Basurtuko Ospitaleak, Arte Eder Museoak eta BBK-k Bilboko Urrezko Dominea jasoko dabe

Bizkaie! 2009-04-20 17:56

Erakunde horreek azken urteotan eskainitako aparteko zerbitzuak eta Bilboko gizartean lortu daben erreferentzialtasuna dira, besteak beste, 1929tik banatzen dan sari garrantzitsu honen irabazle izateko arrazoi nagusietako batzuk.

Bilboko Udalak Uriko Urrezko Dominak banatuko ditu bihar hilak 21, uriburuaren historian, ohituretan eta tradizinoan sakon errotuta dagozan hiru erakundeen artean: Basurtuko Ospitalea, Bilboko Arte Eder Museoa eta Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK). Erakunde horreek azken urteotan eskainitako aparteko zerbitzuak eta Bilboko gizartean lortu daben erreferentzialtasuna dira, besteak beste, 1929tik banatzen dan sari garrantzitsu honen irabazle izateko arrazoi nagusietako batzuk.

Basurtuko Ospitaleari jagokonez, Bilbok 1899tik ospitale-zerbitzua izan arren, Enrique Epalza arkitektoa eta Jose Carrasco Atxuriko Ospitaleko zuzendari medikoa Europako ospitale garrantzitsuenetara joan ziran, Bilboko garai haretako zentrorik modernoena izango zana eraikitzeko: Basurtuko Ospitalea.

Jose Mª Gurtubayk eta Casilda Iturrizarrek emondako dohaintzei esker finantzau zan proiektuaren kostua. Egitasmoaren zenbatekoa 4.733.671 pezetakoa izan zan, garai haretan Espainiako Estaduko aurrekontuaren % 1 edo Bizkaiko Labe Garaien gizarte-kapitalaren erdia.

Areilza doktoreak 1918an Basurtuko Ospitalea medikuntza-trebakuntzako zentro bihurtu nahi izan eban, eta horrek indarraldi osoa -baina laburra- lortu eban 1936an Autonomia Estatutua onetsita. Izan be, zemendiaren 17an unibersidadea sortzea aldarrikatu zan, baita Medikuntza Fakultadea berehala zabaltzea be. Horrezaz gan, irakaskuntza-jarduerea osotzeko, 1937an erizainen eskolea sortu zan.

Basurtuko Ospitalea 1992an sartu zan Osakidetzan, eta gaur egun Zaharbarritzeko 2. Gida-Planaren barruan dago. Horren ondorioz, zazpi operazino-gela, ospitaleratzerik bako kirurgia-unitatea 25 ohegaz, 15 tokiko ABU eta 40 oheko bizkorketa instalauko dira, Aztarain pabilioia zabaltzeari esker; ganera, ospitaleratze-unitateak zaharbarrituko dira eta arlo teknologikoa oro har modernizauko da.

Kontuak kontu, 35.000 paziente ospitaleratu, 52.000 eguneko ospitaleratze, 2.600 erditze, 630.000 kontsulta eta 150.000 urgentzia atendiduten dituan zentro bilbotarrak leku aitagarria dauka uriaren historian, batez be, medikuen, erizainen eta osasun arloko personalaren irakaskuntzan izandako eginkizunarengaitik, Bilboko eta Bizkaiko herritarrei emondako tratuaren kalidadea ahaztu barik.


Arte Eder Museoa

1908ko urriaren 5ean eratu ostean, Bilboko Arte Eder Museoak bere mendeurrena egin dau. Aitagarria da kudeaketa-ereduarengaitik, funtzionetako dauen malgutasunarengaitik, inguruko arteari etenbarik laguntzeagaitik eta bilduma iraunkor bikaina izateagatik Espainiako museorik garrantzitsuenetakoa dala, baita Bilboko gizartean sakon errotutako erakundea be.

Pinturen eta eskulturen bilduma zabalean XII. mendetik gaur egunera arteko piezak dagoz. Bildumea 1945ean sortu zan, gaur egungo eraikinaren atalik zaharrena eregi zanean. Ordura arte, bildumak bi erakundetan banatuta egon ziran: Arte Eder Museoa eta Arte Modernoaren Museoa. Momentu horretatik aurrera, biak bateratu egin ziran.

Museoa sortu eta garatzeagaz batera, Bilbon jazoera artistikoak izan ziran eta bildumeari mesede egin eutsien. Besteak beste, XIX. mendearen erdialdean artisten euskal eskolea sortu zan, eta horretan artisten ondoz ondoko belaunaldiak sortu ziran -adibidez, Eduardo Zamacois, Ignacio Zuloaga eta Eduardo Chillida-, Manuel Losadaren eta Aurelio Artetaren zuzendaritzea ahaztu barik, besteak beste, Gauguin, Picasso eta Matisseren lagunak. Horri guztiari esker, punta-puntako egileen lana Bilbora hurreratu eta maila bikaineko bildumea sortu zan.

Arte Eder Museoa industrializazinoan sortutako tokiko burgesia garrantzitsuaren barruan eratu zan, ekimen pribatuari esker -artistak buru zirala-. Museoa erakunde bitxia da eta historia osoan mota guztietako gorabeherak izan ditu; aldi loriatsuak eta aldi ilunak, esku-hartze heroikoak eta erresistentzia-aldiak.

Erakundearen bizitza konplexua da azken urteetan, kulturea zabaltzeko eginkizuna dauelako eta aldi baterako erakusketak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatzen ditualako. Alderdi horreei guztiei esker, Arte Eder Museoa dinamismoz betetako lekua bihurtu da.


BBK

Bere garaian benetako utopia zana garatzeko sortu zan -lukurreriarik bako kreditu-establezimendua sortzea-. Caja de Ahorros de Bilbao izenekoak 1907ko zezeilaren 3an enpresa-egiturea sortu eban gizarte-beharrizanei aurre egiteko. Kudeaketa-eredu horretan, erakundeek, udalerriek eta bezeroek erabagiak alkarregaz hartzen zituen, premisa bakar bat oinarri izanda: aurreztea.

Orain ehun urte Bilbon 14 establezimenduk efektuen eta bitxien gaineko maileguak emoten zituen % 75eko interesagaz; horrek milaka persona egoera estura eta miseriaren mugara eroan zituan. Halan da be, kutxa sortzea proponidu ebenen esku-hartzeak, Gregorio Balparda Bilboko orduko alkatea buru zala, ondorio garrantzitsuak izan zituan orduko etxeko ekonomiarako.

Fundatzaileek orduan ez eben pentsau enpresa horrek Bilbon eta Bizkaian eginkizun hain garrantzitsua izango ebanik hurrengoei esker: orain 100 urte finantza-baliabideetara sarbidea ez ebenen beharrizanetarako finantza-sistemea; 1940 eta 1970 bitartean Bizkaira heldu ziranentzako etxebizitzarako diru-laguntzinoa; eta autobia barrian, Erakustazokan, Bilboko portu barrian eta San Mamesen egindako inbertsinoa.

Historia osoan, 1990etik aurrera Bilbao Bizkaia Kutxa dan erakundeak gizarte-erantzukizun garrantzitsua dauela erakutsi dau, eta hori ez da mugatu gizarte-obrak finantzatzera; garapen ekonomiko eta sozialagaz konpromisoa dago eta kudeaketa-eredu orekatua, jasangarria eta gardena darabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu