Posta elektronikoa: 'Nokia legea'

Gotzon Plaza Informatikoa 2009-03-30 11:26

Finlandian onartu barri daben legeak enpresek euren langileek enpresako bulegoetatik bialtzen dituen posta elektronikoen barri izateko eskubidea daukiela dino.

Gauzak kopietan trebeak garenez, laster etorriko da gurera horren antzeko legea.

Gizakume bat jaioten danean, zelan ikasten ditu ikasi beharreko gauza guztiak? Umerik euki ezkero, erantzuna erraz-erraza da: umeek dana kopietan dabe, ume txikiek ume nagusiagoek egiten dabena, eta hori da ikasteko bidea. Holako jarduerak naturako edozein beste animaliatan be ikusten dira. Kopiau eta kopiau, holan goaz aurrera.

Zer esanik ez gaur eguneko teknologiari begiradatxu bat emoten badeutsagu. Betidanik esan izan da japoniarrak oso trebeak dirala gauza teknologikoak kopietan, guztiz adituak dirala eta holako lanetan Txinatarren ganean be, gauza bera esaten dogu: bertako enpresek ez daukie oraindino teknologia ikertzeko beste baliabiderik eta, horregaitik, kopiak egitea askozaz errazagoa da eurentzat: erlojuak, erropak, zapatak, jostailuak... Danetarik.

Gero, beste kontu bat dago: Estadu Batuetan izaten diran portaerak gauza inportantetzat hartzen doguz eta, handik lasterrera, kopiak egiten doguz, modak, jateko estiloa, tabakoaren kontrako jarrerak... Eta gu, kopiau eta kopiau.

Europa mailara begiratuz, Finlandia arlo askotan eredu dogu. Bertako hezkuntza-sistemea guztiz kopietako saioak egiten ari dira; eta zer esanik ez, bertako teknologia maila zelakoa dan ikusita, hori be kopiau gura izatea. Holako gauzak txalogarriak izan daitekez, baina beste gauza batzukaz, kontuz ibili behar da.

'Nokia Legea': Finlandiako Parlamentuak onartutako legea, ezizen horregaz ezaguna, batez be Nokia enpreseak bultzatu dauelako (beste enpresa batzuk be batu jakoz Nokia-ri asmo horretan). Eta zer dino lege horrek?

Legeak 96 boto alde eta 56 kontra jaso zituan eta, laburbilduz, enpresek euren langileek enpresako bulegoetatik bialtzen dituen posta elektronikoen barri izateko eskubidea daukiela dino.

Lege barri hori baino lehenago, poliziak baino ez eukan (epaile baten baimenagaz) postak ikertzeko aukerea, Finlandiako legeak komunikazinoen sekretua bermatzen ebalako. Baina orain, gauzak aldatu egingo dira: enpresak eurak nahiko izango dira euren beharginen postak aztertzeko eta kontroletako. Dana dala, holako kontrolek be mugak daukiez: nork bialtzen dauen, nori, noiz eta mezuan dagozan fitxategien formatua eta neurria izango dira kontrolpean egon daitekezan elementuak. Bertako edukia ezin izango da aztertu.

Kontrakoek zera esaten dabe: norberaren intimidadearen kontrako legea ei dala eta giza eskubideak Nokia enpresearen zerbitzura imini dirala. Aldekoek, eta batez be legearen bultzatzaileek dinoe lege hau baliogarria izango dala enpresentzako industria-espiotza kasuak kontroletako.

2005ean, Nokia enpresakoek industria-sekretuak txinatar enpresa bati bialtzen jakozanaren susmoa euken eta segurtasun zerbitzuak ezelako baimenik barik enpresako langileen korreoak kontroletan hasi ziran. Antza danez, astrapala polita sortu zan finlandiarren artean eta, hortik aurrera, enpresea gobernuagaz hartu-emonetan hasi zan lege berezi bat preparetako.

Beste enpresa bat izango balitz saltsan dagoana, ez litzateke ezer pasauko, baina Nokia zanez, gobernua lanean hasi zan (Nokia da, duda barik, herrialdeko enpresarik indartsuena eta, datu moduan, Nokiak soziedade zerga pagetan dauenean, estadu maila osoan jasoten danaren bostena da). Egon dira, bai, legea onartu ezean, Nokiak bere egoitza soziala (eta zergak) Finlandiatik beste leku batera eroango ebela komentetan eben zurrumurruak, baina enpresakoek ezezko borobila emon deutsie holako esanei. Dana dala, gobernuarentzako presinoa ez da izan, ez, makala.

Lege proiektua preparau ondoren, adituen arteko batzorde batean aurkeztu eben eta, adituen artean finlandiar kostituzinoaren kontrakoa zalako susmo biziak izan arren, Parlamentuan aurkeztu eben, bertan onartzeko (eta onartu dabe).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu