'Egunean bi baso ardao edateak gibeleko koipea gitxitzen laguntzen dau'
2009-05-12 17:45 Jan edanakElizabeth Hijona Muruamendiaraz (Lazkao, 1981) EHUko Biokimikako lizentziadunak eta Dietetika eta Elikaduran espezializatuak bere ikerketa batean ondorioztatu dau egunean bi baso ardao edateak gibeleko koipea gitxitzen laguntzen dauela.
Elizabeth Hijona Muruamendiaraz (Lazkao, 1981) EHUko Biokimikako lizentziadunak eta Dietetika eta Elikaduran espezializatuak bere ikerketa batean ondorioztatu dau egunean bi baso ardao edateak gibeleko koipea gitxitzen laguntzen dauela.
EHUko ikertzaileak esteatosi sinple ez alkoholikoa daben arratoietan erresberatrolak (ardaoan eta zenbait frutatan dagoan landare-jatorriko molekula batek) dauen eragina aztertu dau. Gaixotasun hori gibelean koipea metatzean sortzen da, metatzea alkoholaren ondorioa ez danean.
Hijonaren tesiaren izenburua da 'Erresberatrolaren eragina gibel-esteatosi sinple ez alkoholikoan, murinoen subfamiliako eredu batean'. Tesiaren zuzendaria Luis Bujanda Fernandez de Pierola izan da, EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultadeko Fisiologia sailekoa. Gaur egun, Elizabeth Hijona ikertzaile-lanetan dabil Donostia Ospitaleko Digestino Aparatuaren lerroan.
Erresberatrola antioxidatzailea da, eta hainbat landaretan dago, esaterako, mahatsean, intxaurretan edota kakahueteetan. Tesiaren helburua izan da erresberatrolak arratoietan esteatosia arintzen dauen aztertzea.
Horretarako, arratoien hiru talde aztertu dira. Lehenengoak, kontrol-taldeak, jateko eta edateko askatasuna izan dau. Bigarren taldeko arratoiek esteatosia dabe, eta karbohidrato askoko eta lipidorik bako dieta bat izan dabe; gainera, baraualdiak izan ditue. Azken taldeko arratoiek eta dietak bigarren taldekoen ezaugarri berak ditue, baina egunero hamar miligramo erresberatrol emon jakez talde horretako arratoiei.
Lau asteren ostean, hiru taldeetako arratoien gibel eta odol-laginak aztertu dira. Holan, ikertzaileak ikusi dau hirugarren taldeko arratoiek, hau da, erresberatrola hartu dabenek, koipearen infiltrazino txikiagoa dabela gibelean, bigarren taldeko arratoiek baino.
Analisi horren eta beste batzuen ondoren, ikertzaileak ondorioztatu dau erresberatrolak esteatosiaren larritasuna arintzen dauela arratoietan. Izan be, kaltetutako gibel-zelulen portzentajea askoz txikiagoa da erresberatrola hartu daben animalietan hartu ez daben animalietan baino.
Zelulen oxidazinoa
Elizabeth Hijonak ikusi dau arratoiei erresberatrola emoten jakenean, oxidazinoa bultzatzen daben substantzien produkzinoa murriztu egiten dala. Alderantziz, gibelaren oxidazinoaren kontrako substantzia naturalak hobeto mantentzen dira. Horregaitik, ikertzaileak ondorioztatu dau erresberatrolak oxidazinoa bultzatzen daben eta murrizten daben substantzien arteko orekeari eusten laguntzen dauela.
Azkenik, erresberatrola hartzeak gibeleko Kupffer zelulen kopurua murrizten dau (zelula horreek gibeleko esteatosi ez alkoholikoaren eboluzinoagaz zerikusia dabe). Beraz, erresberatrolak fibrosia lako gibeleko gatxak ebitetan lagundu leike.
Ikertzailearen ustez, tesiaren ondorioek elikadura-ohiturakaz adi ibili behar dogula adierazoten dabe. Izan be, baraualdiak aldatzen badira, dieta karbohidratoetan aberatsa egiten dan bitartean, gibeleko alterazio larriak eragin daitekez. Erresberatrola lako antioxidatzaile naturalak hartzeak (bi baso ardao egunean, berbarako) gibeleko koipea nabarmen gitxitzen laguntzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!