Iñigo Muguruza: 'Gure musikea leuntzen joan da, gu zahartu ahala'

Karolina Almagia 2009-05-11 12:34   Barriketan
Musikagilea, sortzailea...

Hogeitabost bat urte emon ditu Iñigo Muguruzak (Irun, 1964) musikagintzan, Kortatun hasita, ondoren Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta gaur egungo Sagarroi taldeetan, besteak beste. Mundu osoan ibili da kontzertuak emoten eta mota guztietako bizipenak izan ditu musikearen inguruan. Edozelan be, musikea ez da bere zaletasun bakarra, Iñigo zinezale amorratua baita eta antzerkia eta literaturea be gustoko ditu. Izan be, baxujole gipuzkoar hau beti dabil egitasmo barriren bat hausnartzen. Azkena 'Haikua' diskoa izan da, Sagarroi taldearen bosgarrena eta autoprodukzinoan emona. Oso ekimen bitxia da, olerki japoniar laburren inguruan eregia, eta musika soila, sonoridade akustikoa eta mezu zuzenak dituana. Miren Gaztañagaren abotsak eta Asier Ituarteren tronboiak epeltasun berezia emoten deutse. Dana, oso bestelakoa Sagarroiren hasierako soinuakaz alderatua.

Orain dala gitxi, Enkarterriko Gueñesen eukan bizilekua itxi dau Iñigo Muguruzak eta bere jatorrizko herrira, Irunera bueltau da, emaztea eta bi alaba txikiakaz batera. Baina datozen asteetan ez da luze geldituko herrian, disko barriaren aurkezpen biran sartuta dago eta. Katalunia, Madril eta Paris izango dira gipuzkoarrarentzat hurrengo geltokiak.


1. Hamar urte beteko dira laster Sagarroi taldea jaio zanetik. Atzera begira, zelako sentipenak eta bizipenak jatortzuz burura?

Bizipen asko izan dira. Hasieratik bira asko egin dogu, bost disko izan dira... Atzera begira, esango neuke ez dala bardina hasierako Sagarroi eta oraingoa. Sagarroi, kasete batean kanta batzuk grabauta neukazalako jaio zan eta Joxe Ripiaurenak baino rockeroagoak ziran. Abesti horreek zeozelan zabaltzeko eta nire alde rockeroa jorratzeko Sagarroi sortu neban. Dana dala, musika hori leuntzen joan da, gu zahartu ahala.


2. Egia da hori. Hardcore egiten hasi zinien eta orain disko akustiko eta nahiko lasai bategaz zatoze. Zer jazo da urte honeetan?

Gauza asko. Bateriajoleari asko gustetan jako musika kubatarra, beste batek reggea-muffina entzun ohi dau, gero tronpetista bat sartu zan taldera, beranduago Miren Gaztañaga kantaria etorri jakun... Lehenengo egunean batek galdetu euskun ia gure hurrengo diskoa musika elektronikoz osotua izango ete zan (barreak). Batek daki non eta zer egiten amaituko dogun.


3. Bosgarren disko honek haikuen estrukturea jarraitzen dau. Hori bai erronkea. Zelan okurridu jatzuen?

Egia esan, ez dot oso ondo gogoratzen zelan hasi zan egitasmoa. Aspalditik irakurten nituan nik haikuak gazteleraz. Poesia gustetan jat, nahiz eta eleberria gehiago irakurten dodan. Haikuak, metrika laburreko japoniar olerkiak gustoko ditut, batez be, sintesi lan handiko poemak diralako. Oso erakargarria da hori niretzako. Berba gitxitan asko esatea, hori erronka handia da. Haikuetan 17 silabetan -5, 7, 5- adierazo behar dozu adierazo nahi dozuna.


4. Zelakoa izan da prozesua?

Karmele Jaiogaz hartu-emonetan jarri ginan eta berak egin euskun diskoaren letra erdia. Musika aldetik haikuaren lautasun kontzeptua gordeten saiatu ginan, kantak nota gitxigaz osotuz.


5. Musikeari jagokonez, Jose Ripiauren soinutik ez dago hain urrun disko hau.

Ez, ez dago hain urrun. Batzuek esan deustie Jabier anaiaren musikatik be hur dagoala.


6. Letretan zelako gaiak topauko doguz?

Tradizinoari erreparau ezkero, haikuak natura, emozinoa eta sentimenduak jorratzen ditu. Gurean ausentziaz eta urtaroaz berba egiten da, baina baita elemento urbano batzuei buruz be.


7. Zure zine zaletasuna askotan nabaria da diskoetan be. Honetan be ba al dago erreferentziarik?

Bai, Isabel Coixeten 'Cosas que nunca te dije' filmaren zati bat ostu eta diskoan sartu nahi izan dogu.


8. Ze eragin dauka zineak zure musikagintzan?

Eragin handia dauka. Oso zinezalea naz eta nire bizitzako arlo desbardinetan be eragin handia dauka zineak. Egon nazen talde guztietan hartu-emon handiak egon dira egiten genduan musika eta gustetan jakuzan filmeen artean. Kortatu taldetik hasita, nire anaia Fermin be oso zinezalea baita, eta Negu Gorriak taldean be nabaria izan da eragin hori.


9. Izan be, musikagile, sortzaile izateaz gan, film laburrak be egin izan dozuz...

Bai, pare bat eginda daukadaz, baina orain zinegintzea guztiz baztertuta daukat. Konplikatua da mundu hori, dirua lortu behar da, produkzino lanak egin eta lan hori guztia sano neketsua da. 'Berandu da oraindik' film laburra filmetako zailtasun handiak izan nituan. Ez dakit nork esan eban ez zala sekula filmau behar ume eta animaliakaz eta nik konprobau ahal izan neban hori egia borobila dala. Hiru urteko ume bat izan genduan protagonista eta oso konplikatua egin jakun errodajea, umea foko eta kameren artean bildurtu egiten zalako eta ez ebalako grabazinorik onartzen.


10. Antzerkigintzan be esperientziaren bat edo beste izan dozu...

Antzezlan bat zuzendu neban, 'Ezekiel', Ander Lipus eta Miren Gaztañagaren parte-hartzeagaz. Guk egiten genduan musikea zuzenean. Oso esperientzia aberasgarria izan zan. Oso desbardina da zineagaz alderatua eta baita kontzertuakaz be, jakina.


11. Ipuin bat idatzita daukazu. Literatureagaz jarraitzeko asmorik badozu?

Ez, egia esan. Amak animetan nau segidu daidan, baina ni ez nago bape animauta, momentuz behintzat. Ipuin handia daukat nik etxean bi alaba txikiakaz eta eurekaz amaitzen dodanean ez dot gogorik izaten beste ezer egiteko. Umeak daukazunean uko egin behar deutsezu gauza askori, eskerrak aldi berean konpensazino asko emoten deutsuela...


12. Enkarterrin luzaroan bizi ostean, barriro Irunen kokatu zara. Zer moduz daroazu aldaketea?

Oso ondo. Erabagia hartzeko arrazoi nagusia umeak izan dira. Gueñesen bizi ginan eta konturatu ginan hurrengo urteak taxistarena egiten pasauko genduzala. Irunen, barriz, lagunak daukaguz, hondartza ondoan dago... oso gustora gagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu