Euskaltzaindiak Jean Saroihandiren artxiboa digitalizau dau
2009-04-01 12:27 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiaren eta Bordeleko Michel de Montaigne III Unibersidadearen artean sinatutako hitzarmen bati esker, Jean Saroihandiren artxiboa digitalizau da osorik eta ikerleen esku dago Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan. Pirinioetako hizkuntza eta hizkera guztien ganeko materialak batzen ditu, eta guztira 74.000 irudi dira, horreetatik heren bat euskeraren ganekoak,
Euskaltzaindiaren eta Bordeleko Michel de Montaigne III Unibersidadearen artean sinatutako hitzarmen bati esker, Jean Saroihandiren artxiboa digitalizau da osorik eta ikerleen esku dago Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan. Pirinioetako hizkuntza eta hizkera guztien ganeko materialak batzen ditu, eta guztira 74.000 irudi dira, horreetatik heren bat euskeraren ganekoak, Akademiako iturriek jakinarazo dabenez.
Jean Saroihandi (1867-1932) jatorri euskalduneko hizkuntzalari frantsesa da. Frantziako ekialdean dagoan Vosges departamentuan bizi izan zan eta karrera akademiko nahiko berezia izan zan: aita gazterik hil jakolarik, lanari ekin behar izan eutson ikasketak pagau ahal izateko; horregaitik, neurri handi batean autodidaktea izan zan.
Hizkuntzalaria izan aurretik, hizkuntzazalea eta hizkuntza irakaslea izan zan, lehenengo gaztelania ikasirik (Argentinan) eta gero ingelesa eta portugesa. Baina bere egiazko maitasuna Pirinioetako hizkuntzak izan ziran, danak, baina batez be, euskerea.
Julio Urkixoren arabera, Hugo Schuchardt (1842-1927) izen zan euskerea ikastera adoretu ebana, Baionako Lizeoan gaztelania irakasle izan zan sasoian (1913-1918).
Halanda be, George Herelleri (1848-1935) segiduta, Pirinioetako hizkuntzakazko zaletasuna lehenagotik eukan, 30 urte egin zituan-eta Pirinioetan zehar osteratxoak egiten, beti oinez eta esku-kaierra garrian loturik, bidean topetan zituan artzain edo baserritarrakaz berba egiteko prest, ondoren hareen barriak metodo antropologiko klasikoak agintzen dauen legez apuntetako: ahoskerak, berba bereziak, ohiturak, leku-izenak eta abar. Gero, ostatuan, informazinoa fitxetara pasetan eban.
Alfred Morel-Fatio (1850-1924) hispanista frantses handiaren ikasle, jarraitzaile eta ordezkoa izan zan College de France-n maisuaren azken urteotan (1920-1925); gaztelaniazko klaseakaz batera, euskerazkoak be emon zituan eta, akaso, unibersidade batean euskerearen ganeko klaseak emon zituan lehenengoa izan zan. Ganera, Baionako Societe des Sciences, Lettres et Arts-eko kidea, RIEVeko kolaboratzaile arrunta eta Eusko Ikaskuntzearen III. Biltzarrean (Gernika, 1922) partaide izan zan.
Artxiboa, hiru multzotan
Bordelen gordeten diran Jean Saroihandiren artxiboko paper guztiak digitalizau dira, jatorrizko ordena eta sailkapena zorrotz errespetauta. Dagozan hutsuneak jatorrizko artxibokoak dira.
Artxiboa bera, eta ondorioz bertsino digitala be bai, hiru multzo nagusitan dago banatuta: fitxak, kaierrak eta dosierrak. Multzo bakotxaren barruan hiru azpimultzo dagoz: basque, gascon eta espagnol.
Azpimultzo bakotxean dokumentuak unidade txikiagotan batuta dagoz eta horreetako bakotxak kode bat dauka (B-12, G-9, E-7 eta abar). Danetara 74.000 irudi dira, horreetatik 66.000 fitxak dira eta ganerakoak kaierrak eta dosierrak. Gitxi gorabehera, lanaren heren bat euskereari jagoko.
Jean Saroihandiren artxiboa haren alargunak emon eutson Bordeleko Michel de Montaigne (Bordeaux III) Unibersidadeari eta, beraz, unibersidadearen jaubetzapekoa da. Jatorrizko dokumentuak biblioteka horretan dagoz.
Bertsio digital hau Euskaltzaindiak egin dau eta ikerketa helburuetarako baino ezin izango da erabili, beti be iturria aitatuta, Michel de Montaigne Unibersidadea eta Euskaltzaindia. Debekatuta dago helburu horretatik kanpoko erabilera oro.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!