Tuteratik Gasteizera, 11 egunetan 2503 km egin ondoren, milaka lagunek agurtu dabe Korrika
2009-04-06 12:13 Euskerea berbagaiZabaldutako mezua, kontuan hartzekoa: 'Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin! Elkarrekin KORRIKA eta euskaraz! Gora Korrika eta Gora euskara!!!'.
Arabako uriburuko Andra Mari Zuriaren plazara hurerratutako milaka lagunen aurrean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek irakurri eben atzo eguerdian egurrezko lekukoan gordeta egon dan idatzia. Zabaldutako mezua, kontuan hartzekoa: 'Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin! Elkarrekin KORRIKA eta euskaraz! Gora Korrika eta Gora euskara!!!'.
Edurne Brouardek AEKren ordezkari moduan hartu eban lekukoa Kontseiluko Xabier Mendigurenen eskutik, Korrikaren azken txanpari ekiteko. Edozelan be, goizetik sartu zan Korrika Gasteizen, eta jentetza handia batu zan kale bazterretan eta lekukoa eroan ebenen artean, besteak beste: Ikastolen Konfederazinoa, sindikatuetako ordezkariak, Udalbiltza, EHIGE, amnistiaren aldeko mobimentua, gazte independentistak, txosnen batzordea, Blusen alkartea, Ahaztuak, Emakunde, EAJ, EA, Aralar, Ezker Abertzalea, Gasteizko Udala, UEMA, Lakuako Gobernua eta Arabako Aldundia, Zaramagako suhiltzaileak, kamioi eta guzti; Abade koordinakundea; Abetxukoko Txalamako txalaparta eskolakoak; Bretainiako lagun talde bat: Mercedes, Aernovako, Vital Kutxa nahiz Elektrako langileak; Bartzelonako Euskal Etxeko Aitor Arruti; ikastola eta eskola ugari; Eztanda Norteko lagunak, Alaveseko jokalariak, Baskoniako kideak...
AEK-ko Arabako arduradunak, Asier Arrondok eskerrak emon eutsezan lasterketa erraldoi eta arrakastatsuan lagundu daben guztiei: euskalgintzan dabiltzanei, euskaltzaleei, euskaldun eta euskaldundu nahi daben guztiei, bertakoei zein kanpokoei. Arrondoren esanetan, lehen Korrika 1980. urtean egin zanetik, euskerearen kontrako jarrerak samurtu egin dira, eta bidean egindako lana handia izan da. 'Baina, oraindino be, egiteko asko dogu', esan eban. Gogora ekarri eban, UNESCOren azken eretxien arabera, euskerea galzorian dagoan hizkuntza gitxitua dala, eta hori ez dala ahaztu behar. Gitxi batzuk gatazka linguistikoa areagotzeko egin dituen deien aurrean, barriz, mezu argia dauka AEK-k: 'Gurea ofizialtasunaz harago doan aldarrikapena da. Euskal Herria Euskalduna aldarrikatzen dogu, bizitzaren arlo guztietan: familian, lagunartean, lanean, harremanetan'.
Berba edo asmoetatik harantzago joateko, hau guztia benetan gauza daiten, denon parte-hartzea beharrezkoa dala eta herri-erakunde eta instituzinoen eguneroko lana be behar-beharrezkoa dala nabarmendu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!