Koikili Lertxundi: 'bihotzean daroadan kirola burrukea da'

Koldo Isusi Zuazo 2009-04-06 12:31   Barriketan
Athletic Clubeko jokalaria

Bilbon, 1980 abenduaren 23an jaioa, Zaratamon eta Otxandion bizi izan da. Historian lizentziatua da EHUn eta egun Athletic talde nagusiko jokalaria da baina gazteagoa zanean, greko-erromatar burrukan ibilia da. Espainiako txapelduna izandakoa da, birritan kadete mailan eta baten eskolartekoan. Hamabost urtegaz futbolari ekin eutson buru belarri eta 2004tik aholkularitza lanak be egin izan ditu familiaren negozioan. Vulkano, Aurrera, Osasuna B, Gernika eta Beasain taldeetan ibilia, bigarren mailako Sestao Riverretik Athleticera salto egin eta gaur egun jokalari garrantzitsua da Caparrosen hamaikakoan.

Athletic- Bartzelona, Kopako finalerako hilebete pasatxo falta danean, hona hemen Koikiligaz Lezaman egin dogun barriketaldia:


1.- Kopako finala Bartzelonagaz jokatzeko zain zagoze baina Ligan, azken bost partiduetatik lau galdu eta Mallorkari irabazita, jatsiera postuetatik hur. Animo aldetik zelan zagoze?

Ondo gagoz. Egia da sailkapena asko estutu dala, talde asko gagozala antzeko puntu kopuruagaz baina konfidantza osoagaz gagoz eta azken bost partiduetatik lau galdu arren, pentsaizu talde handiak izan dirala, eta kasualidadez ez dira ligako lehenengo laurak. Orain, barriz, egindako akatsetatik ikasi, akatsak zuzendu eta aurrera egitea, besterik ez dogu. Gol asko sartu deuskuez eta hori izan da akats nagusiena nire eretxiz. Mallorkari irabaztea sano garrantzitsua izan da. Hemendik aurrera, Ligan gure arerio zuzenen kontra jokatuko dogu eta atea golik hartu barik mantentzen badogu, geure jokoa eginaz, puntuak pilatzen joango gara.


2.- Kopako finalera bidean bikain baina Ligan, barriz, ez. Zure ustez, zeintzuk dira gorabehera horreen arrazoiak?

Irregulartasun horren arrazoiak zehaztea ez da bape erraza. Gu ahalegintzen gara urte osoan maila beretsuari eusten baina kontuan hartu, aurten Kopan aurrera egin dogula, indar eta ilusino handia jarri dogula horretan eta partiduak pilatu jakuzala. Horrek eragina izan dau Ligan. Horrezaz gan, lehen be esan deutsut, Kopan aurrera egin ahala, tokau jakuzan arerioak gogorrak izan dira eta, ganera, urtarrilean izan dogun partidu pilaketea sekulakoa izan da gurea lako plantilearentzat. Atara kontuak, Sevillaren kontra, Kopako finalerdiko bueltako partiduaren ostean, Ligan hiru partidu oso gogor izan genduzala. Atxakiak izan daitekez baina horrek guztiak eragin dauela pentsetan dot.

Kopako finala urrun dago, orain Ligan sartu behar gara buru-belarri eta uste dot kapaz izango garela final hori ahaztu eta aurrera egiteko.


3.- 24 urte geroago Athleticek Kopa irabaziko baleu zer? Eta galdu ezkero?

Kopea irabaztea izugarria litzateke; 28 urte dodaz eta orain 24 urte Athleticek azkenengoz Kopea irabazi ebaneko momentuak gogoan daukadaz. Orain irabaztea ederra izango litzateke eta belaunaldi barrientzako sano garrantzitsua talde irabazlea eta tituluduna, aurrerantzean eredu eta ispilu izan daitekeena ezagutu daien.

Globalizazinoa futbol mundura be etorri da eta egun, sentimenduak eta baztertu barik, danok daukaguz gustokoen artean talde handiak, mundu mailako jokalari onenak dituenak eta, esangura horretan, Bartzelona lako talde bati finala irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke Euskal Herriko ume eta nagusiagoak diranen artean zaletasuna eta ezaugarri bereziak dituan taldeagazko maitasuna suspertzeko.

Bestetik, galtzeko aukerea be hor dago. Bartzelona ez da edozein, munduko jokalariez osotutako selekzino bat da eta benetan gatxa izango da partidua irabaztea. Edozelan be, ez daukagu ezer galtzeko, irabazteko asko baino. Irabazten badogu sekulakoa izango da zentzu guztietan eta galdu ezkero, pena eta desilusino handia hartuko geunke danok, bai geuk eta bai gizarteak be baina sari txiki-handia lortuko dogu, hau da, datorren urtean barriro Europan jokatzea eta suberte apur bategaz Bartzelonak Liga irabazten badau Superkopa jokatzeko aukerea be hor dago.


4.- Atzelaria izan arren, Sestao Riverregaz 64 partidutan 14 gol sartu zenduzan. Athletic taldean bi sartu dozuz. Datuak baino ez dira ala gogoeta berezirik eragiten deutsu?

Datuak baino ez dira. Taldeak desbardinak dira, maila desbardinetakoak eta, atzelaria izan arren, talde bakotxean rol edo zeregin diferenteak izan dodaz. Athleticen, berbarako, gehiago toketan jat defendidutea eta aukera gitxiago izaten dot golak sartzeko. Sestaon, barriz, falta jaurtiketa, korner eta holakoetan gehiago egiten neban gora eta, beraz, golak sartzeko aukera gehiago neukan.

Dana dala, oso oker ez banago, Sestaon ez neban golik sartu jokaldiaren ostean eta Athleticen, barriz, aurten sartu dodan bakarra jokaldi batean izan da.


5.- 2007ko abuztuaren 26an debutau zenduan Athletic talde nagusiagaz Osasunaren kontrako partiduan. Zelan gogoratzen dozu ha momentua?

Momentu oso berezia izan zan, amesa egia bihurtuta, hori da definizinorik zehatzena. Bigarren aldia zan San Mameseko zelaia zapaltzen nebana, aurrekoa Fiorentinaren kontrako partidua izan zan astebete lehenago. Athletic talde nagusiagaz partidu ofizialean debuta, etxean, San Mames ganezka egoala, Bilboko Aste Nagusian egin neban, derbya zan eta Osasuna taldearen kontra... Eta ni Osasunan ibilitakoa naz. Partiduak osogai guztiak zituan berezia izateko. Gogoratzen dot arratsalde sargoritsua izan zala eta partidu hasierako nerbioak baztertu ostean, nahikoa patxadaz ibili nintzala. Partidua bardinketeagaz amaitu zan baina nahiko ondo ikusi neban nire burua.


6.- Kirol profesionalean ohiz kanpokoa bada be, oraintsura arte futbola eta Itzarri kontsultoriako beharra buztartu dozuz. Kontsultorian, kirolean aplikau daitekezan kudeaketa era barritzaileak darabilzuez...

Bai. Profesionala izan aurretik ikasketak amaitu (Historian lizentziatua naz) ostean zabaldu genduan 2004an aholkularitza enpresea Gasteizen. Hortik aurrera zeregin biak buztartu izan dodaz baina Athleticera heldu arte futbolean modu semiprofesionalean ibili naz. Orain be, biak buztartzen jarraitzen dot nahiz eta maila apalagoan.

Aholkularitza enpresea nahikoa barritzailea da; gure lema parte hartzearen barrikuntzea da eta, beraz, parte hartzea eta barrikuntzea dira gure enpresea definiduten daben kontzeptuak. Personen parte hartzea eta inplikazinoa bultzaten dogu produktu barritzaileen bitartez. Kudeaketa sistemak, plan estrategikoak, urteko planak, aholkularitzea... dira gure lan esparruak eta beti be jarrera parte-hartzailea eta lantaldearen metodologia bultzatzen doguz, gure laguntzinoagaz eta dinamizazinoagaz, erakunde barruko personak izan daitezan benetan liderrak eta arazoei konponbidea emongo deutsienak.

Enpresan sei gara lau sailetan banatuta, administrazinoa, arlo komertziala, proiektuak aurrera atarateko atala eta euskera saila. Hori bai, hainbat aplikazinotarako beste profesional batzuk be kontratetan doguz.


7.- Getxoko Gehitu kirolera egitasmoaren barruan, Hartu eta pasa! entrenamenduetan euskeraz ekimenean parte hartu dozu...

Bai. Sano interesgarria izan da. Produktu barritzaileenen artean euskereagaz lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen doguz, berbarako, kirolaren bidez euskerea sustatzeko helburua daukana. Getxoko Udalak eskatuta futbolean egin dogu aplikazinoa baina edozein kiroletan apliketako modukoa da.


8.- Historian atzera eginaz, zelan sartu zinan burruka greko-erromatarraren munduan?

Zaratamotik Otxandiora biziten joan ginanean, sei urte neukazan eta heldu orduko Gasteizeko gizon bat, Felix Oreitia, agertu zan han, orduko Euskadiko Burruka Federazinoko arbitroa. Edadeko personentzako gimnasiako eskolak eta burrukako klaseak emotera etorri zan herrira eta hori izan zan abiapuntua. Ume-umea nintzanez, eta oraindino futbolean hasteko txikia nintzanez (gazte mailakoak hasten ziran), burrukan hasi nintzan, hiru anaiak hasi ginan Oreitiak martxan jarritako klubean. Hortik aurrera, maila handiko burrukalariak emon ditu, 6-7 bat Espainiako txapeldun, tartean Lertxundi hiru anaiak; pentsaizu, sasoi batean Euskadiko talderik onena izan zan. Egun, Otxandion ez dago burruka-klubik baina Maider Unda olinpikoa da erreferentzia eta Gasteizen dabil egunero entrenetan.


9.- Kadete mailan, hiru aldiz izan zara Espainiako txapelduna. Behin maila horretara helduta, ez zenduan pentsau aurrera egitea?

Bai, sarritan egin deustie galdera hori. Kirol askotan ibili izan naz txikitatik baina burrukan egin neban azken urtean, Vulkano taldean, futbolagaz batera egin neban, ordurako edadean nengoalako. Burrukan, urte hori izan zan niretzako onena, kadetetan txapelduna izan nintzan, juniorretan azpitxapelduna eta maila horretan, Europako Txapelketan be parte hartu neban Bulgarian. Azkenengo burrukak Bulgarian egin nituan eta hor amaitu zan nire ibilbidea. Handik etorrita, futbolean Gasteizeko Aurrera taldera joateko eskaintzea egin eustien eta, jakinik, burrukan be banenbilela argi esan eustien aukeratu beharra neukala. Sasoi haretan, burutik pasau be ez jatan egiten profesionala izatera helduko nintzanik baina azkenean gauzak ondo ondo joan jataz.

Egia esan, burruka munduan ez neban ikusten aurrera egiteko aukera larregirik gurean; zoritxarrez ez geunkan baliabiderik egunero entrenetako eta Bulgarian, barriz, maila handia eta aukera eta baliabideak baegozala ikusi neban. Gustora nenbilen, maila polita neukan baina hobetzeko, aurrera egiteko aukera gitxi ikusi neban eta hortik etorri zan futbolaren aukerea. Futbolean, Athleticera heldu eta amesa bete jat baina pena handia daukat nigaz puntan ibili ziranak egun olinpikoak izan diralako. Bihotzean daroadan kirola burrukea da. Burruka arloan ibilten ginanak familia handi bat osotzen genduan eta hori ez daukat ahaztuteko.


10.- Athletic taldeko jokalaria zara. Amesa bete dozu ala eskatzekotan zer gehiago eskatuko zeunke?

Amesa bete jat baina bizitzan helburu barriak jartea komenidu da horreen alde burrukatzeko eta norberaren buruagaz gustora egoteko. Athleticen kasuan, hurrengo helburua titulu bat lortzea da eta aurten horretarako parebako aukerea daukagu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu