Antonio Arrueren idatziak eta berbaldiak jasoten dituan liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2009-04-02 11:58   Kulturea

Barikuan, apirilak 3, Antonio Arrue: Idaztiak eta hitzaldiak izeneko liburua aurkeztu da Donostian, Kutxaren Doctor Camino liburutegian. Liburua urtarrilean hil zan Antonio Zavala euskaltzain osoak idatzi eban eta Euskaltzaindiaren 'Euskaltzainak' bildumearen bosgarren zenbakia da.

Barikuan, apirilak 3, Antonio Arrue: Idaztiak eta hitzaldiak izeneko liburua aurkeztu da Donostian, Kutxaren Doctor Camino liburutegian. Liburua urtarrilean hil zan Antonio Zavala euskaltzain osoak idatzi eban eta Euskaltzaindiaren 'Euskaltzainak' bildumearen bosgarren zenbakia da.

Antonio Arrue euskaltzaina zanaren berbaldi eta berbaurreen bildumea eskaintzen da liburu honetan. Antonio Arrue berbalari bikaina izan zan, bizia eta trebea. Berbaldi asko emon zituan eta, askotan, jentaurrean berba egin baino lehenago, papelean idazten zituan. Lan horreek dira, batzuk euskeraz eta besteak gaztelaniaz, liburua osotzen dabenak.

Aurkezpen ekitaldian honako honeek egon dira: Andres Urrutia euskaltzainburua; Jose Mari Iriondo euskaltzain urgazle eta Antonio Zavalaren kolaboratzailea; eta Juan Mari Arrue, Antonio Arrue zanaren semea.


Antonio Arrue Zarautz

Antonio Arrue Asteasun jaio zan, 1903ko martiaren 26an eta Donostian hil, 1976ko zemendiaren 17an. Zuzenbidea ikasi eban Oviedoko Unibersidadean.

Aita Zavalak liburuaren aurkezpenean aitatzen dauen legez, Arruek berak holan definidu eban bere burua: 'Soy miembro de número de la Real Academia de la Lengua Vasca, socio supernumerario de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País y miembro de las Juntas Rectoras del Grupo de Historia Vascongada de los Amigos del País Doctor Camino y Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo. Fui Procurador en Cortes, de representación familiar por Guipúzcoa, en la legislatura de 1967-1971. En política fui siempre tradicionalista'.

Zavalak idatzitakoaren arabera, Arrue 'Gipuzkoako karlista alderdiaren buruzagietako bat izana zan. Errepublika denboran an eta emen makiña bat itzaldi egiña; eta, 1936-ko gerra piztu zanean eta Donostia errepublikaren mende egon zan denboran, bere burua salbatzearren izkutuan egon bear izan zuena. Gerra ondoren, berriz, Francorekin etzegoan nunbait ere konforme eta bear baiño gorago itzegiten zuen. Ala, agintariek erbestera bialdu zutan, Gijón-era, eta an urtebete-edo egin bear izan zuen. Baiña gai auetaz ezer gutxi en tzun nion. Itxura danez, etzuen gustoko gaia. Ala ere, beste au neronek entzun nion beste batean. Karlistek Karlos Hugo zuten beren buru, eta alderdiaren ideolojia gaurkotzen eta aldatzen asia zan. Eta Arruek orduan esana: nik tradicionalista izaten jarraituko det. Baiña Karlos Hugo eta oiekin ez det ezer ere nai'.

Arrue 1954an izentau eben euskaltzain oso. Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigaraigaz batera, Egan aldizkariko zuzendaria izan zan urte askotan. Gabriel Arestiren lehenengo laguntzaile eta bultzatzaileetarikoa be izan zan. Euskerazko lehenengo idatziak hasi zan argitaratzen 1932an, Egan, Euzko-Gogoa, Zeruko Argia edota Euskera aldizkarietan.

Arruek idatzitakoen artean, Luis Villasantek honako honeek azpimarratu zituan: Juan Bautista Agirre euskal idazlearen ganeko berbaldia (Egan, 1954); Gerriko euskal idazlearen ganeko berbaldia (Egan, 1956); Azkueren ganeko berbaldia (Euskera 1957); 'Loramendi' olerkariaren ganeko berbaldia (Euskera, 1960), Peru Abarkaren edizio barriaren berbaurrea (Kulixka sortan); Euskeraren batasunaren ganeko berbaldia (Euzko Gogoa, 1956); 'Cuatro Poetas Vascos actuales (Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Aresti)' berbaldia (Euskera, 1963-64).

Jan-Edanak liburua be argitaratu eban, sukaldaritzearen inguruko artikulu-bildumea. Donostiako Julio Urkijo Euskal Filologia Mintegiaren sortzaileetarikoa izan zan.

Villasantek ondo gogoan eukanez, 'Euskaltzaindiaren Arautegia berriztatze lanean gogotik lagundu eban. Eta gehiago oraindino, Euskaltzaindiaren nortasuna Gobernuak autortzeko'.


Antonio Zavala Etxeberria

Antonio Zavala Etxeberria Tolosan jaio zan, 1928ko urtarrilaren 23an eta Iruñean hil, 2009ko urtarrilaren 2an.

Filosofia ikasi eban Oñan (1950-53); Xabierren, barriz, Magisteritza ikasketak egin zituan (1953-56) eta, Oñan barriro, Teologia ikasi eban (1956-60). 1959an apaiz sartu zan eta Historia eta Literatura irakasle be izan zan.

Herri literaturearen onarpenari, azterketeari, zabalkundeari eta suspertzeari eskaini eutson bere bizitza osoa. Auspoa bilduma ospetsua 1961n sortu eban Antonio Zavalak. Bertan, bertsolaritzearen eta herri literaturearen zein ahozko literaturearen izen eta lan garrantzitsuenak argitaratu dira, ehunka liburu. Auspoa bildumeaz gan, beste bilduma bat be sortu eban Aita Zavalak, 1993. urtean, Biblioteca de Narrativa Popular izenburupean, oraingo honetan gaztelaniazko kontakizunak jasoteko.

1964ko abenduaren 18an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban, euskerearen eta herri-literaturearen alde eginiko lana eskertzeko.

Zavalaren produkzino intelektuala jasoten daben hiru liburuki argitaratu zituan Sendoak, Auspoaren auspoa izenburupean.

1996an, Durangoko Liburu eta Disko Azokeak omendu eban. 1996an, Azokak berak erakusketa bibliografikoa eskaini eutson. 1997an, Labayru Ikastegiak omenaldia egin eban. 1999an, Deustuko Unibersidadeak Honoris Causa doktore izentau eban. 2000. urtean, Tolosako seme kutun izentau eben.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu