Mondragon Unibersidadeak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak Executive MBA Masterra abiarazoko dabe

Bizkaie! 2009-05-26 15:21

Masterraren helburua profesionalen gaitasunak garatzea da, 'enpresa-kudeaketea eraginkorragoa' izan daiten. Horrezaz gan, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko tresnak be emongo jakez bestelako ikuspegiak eta ezagutzak landuz. Laburbilduz, profesionalen artean barrikuntzea eta ekintzailetzea sustatzea da helburua.

Mondragon Unibersidadeak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak urritik aurrera Executive MBA Masterra abian jarteko hitzarmena sinatu dabe gaur. Masterra profesionalentzat eta zuzendarientzat da, eta unibersidadeen eta negozio-eskolen graduondokorik preziatuena da. Donostian emongo da, 2009/2010 ikasturtean hasita.

Hitzarmenaren sinatzaileen arabera, bi erakundeek esperientzia handia dabe profesionalak eta zuzendariak trebatzen eta, barriro be, bat egin dabe Gipuzkoako 'enpresa-arloa indartzeko apustu estrategiko honetan, lanean dagozan profesionalak trebatuko dituelako'.

Masterraren helburua profesionalen gaitasunak garatzea da, 'enpresa-kudeaketea eraginkorragoa' izan daiten. Horrezaz gan, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko tresnak be emongo jakez bestelako ikuspegiak eta ezagutzak landuz.

Graduondoko programearen helburuak dira enpresen eta enpresen kudeaketarako arlo nagusien osoko ikuspegia emotea partaideei; barrikuntzea eta aldaketea bultzatzea jarrera personal eta profesional moduan; eta buruzagitza-ahalmena garatzea, horretarako behar diran trebetasunakaz eta gaitasunakaz, enpresa-proiektuak aurrera eroateko ezinbestekoak diran aldetik. Laburbilduz, profesionalen artean barrikuntza eta ekintzailetza sustatzea da helburua.


Programea

Programaren zuzendaritza eta tutoretza akademikoa Mondragon Unibersidadeak izango ditu. Izan be, hamar urte baino gehiagoko esperientzia dauka graduondoko prestakuntzan eta 20 titulu eskaintzen ditu. Esate baterako, igaz 454 ikasle ibili ziran unibersidadearen graduondokoetan eta hirugarren zikloan. Bestalde, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak esperientzia handia dauka zuzendariak trebatzen. Igaz, 700 zuzendari izan zituen prestakuntza-programetan.

Esangura horretan, diziplina anitzeko irakasle-taldea izango dabe: unibersidadeko irakasleak, aholkulari adituak eta enpresa-arloa hurretik ezagutzen daben esperientzia handiko enpresariak. Bestalde, metodologia alkarreragilea erabiliko dabe, ikasleen partaidetzea bultzatuko baita, protagonistak izan daitezan. Proiektuak banaka eta taldeka landuko dira, partaideen artean lankidetza eta bateratze-lana sustatzeko.

Masterrean 20 profesionalek parte hartu ahal izango dabe, unibersidade tituludunak eta, gitxienez, bost urteko esperientziadunak. Masterrak lau atal nagusi izango ditu. Lehen atala, 'Inguruaren eta Enpresaren Azterketea' izango da eta estrategia, marketin, finantza, giza baliabide eta eragiketen arloak aztertuko dira.

Bigarren atala 'Zuzendaritzarako eta Buruzagitzarako Trebetasunak' deiturikoa da. Bertan, hiru eguneko bi egonaldi antolatuko dira, etorkizuneko buruzagiek izan behar dituen gaitasunak jorratzeko. Hirugarrenik 'Nazinoarteko Testuingurua'; partaideek aukerea izango dabe astebeterako hazten ari dan herrialde batera joateko, bertako errealidadea ezagutzeko, eta holan, prestakuntza eta enpresa-esperientzietako ezagutzak bateratuko ditue.

Azkenik, laugarren atala 'Master Amaierako Proiektua' da. Partaideak erabili eta finkatu egin beharko dau aurreko faseetan ikasitakoa. Bakotxak bere proiektua aurkeztu beharko dau, banaka, eta irakasle baten tutoretzea izango dau. Ikasleak aurkeztu eta defendidu egin beharko dau proiektua.

Masterra Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren egoitzan emongo da, Donostian, bariku arratsaldetan eta larunbat goizetan, eta 2009ko urriaren 16an hasi eta 2010eko bagilaren 26an amaituko da. Master Amaierako Proiektuak abenduan defendiduko ditue. Masterrak 12.750 euroko kostua dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu