Xabier Goitia: 'geure kulturea erakustera joaten gara atzerrira'

Saioa Torre Gereketa 2009-04-08 16:17   Barriketan
Bakioko Itxas-Alde dantza-taldeko zuzendaria

Bakioko Itxas-Alde jantza-taldea 1972an sortu zan eta, egun, ehun partaidetik gora ditu, danak gazteak. Herriko ohiko erakustaldiez gan, ezkontza eta bestelako jaialdietan parte hartzen dabe, batez be uda sasoian. Baina, horrezaz ganera, eta beste kultura batzuk ezagutzeko helburuagaz, atzerriko taldeakaz alkartrukeak egiten ditue 1991tik hona. Apirilaren 9tik Nepalen, Katmandun dagoz. Zuzendaritza eta bidaien antolaketa lanak Xabier Goitiaren esku dagoz eta bidaiari ekin baino lehenago azaldu deuskuz abenturearen nondik norakoak.


1.- Orain dala ia hogei urtetik hona egiten dozuezan alkartrukeekaz jarraituz, aurten Nepalera zoaze. Zelan egin dozue kontaktua bertakoakaz?

Kanpora jantzan joatea gurpil bat da: mundu horretan sartzen zara, jaialdietan parte hartzen dozu, beste taldeakaz kontaktuak egiten dozuz, antolakuntza-taldean sartuta zagoz eta, azkenean, kate horretan zagozan legez, astiro-astiro zeure lekutxua eta kontaktuak egiten dozuz. Horrezaz ganera, kasu bereziak be egon badagoz, Nepaleko bidaiaren kasuan, berbarako, kontaktua Internet bidez egin dogu. Nazinoarteko jaialdiak non dagozan bilatu, kontaktua egin eta orain dala urte bi hasi ginan joateko amesagaz eta aukereak aurten urten dau. Kasu honetan, beraz, Interneten bitartez.


2.- Noiz zoaze, zenbat denporarako eta zenbat lagun?

Apirilaren 9tik 17ra bitartean egongo gara Nepalen. Han, hainbat erlijino dagoz eta horreetariko baten araberako urte barriari ondo-etorria egiteko jaialdiaren barruan egingo dogu jantzan. Egun hori apirilaren 14a da eta, Aste Santuko oporren barruan sartzen danez, ba oso ondo etorri jaku. Han, Kathmandu uriburuan eta inguruetako herriren batean egongo gara. Danetara, 37 lagun goaz.


3.- Holako bidaia hainbeste jentegaz egiteko, dana ondo antolatuta eukitea behar-beharrezkoa da, hegaldiak edota egonaldia, kasurako.
Zeuk bideratzen dozuz gai horreek?

Bai. Gehienetan 37 joaten gara, hainbat arrazoigaitik. Batetik, lagun kopuru horregaz ekitaldiak eskaintzea nahiko erraza dalako erropa-aldaketeari edota musikari-aldaketeari jagokonean, berbarako. Beste alde batetik, niri zenbaki hori asko gustetan jat, zatiezina dalako. Ostatu hartzeko be, kopuru oso ona da, 37gaz beti dago-eta modua danak sartzeko.

Antolakuntzeari jagokonean, esperientziak asko laguntzen dau. Normalean, bidaia honeetan, gu bidaiaz baino ez gara arduratu behar, lo egiteko lekua eurek topau deuskue (taldeak Bakiora datozenean be, bardin). Oraingoan, hegazkinez goaz eta, lehenengoz, ez dogu bidaia-agentzia bidez antolatu, hegaldiak Internetez hartu doguz. Autobusean Madrilera, gero hegazkinez Londresera, gero Barheim-era eta, handik, Kathmandura.


4.- Eta zelan antolatzen zaree musika-tresnak, jantzarako tresnak eta erropak eroateko?

Bidaia bakotxa arazoz beterik egoten da. Hegazkinez goazenean, partaide bakotxak hiru boltsa daroaz: bata bere erropakaz, bestea jantzarako erropakaz eta tresnakaz eta, azkena, eskuko boltsea. Horrezaz gan, taldeak, talde moduan, hiru boltsa daroaz, ezpatakaz, makilakaz eta bestelakoakaz. Musika-tresnak eroateko, lau boltsa handi behar dira. Hasiera batean, tramankulu guztiak kaixa erraldoietan eroaten ziran, gurpil eta guzti; baina, egun, ez deuskue ixten holakorik eroaten eta boltsa bereziak daroaguz. Ikurriñearen makilea, berbarako, erdibitu egin behar izan dogu.


5.- Zelan lortzen dozue horrenbeste jente eta tramankulu mobiduteko finantzazinoa?

Handik eta hemendik, ahal dan moduan. Urte barruan, jantza-taldeak hainbat ekintza egiten ditu eta horreetako batzuetatik dirua ataraten dogu, ezkontzak, gabonetako zozketea... Bestalde, kultura arloan gabizan gehienon antzean, administrazinoetatik be laguntzinoa jasoten dogu, Bakioko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, igaztik hasita Eusko Jaurlaritzea, aurten Madrileko Gobernuan be eskatu dogu... Taldekideek ez dabe ezer jarri behar. Babesle pribadu batzuk be hor egoten dira eta, danakaz, gitxika-gitxika beteten dogu aurrekontua.


6.- Orain arte, ze herrialdetan egon zaree? Eta zelako harrerea izan dozue?

Hamazortzi urte dira kanpora joaten hasi ginala eta, gitxi gorabehera, urtean herrialde bat bisitau dogu. Europan hainbat lekutan egon gara, Eskozian, Frantzian, Italian, Turkian, Norvegian, Portugalen... Ameriketan be hiruzpaulau biderrez egon gara, Estadu Batuetan, Mexikon, Argentinan eta Costa Rican.

Oso harrera ona izan dogu beti. Kultur ekintza danak oso politak dira eta, gehienek, berezitasun bi ditue: batetik, ez dirala konpetitiboak eta, bestetik, neska-mutilak edo andra-gizonak parean doazela. Talde guztiok mundu horretan gagoz eta berezitasun horreek beteten badira eta, ganera, parte hartzaileak gazteak badira, giro oso ona egoten da. Ganera, ez dogu ahaztu behar egiten doguzan urteera gehienak alkartrukearen bitartez dirala eta, horregaitik, harrerea oso ona izaten da, gero eurak etorriko diralako Bakiora.


7.- Zer bila joaten zaree kanpora? Ze esperientzia ekarten dozue etxera bueltan?

Goazenok geure kulturea erakustera joaten gara atzerrira eta, bide batez, ahal bada, turismo apur bat egitera be bai. Bertako kulturea ezagutzera be bagoaz eta, geure taldearentzat, oso garrantzitsua da egun horreetan egiten dogun alkarbizitzea, edade desbardinetako jentea alkarregaz giro onean ibiltea. Biziten doguzan esperientzia barriak zoragarriak dira. Egindakoa barriro ez dogu biziko eta, horregaitik, pasarte guztiak dira bereziak. Igaz, berbarako, Mexikon egon ginan, Mexiko sakonean, eta bertakoen bizimodua ikusi genduan, euren kulturea, hizkuntzea...

Bizipen horreez gan, geure artean be kontu asko sortzen dira, ondo zein txarto urteten daben ekitaldiak, hasarreak, amodioa be bai... Danetarik.


8.- Kanpoan hainbestetan izan ondoren, pasarte bereziren edo gogoangarriren bat bizi izango zenduen...

Mexikotik urten barik, igaz, orain dala berrogei urte hemen egozan moduko aire giroturik bako autobus zahar batean gindoazala, leiho guztiak zabalik, alboan zirku bateko kamioiak jarri jakuzan. Autobusa eta kamioiak pare-parean geratu ziran eta gu, alboko lehoiari begira, lo egoan eta, trankil-trankil. Baina, bapatean, lehoia txiza egiten hasi zan. Txorrostada itzela gure autobuseko leihotik barrura sartu eta taldeko neska bat goitik behera hondatuta geratu zan...

Garraioagaz be izan doguz kontu batzuk. Normalean, hegazkinez Frankfurt-etik bagatoz, ikurrinearen makilea eta zinta-dantza egiteko makilea han geratzen dira. Bi edo hiru hilebete ibilten gara makilarik barik, baina beti agertu izan dira.


9.- Errepertorioan, ehun jantza baino gehiago dozuez, euskal lurralde guztietakoak. Horreetatik, zeintzuk eskaintzen dozuez, normalean, atzerrian? Eta zein da kanpoko jenteari gehien gustetan jakon jantzea?

Kanpoan, ekitaldia beti izaten da bera edo aldaketa gitxigaz. Ekitaldi bi daukaguz, desbardinak, bata 20-25 minutukoa eta bestea 35-40koa. Euskal Herri guztiko jantzak eskaintzen doguz, Bizkaiko Dantzari Dantza, Otsagabiakoak, Behe Nafarroako polkak, Gipuzkoako Zinta-Dantza... Danetarik. Autobusez joan izan garan lekuetara, kaixea eroan eta Kaixarranka be egin izan dogu, baina hegazkinez bagoaz, ezin dogu kaixarik eroan.

Leku bakotxean jantza bat gustetan jake. Norvegian, berbarako, gehien-genien Axuri Beltza gustau jaken. Hango taldeko jantzari gazteenak hirurogei urte izango zituan eta euren gaztetasuneko giroa gogorarazoten ei eutsen jantzearen sarrereak, neskak baltzez jantzita... Baina, orokorrean, publikoari ekitaldi osoa gustetan jako.


10.- Zuek atzerrira joateaz gan, atzerriko talde horreek bertora ekarten dozuez, herririk herri euren ikuskizuna eskaintzeko.

Bakiora ekarten doguzan taldeetako kideek Itxas Aldeko kideen etxeetan hartzen dabe ostatu. Batzuetan, mexikarrakaz kasurako, ez da hizkuntza arazorik egoten, baina aurten errusiarrak datoz...

Bakion eta inguruko herrietan euren ikuskizuna eskaintzeaz gan, astia dagoanean hara eta hona be eroaten doguz, Bilbora Guggenheim ikustera, kasurako.


11.- Zelan ikusten dozu euskal jantza tradizionalen etorkizuna?

Talde guztiena moduan... Alde batetik, pentsau leike globalizazinoaren eraginez dana galduko dala baina, beste alde batetik, bidaiak egiten doguzanean, beti topetan dogu exotismoa, bertakoen ohiturak, kulturea, bizimodua... ezagutzea. Horrek esan gura dau globalizazinoak atrapetan ez dituan berezitasunak be ezagutu gura doguzala. Guk, euskaldun legez, badaukaguz gure berezitasunak eta hori balore handia da guretzat.

Beste alde batetik, gazteek jarraituko ete daben taldeagaz? Ezin da panteamentu filosofikorik egin ze hori egunerokoak erabagiko dau. Gure taldea, kanpora egiten doguzan bidaien eta ekitaldi berezien eraginez, osasuntsu dagoala esango neuke. Aurrerantzean zer pasauko dan? Ikusteko dago.


12.- Nepaleko bidaia hau orain dala urte bi hasi zinan preparetan. Beraz, seguru aurrera begira zeozertan pentsetan zabizala...

Bai, kanpora joateko beti dago itxaron-zerrenda luzea, baina hamarretik batek urteten dau. Japonia izan daiteke hurrengo herrialdea...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu