‘Euskeraz seguruago’, aseguru-etxeek zerbitzua euskeraz emoteko kanpainea martxan dago
2009-04-17 15:38 Euskerea berbagaiEuskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak bultzatutako ekimenaren helburua entidadeek zerbitzua euskeraz emotea eta lana be euskeraz egitea da.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak ‘Euskeraz seguruago’, aseguru-etxeetan eragiteko ekintza-plana jarri dabe martxan.
Erabateko normalizazinora ailegetako oraindino bidea falta dala azaldu dau Kontseiluko ordezkariak. Euskerearen garapena gura baino astiroago doala nabarmendu dau eta, horregaz batera, 'euskaldunok euskeraz biziteko dogun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diran ezintasunak', Etxeburuaren esanetan. Ezintasun horren erakusle, egunerokoan aseguru-etxeakaz izaten doguzan hartu-emonak aitatu ditu. Eta hain zuzen be, testuinguru horretan kokatu dau aurkeztutako dinamikea.
Kontseiluak bultzatuko dituan dinamikek entidadeek zerbitzua euskeraz emotea eta lana be euskeraz egitea dabe helburu. Horretarako, Euskal Herri mailako lanketa bereziak egingo dira, tartean ‘Euskaraz-seguruago’ kanpainea. Helburua aseguru-etxeek eskaintzen daben zerbitzua euskeraz be jasotzea da. Norbanako euskaltzaleei eta era guztietako gizarte-eragile eta entidadeei zabalduko jake parte hartzeko deia. Herrietako euskalgintzeari, herriko etxeei edo udaletxeei be kanpainan parte hartzeko aukerea emon jake.
Herrietan, datorren astelehenean, hilak 20, jarriko dala martxan azaldu dau Kontseiluko kideak. Gizarte-eragile eta entidadeek gonbidapena eta eskabide-orria jasoko dabe eta kanpainan parte hartu gura dabenek euren aseguru-etxeari eskabide-orria bialduko deutse. Norbanakoei jagokenez, barriz,, Kontseiluaren web gunearen bitartez (www.kontseilua.org) eskuratu ahal izango ditue eskaera-orriak.
'Kanpaina honen bidez, Euskal Herrian lan egiten daben aseguru-etxeetan eragin gura dogu, herritarren eskubideak bermatzeko eta kontuan hartuta hainbat eremutan legea aldeko dogula, legea bera erabiliko dogu aseguruei hizkuntza-eskubideak bermatzeko exijiduteko', adierazo dau Behatokiko zuzendariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!