileena bata eta lanaren edukiena bestea. Horrezaz ganera, bibliografia zabala topauko dau irakurleak, bai nazinoartekoa bai euskerearen dialektoen ingurukoa. Azken finean, liburu funtsezko eta oinarrizko bat, dialektologiako gai nagusiez jaubetu gura daben ikerlari eta irakurle ororentzat.

Iñaki Camino Lertxundi (Donostia, 1963) Euskal Herriko Unibersidadeko irakaslea da Gasteizko Letren Fakultadean, baita euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren EHHA hizkuntza-atlaseko langile be. 'Julio Urkixo' Euskal Filologiako Mintegiaren ASJU aldizkariaren idazkaritzako kide eta Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren erredakzinoko batzordekidea eta Nafarroako Gobernuaren euskalki batzordeko partaidea da. Dialektologiako ikerlanak: 'Aezkoako mintzoa' (1997), 'Goierriko mintzoa' (1999-2001), 'Hego-nafarrera azpieuskalkia' (2003), 'Nafarroa Behereko euskerea' (2004) eta 'Nafarroa Behereko euskera zaharra' (2008).

Dialektologiako saio laburrak: 'Donostiako euskerea' (2000) eta 'Arakil alderdiko berbakerea' (2005-2006). Egungo ikergai nagusiak: dialektologiaren alderdi teoriko-metodologikoa eta Nafarroa Behereko Amiküze eskualdeko berbakerea. Alderdi filologikoan, hainbat idazkiren argitaratzailea da: XVII. mendeko Juan Beriainenak (1993), XVIII-XIX. mendeetako Aezkoako kristau-ikasbideak (1989-1992), XIX-XX. mendeetako Jean Hiriart-Urrutiren artikuluak (1995) eta XX. mendeko Pablo Fermin Irigarai 'Larreko'-ren artikuluak (1992).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu