EHNEk jardunaldiak antolatu ditu barikurako Baserritarren Burrukearen Nazinoarteko Egunaren harian

Bizkaie! 2009-04-15 17:49

EHNE sindikatuko Bizkaiko arduradunen esanetan, 'Emakumeok mundua elikatzen dogu' jardunaldiaren helburu nagusia elikadura subiranotasunaren kudeaketan emakumeek daben zeregin garrantzitsuaren ganeko hausnarketea eta eztabaidea sortzea da. Ekitaldia Bilboko Kafe Antzokian izango da.

Bariku honetan, apirilak 17, izango dan Baserritarren Burrukearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE), beste gizarte talde batzuen laguntzinoagaz, 'Emakumeok mundua elikatzen dogu' izenburuko jardunaldia antolatu dau Bilboko Kafe Antzokian egun horretarako. Ganera, hurrengo egunean, apirilaren 18an, Zaragozan transgenikoen kontra egingo dan manifestazinoagaz bat egin eta bi ekimenetan parte hartzeko deia egin dau erakundeak.

Bizkaiko EHNEk, Herriarte alkarteagaz batera eta La Via Campesinako zein Emakumeen Munduko Martxako emakumeen talde eta Euskal Herriko beste erakunde (Bizilur, Gernikatik Mundura) batzukaz koordinauta, 'Emakumeok mundua elikatzen dogu' jardunaldia antolatu dau, Baserritarren Burrukearen Nazinoarteko Egunari aldarrikapenezko zentzua emonaz.

EHNE sindikatuko Bizkaiko arduradunen esanetan, 'Emakumeok mundua elikatzen dogu' jardunaldiaren helburu nagusia elikadura subiranotasunaren kudeaketan emakumeek daben zeregin garrantzitsuaren ganeko hausnarketea eta eztabaidea sortzea da.

'Iparralde zein Hegoaldeko baserri eremuko emakumeen egoerea eta herrien ekonomia mailan zein munduko elikadura mailan egiten dituen ekarpenak azalduko dira. Ganera, elikatze produkzino eredu kapitalista eta neoliberalak baserri eremuan eta emakume baserritarrakan eragiten dituen kalteak aztertuko dira', azaldu dabe.

Bestalde, nekazaritza erakunde batzuek -Bizkaiko EHNE barne- eta talde ekologistek manifestazinoa antolatu dabe Zaragozan 'Transgenikorik gabeko elikadura eta nekazaritzearen alde' goiburupean. Helburua trangenikorik barik produzidu eta kontsumiduteko eskubidea aldarrikatzea da. Izan be, Espainia da Europar Batasunean komertzializetako elikagai transgenikoak -artoa- produzidutea baimentzen dauen estadu bakarra.

EHNEko Bizkaiko arduradunek adierazo dabenez, transgenikoek 'ondorio larriak eragiten ditue, arlo ekonomikoan, gizarte eta ingurumen mailan; ganera, osasunerako be arriskutsuak dira'. Manifestazinoa Zaragozako Plaza del Paraison hasiko da 11:30ean eta Plaza del Pilarren amaituko da.

Bizkaiko EHNEk Zaragozara joateko autobusak antolatuko ditu: Orduñatik (suhiltzaileen tokia), 8:00etan, Abadiñotik (Eroskiren aparkalekua), 7:30ean, eta autobus bera Zornotzatik (autopistarako sarrera zaharrean) 7:45ean eta Bilbotik (Zabalburu) 8:00etan; beste autobus bat Karrantzatik abiatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu