'Hizkuntz Eskubideen Behatokiak esana Europako Kontseiluak eta Nazino Batuen Erakundeak berretsi'
2009-04-02 12:47 Euskerea berbagai'Behatokiak bideratu dituan ia 7.000 espedienteez berba egitea baino, nahiago dot azpimarratu zelan berretsi daben Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren diagnosia Europako Kontseiluak eta Nazino Batuen Erakundeak', gaineratu dau Mendigurenek.
2008ko urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako lana batzen dauen txostena aurkeztu dabe Bilbon. Xabier Mendiguren, Behatokiko buruak eta Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu dauenez, 'Kontseiluak Behatokia sortu ebanean, bi eginkizun nagusi jarri jakozan, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak bideratzeko zerbitzua abian jartea eta urterik urte hizkuntza-eskubideen egoerea jasoko dauen azterketea argitaratzea'.
Behatokiak zortzi urte beteko ditu laster, eta honezkero bi helburuak bete dituala aitatu dau Mendigurenek, 'bai aurreikuspenak gainditu be'. Izan be, 7.000 espedientetik gora bideratu ditu Behatokiak bere sorreratik, eta gaurkoa lako azterketa zorrotza argitaratu dau zortzi aldiz.
'Halan da be, oraingo honetan Behatokiak bideratu dituan ia 7.000 espedienteez berba egitea baino, nahiago dot azpimarratu zelan berretsi daben Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren diagnosia Europako Kontseiluak eta Nazino Batuen Erakundeak', gaineratu dau Mendigurenek.
Ondorio zehatzei jagokenez, 2001 urteko txostenetik hona behin eta barriro errepetiduten dirala ikusi dala azaldu dau Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak. Eta ondokoa gaineratu dau: '2007ko txostenean ardura berezia izan genduan hizkuntza-eskubideen berme progresiboak eragiten zituan urraketakaz. 2008an 2007an egindako hausnarketa bera egiterik badogu, milatik gora hizkuntza-eskubide urraketa bideratu ostean. Igazko txostenean nabarmendutako tempus zehaztubakoek eragiten eben defentsa faltearen aurrean neurri eraginkorrik ez da hartu; beraz, beste urte batez, antzeko kexak bideratu behar izan doguz, eta horreen konponbideari begira antzeko erantzunak jaso doguz'.
Aitatzeko beste elementu bat, erantzunei jagokena da. 2008 urtean Behatokiak inoizko erantzun gehien jaso ditu eskubide-urraketen barri emon dauenean. 'Esan behar dogu, askotan erantzunek ez gaituela ase, eta ez dituela neurri zehatzak erakutsi eskubide-urraketea eragin eban arrazoia konpontzeko. Halan da be, uste dogu, erakundeek Behatokiari horrenbeste erantzun izana gure erakundeak hartu dauen erreferentzialtasunagaz lotu behar dala' adierazo dau Paul Bilbaok.
Arantza Haranburuk, Behatokiko kudeatzaileak, urteko txostenean jasoten diran datu kuantitatiboen barri emon dau. Danetara, 1.278 kasu batu ditu Behatokiak 2008an. Kasu horreetatik, 1.262 herritarrek ‘Euskerearen telefonoa’ (www.euskararentelefonoa.com eta 902194332) zerbitzuaren bidez helarazotakoak izan dira. Horreetatik 1.172 kexa izan dira, 713 administrazino publikoari lotutakoak eta 457 eremu sozioekonomikoari lotutakoak. Beste alde batetik, 51 zoriontze egin ditue herritarrek. Behatokiaren ekimenez, barriz, 16 kasutan egin da aldez aurreko lana.
2008an egindako aldez aurreko lanaren garrantzia be aitatu dau Haranburuk; 'lurralde guztietan egin doguz prebentzio-lanak: Erandion (Bizkaia) zabaldu beharreko Quiron Klinikan, Iruñerriko La Montañesa bus-konpainian, Donostiako zinemaldian, Uztaritzeko trinketean etab'.
Urteko txostenean jasotako kexa guztiak kontuan harturik, Euskal Herriko lurralde guztietan urratzen dira hizkuntza-eskubideak eta administrazino guztiek urratu dituela hizkuntza-eskubideak nabaria da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!