Iñaki Ugarteburu gogoan (Bergara 1954 - Erromo 2009)

Labayru 2009-03-31 12:16

Iñaki Ugarteburu, Idatz & Mintz III. Narrazino Lehiaketako saria hartzen Derion, 1984ko garagarrilaren 13an, Rafael Barbier, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren ordezkariagaz, eta Karmelo Etxenagusia Labayru Ikastegiaren ohorezko kideagaz.

Joan dan martiaren 20an, hil zan Iñaki Ugarteburu. Euskereagaz zerikusia dauken arloetan behar egiten dabenak ezagutu dabe Iñaki, ez titular handietatik, ez agirian asko ikusten zalako. Baina inurrien moduan, txiri-txiri, ekinean, jente askok euki dau haren barri, euskeraren irakaskuntzan eta urteokaz Euskal Herriko Unibersidadean.

Bergararra zan jaiotzaz, baina aspaldian Getxo aldera etorria, Erromora. Medikuntza ikasi eban lehenengo, ha ta guzti be euskerearen adarretik jo eban. Hainbesteraino ze Euskal Filologiako ikasketak egin zituan.

Deustuko Unibersidadean emon eban aldikada bat, Euskal Irakaslegoan, Pello Salaburu eta Jesus Urangagaz, arduradun.

Handik EHUra, bere ikasketa bide biak lotzeko, medikuntzan euskerea erabilteko, eta egoki erabilteko, hainbat modutako beharrak egiten.

Labayru Ikastegiagaz eta Derioko Udako Ikastaroagaz be loturea euki eban, osterantzean ezagutu ez jakon alderditik gainera, idazle moduan. Izan be, 1984an, Idatz & Mintz literatur aldizkariak eratutako III. Narrazino Lehiaketan parte hartu eta hirugarren saria hartu eban. Narrazino hori, 'Ugarixoena' Idatz & Mintz aldizkarian bertan, 9. zenbakian argitaratu zan. Osorik irakurri gura izan ezkero, klik egin hemen. Urte haretako deialdian narrazinoari gai poliziakoa erabiltea ipini jakon baldintza, eta horretara moldatu eban Iñakik bere kontakizuna, bizkaieraz idatzita.

Egunotan zabaldu dira Iñakiren heriotzearen barriagaz batera, haren lanen aitamenak. Baina idazle sortzaile moduan ez da hain ezaguna. Lehiaketa horretako ahalegina egin eta gero, ez eban bide horretatik jo, ez agirian behintzat. Itzulpenak eta euskerearen erabilera eta egokitasunaz gehiago idatzi izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu