'Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak' ikerketearen emoitzak aurkeztu ditu Unesco Etxeak

Bizkaie! 2009-04-30 11:59   Euskerea berbagai

Euskerearen munduagazko balorazino positiboa egin dau gehiengoak eta hobeto ezagutzeko interesa erakutsi dau; % 55,5ek euskerearen mundutik hur sentiduten dirala esan dabe, eta % 24,9k zeozelako interesa dabela; ostera, euskereagazko interesik ez daukiela adierazo daben lagunak % 10era ez dira heltzen.

Unesco Etxeako eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako Amarauna ikerlari-taldeak Erdaldunen euskereagazko aurreretxiak eta jarrerak izeneko ikerketea egin dau Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak eskatuta. Lanaren helburu nagusiak bi dira: batetik, erdaldunen euskereagazko uste eta jarrerak zeintzuk diran eta elebitasunerako mesedegarri eta oztopotzaile diran aurreretxiak arakatzea; bestetik, jarrerok euskaldunak ez diran EAEko 18-55 urte bitarteko biztanlerian zein maiztasunagaz agiri diran atzemotea.

Datuak batzek metodo bi erabili dira. Eztabaida-taldeen bidez, lagun-taldekideek dituen euskereagazko uste, jarrera, sentipen eta esperientziak jaso dira. Holan, ideia askotarikoak, konplexuak eta aberatsak batu dira; batzuk euskerearen aldekoagoak, beste batzuk kritikoagoak. Bereziki interesgarriak izan dira jarrera konplexuak, epelak, kontraesankorrak, matizatuak erakusten dituen ideiak, hau da, euskerearen kontra ez egonik, bere sustapenari mugak ipintzen jakozanean, edo atxikimendu matizatua erakusten danean. Azken jarrera horreei 'bai-bainakoak' deitu jake.

Azterketa kuantitatiboa egiteko erabilitako galde-sorta azterketa kualitatiboaren emoitzen ondorioz diseinau da: edukia eztabaidetan agerturiko ideietatik aukeratu da eta galderen formulazinorako partaideen berbalizazinoak eurak erabili dira.

Liburuak ikerketa osoaren emoitzak dakarz atal bitan banatuta: batetik, ikerketa kualitatiboan jasotako ideia guztiak, gaiaren arabera antolatuta eta, bestetik, galde-sortaren emoitza kuantitatiboak. Gainera, liburuan zehar garatzen diran gaiakaz lotutako hausnarketak eskaintzen dira, baita eztabaidetan agertu diran partaideen hainbat aitamen be.


Hona hemen, ikerketan agertu diran ideia batzuk

* Ikerketako partaide asko 'bi munduko egoeran' bizi dira, hau da, ez dira sartu euskereagaz lotuta dagoan munduan. Halan da be, euskerearen munduagazko balorazino positiboa egin dau gehiengoak eta hobeto ezagutzeko interesa erakutsi dau; % 55,5ek euskerearen mundutik hur sentiduten dirala esan dabe, eta % 24,9k zeozelako interesa dabela; ostera, euskereagazko interesik ez daukiela adierazo daben lagunak % 10era ez dira heltzen.

* Euskerearen normalizazinorako konpromisoa beharrezkoa dala orokortua dago: partaide gehienek argi dabe euskerea 'gure' erantzunkizuna dala. Bestalde, etorkizuna oso modu desbardinean atzemon da: partaide batzuk ezkorrak dira, euskerea normaltzeko zenbat falta dan ikusita; beste batzuek, barriz, etorkizun oparoa ikusten deutse. Azken horreen artean zabal dabil 'arrosa koloreko etorkizuna' deitu jakon gehiegizko baikortasuna; hau da, euskerea eskolan, ume-garaian, 'guztiek" ikasten dabenez eta erakunde publikoen laguntzinoa dauenez, arriskurik ez dagoala pentsetea.

* Euskerea ikasteko ahaleginak: deigarria da erdaldun asko (ikerketa kuantitatiboko % 65,70) bere bizitzaren momenturen baten euskerea ikasten saiatu dala. Gainera, erdia baino gehiagok euskerea ikastea gustauko litxakiola adierazo dau. Hiru oztopo-mota aitatu dira: hizkuntza gatxa dala eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dala pentsetea; euskerea ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dala pentsetea eta horretarako denporarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra 'bikain' ikastea eta azterketa bat gainditzea dala uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoala pentsetan da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanakaz laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo 'pixka bat' berba egiteko.

* Euskararen sustapena dala eta, non dago adostasun-maila? Oso adostasun altua dago ondoko baieztapenetan, danak orokorrak izanik: 'ezin da euskerea galtzen itxi', 'ados nago euskerea bultzatzeagaz' edo 'euskerea errespetatu behar da'. Gainera, gehienak prest agertu dira beren seme-alabek euskerea ikas deien ahalegintzeko, euskera apur bat ikasteko seme-alabei etxeko lanakaz laguntzeko, bai seme-alabek egiten dituen jardueren testuinguruan euskerea ikasteko ahalegina egiteko. Garbi esanda, seme-alabakaz zerikusia dauen gutzia oso motibagarria da euskerara hurreratatzeko. Baina, normalizazino-neurri zehatzei jagokenez, adostasun-maila desbardina dago neurri batetik bestera eta erantzule batetik bestera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu