Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainea jarri dau martxan Topaguneak

Bizkaie! 2009-04-22 15:12   Euskerea berbagai

Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren hirugarren edizinoa aurkeztu dau Bilbon. Irakurketea sustatzeko asmoz sortu dan egitasmoa Hego Euskal Herriko 21 herritan egingo da, lekuan lekuko euskera alkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden alkarlanari esker.

Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren hirugarren edizinoa aurkeztu dau Bilbon. Prentsaurrekoan, Manuel Moreno (Topagunea), Ione Narbaiza (Durangoko Berbaro euskera alkarteko ordezkaria) eta Lutxo Egia (idazlea) egon dira.

Irakurketea sustatzeko asmoz sortu dan egitasmoa Hego Euskal Herriko 21 herritan egingo da, lekuan lekuko euskera alkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden alkarlanari esker. Kanpainearen izenak berak argi adierazoten dauenez, hiru pausu emon behar dira parte hartzeko:


1. Irakurri

Lehenengo pausua irakurtea da; euskeraz irakurtea, hain zuzen be. Herriko liburutegi publikora joan eta euskerazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpaineak irauten dauen bitartean, euskerazko liburua hartzen dauen bakotxak orri-markatzaile bat jasoko dau opari, ekimenean parte hartu zein ez. Horretarako, 25.000 markatzaile egin ditue.

Zein liburu aukeratu ez dakienentzat, adinaren arabera sailkatutako 90 liburu gomendatzen dituan 100 liburuko zerrenda bat egongo da eskuragarri. Zerrenda hori Uxue Alberdi idazleak preparau dau, liburutegitako arduradunek egindako proposamenak bateratuz. Oraingoan be, ehun liburuetatik 90 berberak izango dira leku guztietan, eta beste hamarrak aldatu egingo dira herri batetik bestera, lekuan lekuko interesen arabera.


2. Gozau

Liburua irakurri ostean, liburutegira bueltau eta fitxa bat bete beharko da: zein izan dan irakurritako liburua, gustau jakun ala ez... Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emongo deusku, berbatutako liburu-dendan erabilteko.


3. Oparitu

Azken pausua liburua oparitzea da. Liburutegian jasotako txartelagaz, % 25eko deskontua izango dogu liburu-dendan euskerazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa euskera alkarteren bateko kidea izan ezkero. Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskerazko irakurzaletasuna. Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diran bestelako helburuak be lortu gura ditu Topaguneak ekimen honen bidez: euskera alkarteetako bazkide diran euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea; eragile publiko eta pribaduen alkarlana sustatzea, euskeraz; eta euskerazko liburugintzeari ekarpena egitea, liburuen produkzinoa eta salmentea bultzatuz. Ione Narbaiza durangarra pozik agertu da euren aldetik egiten daben ekarpenagaz, izan be, 'joerea goranzkoa da'.

Egitasmoaren webgunean, www.topagunea.org/irakurri, irakurleak liburu bakotxaren inguruko iruzkin txiki bat topauko dau eta, ganera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak be badagoz.


Liburuaren Egunean jarriko da martxan

‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazinoarteko Egunean. Amaierea, barriz, garagarrilaren 24an izango dau. Honako euskara alkarte honeek parte hartuko dabe:

•Araban: Basalarrina (Laudio)
•Bizkaian: Bai Esan (Santurtzi), Berbots (Erandio), Asapala (Mahatserria), Berbaro (Durango), Euskal Birusa (Ermua), Euskarabila (Basauri), Gurien Bai (Iurreta), Uhagon (Markina), Eixu (Zaldibar) eta Berrizko Udala.
•Gipuzkoan: AED-Txatxilipurdi (Arrasate), Galtzaundi (Tolosa), Maxixatzen (Azkoitia), Zuhatza (Deba), Goierriko Euskal Eskola-Lazkao eta Hitzaro (Ordizia)
•Nafarroan: Aizpea (Irurtzun), Garean (Lizarra), Kima (Altsasu) eta Karrikaluze (Atarrabia)

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu