Kontseiluak, egoerea edozein izanda be, normalizazinoan pauso bat harago joateko konpromisoa berretsi dau

Bizkaie! 2009-04-27 14:18   Euskerea berbagai

'EAEn emongo dan gobernu aldaketeari begira, argi itxi nahi dogu, guk, normalizazinoan aurrera pausoak emoteko helburu argia dogula eta sortzen dan egoerea edozein dala be, geureari eutsiko deutsagu, atzera pausorik onartu barik' adierazo dau Xabier Mendigurenek.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko batzarra egin dau Araban, Agurainen, hain zuzen be. Bertan, Kontseilua osotzen daben 45 bazkideen hainbat ordezkari batu dira. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu dauenez, 'bizi dogun egoerea edozein izanda be, bidean topetan doguzan oztopoei aurre egin eta 10. urteurrenaren testuinguruan azaldutako ‘pauso bat harago’ leloa irudikatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dogu. Gure helburua, euskerearen normalizazinoa lortu bitartean, hamar urte honeetan egindako moduan, lanean jarraitzea da', adierazo dau.

Urteko batzarrean, Kontseilua osotzen daben bazkideek 2008ko balorazinoa egin dabe eta 2009an garatuko diran arloak be adostu ditue. 10. urteurrenaren testuinguruan, milaka lagunek egin eben bat Kontseiluagaz eta honek proposatutako bideagaz, antolatutako ekimen desbardinetan parte hartuz, BEC-en egindako ekitaldian batez be.

Normalizazinoan pauso bat harago egitearen beharra eta nahia adierazteagaz batera, Xabier Mendigurenek argi itxi gura izan dau Kontseiluak ez dauela atzera pausorik onartuko. EAEko hauteskundeen ostean gobernuan egongo dan aldaketeari be erreferentzia egin deutso Mendigurenek: 'EAEn emongo dan gobernu aldaketeari begira, argi itxi nahi dogu, guk, normalizazinoan aurrera pausoak emoteko helburu argia dogula eta sortzen dan egoerea edozein dala be, geureari eutsiko deutsagu, atzera pausorik onartu barik'. Bide horretan, Kontseiluak lehendakari barriari bilerea egiteko eskaerea egingo deutsola azaldu dau idazkari nagusiak, 'gure asmoak aurrez aurre azaltzeko'.

Koldo Tellituk, Kontseiluaren lehendakariak, barriz, Kontseiluak barrura begira gauzatuko dauen gogoetearen barri emon dau: '10. urteurrenaren testuinguruan, ez doguz bakarrik kanpora begirako egitasmoak gauzatu. Momentu egokia begitandu jaku barrura begira be hausnarketea egiteko. Holan bada, Kontseilua osotzen dogun estamentu guztiak gogoetea egiten ari gara. Alde batetik, orain arte egindako lanaren eta lortutako emoitzen inguruan egin dogu gogoetea eta aurrera begira be jarri gara. Egoerak eta testuinguruak aldatzen diranez, ezinbestekoa da gurea lako erakunde batentzat garai barrietara egokitzea. Beti be, gure helburua lortzeko bidean eraginkorragoak izateko asmoz', adierazo dau. Kontseiluak aurrerago emongo dauela aitatutako gogoetearen barri argitu dau Tellituk.


Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua osotzen daben bazkideen zerrendea:

AEK, Antzerki Talde Amateurren Alkartea, Argia, Artez Euskara Zerbitzua, Berria, Egan – Euskal Herriaren Adiskideen Alkartea, Elhuyar Aholkularitza, Elhuyar Fundazinoa, Elkar, Emun, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Euskal Herriko Bertsozale Alkartea, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoa, Euskal Idazleen Alkartea (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea (EIZIE), Euskal KonfederaziNoa, Euskalan, Euskal Kristau Eskola, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Eusko Ikaskuntza, Gaiak, Gerediaga Alkartea, Goierriko Euskal Eskola Kultur Alkartea, Hau Pittu Hau, Hik Hasi, Hitzez Euskaltegia, iBerba Euskara Zerbitzua, IKA, Ikerfolk, Ilazki Euskaltegia, Jakin, Karmel, Maizpide Euskaltegia, Mendebalde Kultura Alkartea, Oinarriak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE), Sortzen-Ikasbatuaz, Topagunea - Euskara Alkarteen Federazinoa, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea (UEMA), Udako Euskal Unibersidadea (UEU), Udal Euskaltegietako Langileak, Unibersidadeko Euskal Irakasleen Alkartea (EIRE) eta Urrats Euskaltegia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu