Bilboko eskaintza turistikoa aurkeztuko dabe Suitzan eta Katalunian

Bizkaie! 2009-04-16 18:19   Euskaldunak munduan

Bilbao Turismo soziedadea Luganon (Suitza) egingo dan 'Meeting Luxury' lehiaketara joango da, hau da, lujozko turismoaren inguruan Europan egiten dan azokarik garrantzitsuenetarikora. Aldi berean, soziedadearen ordezkaritza bat Kataluniako Nazinoarteko Turismoaren aretoan (SITC) be egongo da, Bartzelonan. Azoka biak domekara, apirilak 19, bitartean egingo dira.

Bilbao Turismo soziedadeak Europako turismoaren sektoreko azoka garrantzitsuenetara joaten jarraitzen dau, uriaren erakarpen turistikoak erakusteko helburuagaz. Oraingoan, Luganon (Suitza) egingo dan 'Meeting Luxury' lehiaketara joango da, hau da, lujozko turismoaren inguruan Europan egiten dan azokarik garrantzitsuenetarikora. Aldi berean, soziedadearen ordezkaritza bat Kataluniako Nazinoarteko Turismoaren aretoan (SITC) be egongo da, Bartzelonan. Azoka biak gaur hasi eta domekara bitartean egingo dira.

Bilbao Turismo soziedadea Bilboko hotelik garrantzitsuenak batzen dituan Destino Bilbao alkarteagaz batera egongo da Luganoko 'Meeting Luxury' azokan. 'Erakundeen arteko lankidetzea oso eraginkorra izango da profesional eta partikularrei uriko lekuen eta ostatu hartzeko hotelik bikainenen eskaintzarik onena eta zehatzena aurkezteko', azaldu dabe ordezkariek.

'Meeting Luxury' lehiaketeari esker, Lugano munduko lujoaren erdigune bihurtuko da eta, besteak beste, Europako eta Amerikako gama altuko hotel-kate esanguratsuenez gan, tour-operadoreak eta lujozko turismoagaz lotutako beste hainbat enpresa turistiko be izango dira bertan. Bilbo Luganon egoteak interes berezia dauka, Suitzako uria bizi-kalidaderik handiena dauen munduko uria baita eta azokara hurreratutako bisitari partikularrak erosteko ahalmen handikoak izango dira.

Bestalde, Bilbao Turismo soziedadeak uria sustatuko dau Kataluniako Nazinoarteko Turismoaren Aretoan (SITC). Azokea, Madrileko FITURen atzetik, Espainian egiten dan turismo arloko azokarik garrantzitsuena da. Bilbao Turismo azoka horretara sarritan joan izan da, kataluniarrak dira-eta Bilbo gehien bisitetan dabenen artean bigarrenak; igaz, Bilbora 64.765 kataluniar etorri ziran.

SITC azokara joandako Bilbao Turismo soziedadeko beharginek azokako profesionalakaz egoteko aukerea izango dabe. Era berean, kataluniarren beharrak zeintzuk diran ezagutuko ditue. SITCen, danetara, 1.300 stand egongo dira eta antolatzaileek 200.000 bisitari baino gehiago espero ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu