Eneko Barrutia: ‘Bizkaiko gizartean txertatzeko, bizkaieraz irakastea egokia da'

Bizkaie! 2009-05-05 11:49   Euskerea berbagai

Maiatzaren 8an eta 9an, ‘Transmisinoa eta erabilerea’, Mendebalde Kultur Alkartearen XIII. Jardunaldiak egingo dira Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eneko Barrutia, Mendebalde Kultura Alkarteko zuzendariak emon deuskuz zehetasun guztiak.

Maiatzaren 8an eta 9an, ‘Transmisinoa eta erabilerea’, Mendebalde Kultur Alkartearen XIII. Jardunaldiak egingo dira Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eneko Barrutia, Mendebalde Kultura Alkarteko zuzendariak emon deuskuz zehetasun guztiak.

1.- ‘Transmisinoa eta erabilerea’ gaia aukeratu dozue aurtengo jardunaldietarako. Zergaitik?

Jardunaldiak antolatzen daroaguzan hamahiru urteetan ez dogu sekula gai hau aztertu eta toketan izan jako, euskerearen soziolinguistikea. Zelan transmitiduten dan: etxean, eskolan, inguru euskaldunetan, iguru erdaldunetan; eta zenbat erabilten dan: nortzuk, non eta zelan egiten daben euskeraz. Gai interesgarria eretxi deutso alkarteak.


2.- Oinarri-oinarrizkoak biak benetako normalizazinoa gura badogu. Edozelan be, erabilerea suspertzeko ba al dago botikarik?

Behar asko egitea botika ona izango da, seguru. Behar asko egin arren, modu eraginkorrak topau beharko dira, kanpaina egokiak, luzarorako plangintzak, eskolan, lantegietan, dendetan, jaietan... bizitzako arlo guztietan.

Jardunaldietan adituak eukiko doguz eta era guztietako eretxiak euki gura doguz, dagozanak. Batzuk baikorragoak izango dira, beste batzuk ezkorragoak. Adituai entzun beharko deutsegu lehenengo, baita entzuleen arteko adituai be, irakasleak, itzultzaileak, euskaltzaleak egongo dira entzule eta danok daukagu zeresana behar horretan, euskerea suspertzen eta gure inguruan bultzatzen.


3.- Transmisinoarena ‘bermatuta’ ete dago? Ba al dago transmisinoa bermatzerik? Euskera bizia, etxekoa, herrikoa trasmitidutea gurasoon lana da baina horrek eskolan jarraipenik ez badauka…

Jarraipena eukitea da normalena edozein hizkuntzatan eta jarraipena emotea lortu behar dogu. Bizkaian bizkaieraz polito dabilz ikastola batzuk eta eskertutekoa da gure euskalkiaren alde egunero egiten daben beharra. Umeak etxeko eredua daukanean, eta eredu hori bizkaiera danean, ez dago etenik etxeko eta eskolako hizkuntzen artean. Umeak etxeko eredurik ez daukanean be, Bizkaiko gizartean txertatzeko, bizkaieraz irakastea egokia da.

Gure gizartean eskolea edo irakaskuntzea bihurtu da askotan euskalduntze masiboaren motorra, zalantza barik ondo jagoteko arloa da.


4.- Hiru ekitalditan banatu dozuez jardunaldiak: ‘Euskaldunak zenbat?’, ‘Euskaldunak zelakoak?’ eta ‘Norbere euskereari eutsi’. Euskaldunak gero eta gehiago garela erakutsi dau oraintsuko ikerlan batek eta zelakoak garen galdereari esaera zahar batek erantzuten deutso bikain: ‘Zenbat buru hainbat aburu’. Edozelan be, batuaren eremuan, zeintzuk dira norbere euskereari eusteko arrazoiak?

Arlo batzutarako hizkuntza estandarra edo batua darabilgu eta beste batzutarako euskalkia. Euskalkia, normala dan moduan, hurrago dago etxeko girotik, lagunartekotik, hizkera afektibotik. Estandarra hurrago dago eredu formalagoetatik. Kontua da guk maila formaletan be, non eta zelan, batua eta bizkaierea, biak erabilten doguzala. Beste euskalki batzutan beharbada ez dabe ikusten horretarako beharrizanik, batutik euren hizkerara dagoan aldea txikiagoa da eta.

Batua ulertzeko modua be ez da beti bat, batua egin arren bakotxak bere lexikoa, esakerak, egiturak.. erabili leikez. Estandarrean jenteak pentsetan daben edo errealidadean ikusten dan baino aukera gehiago egin leitekez, eta hori batuarentzat berarentzat aberasgarria da.


5.- Aurten be hizlari partida ederra batu dozue. Berbaldiren bat nabarmentzekotan?

Ez dakit ba zer esan. Sinistuidazu esaten badeutsut danak interesgarriak izango dirala, eta danen artean puzlea osotzen lagunduko dabela. Iñaki Martinez de Lunak eta Iziar Basterretxeak adituen ikuspegia emongo deuskue eta gaia ondo kokatuko deuskue. Iñaki Gamindek eta Kike Amonarrizek gazteen eta gure gizarteko tribuen hizkerak aztertuko dabez. Mattin Irigoienek Iparraldeko barri emongo deusku. Estepan Plazaolak Bergara aldean egiten dituen ekimen interesgarriak azalduko deuskuz. Juan Zorrillak eta Alberto Mardonesek Enkarterrietako institutuetan euskerea sustatzeko plangitzak dakarskuez. Amaitzeko mahai-inguruan Juan Manuel Etxebarriak ikuspegi pertsonala emongo deusku, berak umetatik ezagutu dauen Zeberio zelan aldatu dan. Akaitze Kamiruagak eta Fredi Paiak Labayru Ikastegiaren lanen barri emongo deuskue eta Estibaliz Amorrortuk AEBetako Boiseko esperientzia dakarsku. Uste dogu egitaraua nahiko zabala dala eta ikuspegi orokorra emongo dala.


6.- Luis Baraizarra omenduko dozue aurtengo jardunaldiotan. 1940an Meñakan jaioa, karmeldarra, euskal filologian lizentziatua, aldizkari ugaritako kolaboratzaile, hiztegigilea, idazlea, itzultzailea…. Zer nabarmenduko zeunke Baraiazarra jn.aren ibilbidean?

Luis Baraiazarra karmeldarra intelektual euskaltzalea da, jakintza eta ekintza era militantean josten jakin izan dauena. Eleiz ikasketetako, magisteritzako eta euskal filologiako tituluduna izatean, batetik, pentsaera unibertsaleko ekarpena egin dau euskal letretan eta, bestetik, euskal kulturako ondarea landu dau, batez be hizkuntzalaritzan. Bestalde, herrigintzan jardunik, frankismoko azken hamarkadan Markina-Xemeineko berbizkunde kulturaleko gidari eta erreferente nagusietarikoa da, bai ikastolaren sorreran, baita alfabetatzean, nahiz herri mogimenduetan zein karmeldarren ordenan barruan.

Liburugintzan dana ezin aitatu dogunez, honeexek zerrendatuko dodaz: Adorez hiztegietako ikerlan neurtezina -taldean-, Jon Lopategi, bertsozko mezularia biografia, Teresa Lisieux-ekoaren Idazlan guztiak -lankidetzan-, Vatikano II.Kontzilio Ekumenikoa-ren itzulpen itzelezkoa eta Frai Bartolome Santa Teresaren Idazlan Guztiak-en edizino kritikoa, eta zelan ez, 'Nire umetako Meñaka' autobiografikoa eta 'Nire sasoiko Markina-Xemein' autobiografiko-entziklopedikoa.

Euskaltzaindian Hiztegi Batuko batzordekoa eta gramatika batzordeko kidea be bada.

Azken buruan, baina, Luis Baraiazarra idazlea da, estilo zainduko eskritorea, erpak gordez xeratsu agertu daitekeena nahiz luma zorrotzez eztena sartzen dakiana; bizkaieran uger dakiana eta euskara batuan igeri egiten dauena. Horregatik eta linguistikako ezagutzakaitik Kili-kilin hasirik eleizako, hiztegintzako, bertsolaritzako munduetan aholkuak, zuzenketan eta orrazketak amai barik burutzen dituana.


7.- Edozeinek parte hartu leike Mendebalderen jardunaldiotan?

Binke! Gai honeek gustau ezkero, hitzaldi polit batzuk Bilbo erdian, lagunartean entzuteko gogoa euki ezkero, zer hobarik? Etorri daitela jentea bildur barik, sartu daitela www.mendebalde.com helbidean edo beste barik etorri daitela barikuan arrastiko lauretan Euskaltzaindiko egoitzara, gustura geratuko da eta. Edozelan be, matrikulea egiteko epea maiatzaren 7an amaituko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu