Kide kooperatibeak Indiako lantegia inaugurau dau
2009-04-28 18:04 Euskaldunak munduanKide kooperatibeak 2008an 25 miloe euro baino gehiago fakturau eban, eta panel eta ate isolatzaileak produziduten ditu, baita hotz-ekipamendu komertzialak be. Horrezaz gan, liderra da Espainian nekazaritza-elikadurako hotz-kameren sektorean. Frantzian eta Portugalen filialak daukaz, eta orain nazinoartekotze proiektu handinahi batean sartuta dago.
Kide kooperatibeak Indiako RCS Kide PVTY filiala inaugurau eban atzo, Mumbay uriburu dauen Maharashtra estaduko Pune urian, kooperatibako arduradunek jakinarazo dabenez. Kide Mondragon korporazinoan sartuta dago eta Berriatuan (Bizkaia) dauka egoitzea.
RCS Kide PVTY 'joint-venture' bat da, eta partaidetzearen % 51 Kiderena berarena da, eta ganerako % 49 Indiako RCS Roots Cooling kidearena. Pune uriko instalazinoetan hotz-kameretarako panel eta ate isolatzaileak fabrikatzen hasi da, eta hozketa komertzialerako eta industrialerako ekipamenduak merkaturatzen hasi da, Indian kalidadeko hotz-kameren merkatuan liderra izateko helburuagaz.
Hasierako langile taldea 15 personek osotzen dabe, eta urtearen amaieran 20 izatea espero da. 2009ko lehenengo ekitaldian fakturazinoa bost miloe euro inguru izatea aurreikusi da, jarduera eremutzat India eta inguruko herrialdeak harturik.
Puneko lantegia, egun, alokatutako pabilioi batean dago, eta Kidek espero dau 20 hilebetez bertan behar egitea. Denpora horretan zehar RCS Kide PVTY lantegia eregiko da, behin betikoa, Mondragon India industrialdean, hain zuzen be alokatutako behin-behineko planta horren ondoan, Maharashtra estaduan.
Behin betiko lantegia 40.000 metro koadro erabilgarriko lursail zabal batean kokatuko da. Bertan, hasieran, Kidek 8.000 metro koadroko produkzino lantegi bat eregiko dau, eta hurrengo urteetan zabalkundeak egiteko aukerea kontuan hartu da. Aurreikuspenaren arabera, lantegia 2010eko azken hiruhilekoan jarriko da martxan, eta ekitaldi horretan espero da fakturazinoa zortzi miloe eurora heltzea, lan taldean 40 langile izanik.
Kide kooperatibeak 2008an 25 miloe euro baino gehiago fakturau eban, eta panel eta ate isolatzaileak produziduten ditu, baita hotz-ekipamendu komertzialak be. Horrezaz gan, liderra da Espainian nekazaritza-elikadurako hotz-kameren sektorean. Frantzian eta Portugalen filialak daukaz, eta orain nazinoartekotze proiektu handinahi batean sartuta dago, merkatuak dibersifiketako helburuagaz salmentei, produkzinoari, aliantzei eta erosketei jagokenez.
Nazinoartekotzeko prozesu horren barruan, Indiako filial horrezaz gan, Kidek Txinan be beste produkzino planta bat dauka, Jiaxing urian, hain zuzen, igaz hasi zana martxan: hozte komertzial eta industrialerako ekipamenduak egin eta merkaturatzen ditu, Txinako eta, oro har, Asiako merkatuetara zuzenduta. Plantillan 12 lagun dagoz, eta aurten bi miloe euro fakturetea espero dau.
Indiako eta Txinako proiektu horreekaz, Berriatuako kooperatibak sendotu egin nahi dau potentzial handia eta hazkunde nabarmena daben nazinoarteko merkatuetan dauen presentzia. Helburu horregaz, nazinoartean kokatzeko beste aukera batzuk aztertzen jarraitzen dau, batez be merkatu latinoamerikarrean, eta asmoa datorren hirurtekoan gauzatzea espero dau.
Kide izan zan estaduan bere sektoreko lehen enpresa esportetan hasi zana. Konpainiak gaur egun Portugalen, Frantzian eta Espainiako hainbat aldetan ditu ordezkaritzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!