Katixa Agirre: 'Ziurtasun sendoak dituen personak fanatikoak dira'
2009-03-30 11:04 BarriketanGasteizen jaio zan Katixa Agirre 1981an eta Bilbon bizi da gaur egun. Txikitatik idazten ditu ipuinak. Ikus-entzunezko Komunikazino ikasketetan ordezko irakaslea da EHUn eta, bien bitartean, bere zaletasunari eusten deutso, bai blogaren bidez, bai literatur testuak argitaratuz. Literatura anglosaxoia gustetan jako eta horren eragina nabarmena da bere narrazinoetan: istorio zuzenak, gizakiaren izaeran oinarrituak eta erritmo bizikoak. Igartza beka saria lortu eban igaz eta horren emoitzea da 'Habitat' (Elkar), oraintsu argitaratutakoa. Etxea ardatz, bakardea, maitasuna, lan harremanak eta abarrekoak jorratzen ditu idazle gazte honek sei narrazino-ipuinetan zehar.
1.- Zergaitik aukeratu dozu etxea narrazinoen ardatz bezela?
Momentu batean nengoen biziten non, nere inguruan, eta baita nire bizitzan be, inportantzia handia eukan etxeak. Edade kontu batengaitik izango zan, danok genbiltzan horregaz: batzuk gurasoen etxetik joan gura eben, beste batzuk ari ginan biziten pisu konpartidu batean... Orduan niri burura etorten ajatzan ideiek beti euken horregaz zerikusirik. Egia esan, etxea, gai moduan, oso zabala da. Bekarako aurkeztu behar neban proiektu bat eta pentsau neban: gai hau oso zabala da, ez nau mugatuko, eta, aldi berean, ez da abstraktoa.
2.- Badagoz bertan istorio batzuk, garatu ezkero, eleberri izatera heldu daitekezanak. Zergaitik aukeratu dozu ipuin generoa?
Nik ez dot uste eleberri baterako emoten dabenik, holan uste baneu egin-egingo neban eleberri bat. Nahiko luzeak dira ipuinak, hori egia da, baina bakotxaren luzera eta ibilbideagaz nahikoa da.
3.- Baina irakurlea jakinminez geratzen da ipuin horreek amaitzen diranean...
Ipuinean pistak emoten ditut irakurleak jakiteko zer gertatzen dan etorkizunean. Pistak emonda, irakurleak aurreikusi behar dau zer etorriko dan. Hori da ideia.
4.- Horregaitik ixten dozuz ipuinak hain amaiera zabalagaz?
Bai. Amaiera definitibo bat be ezin da egon. Ez litzateke sinisgarria izango. Ipuinak diran modukoak izanda, ezin da ezer geratu dana itxita ixten dauena. Errealistak izateagaitik. Bizitzan be ez da ezer definitiboa gertatzen, ez bada heriotzea.
5.- Ze punturaino dabe ipuin honeek oinarri autobiografikorik?
Guztietan dago zeozer, baina gehienetan detaileak dira. Nik be itoginak izan dodaz etxean, edo izan dodaz arazoak pisuko jaubeagaz... Beti dagoz anekdotak hartzen dozuzanak, baina personaiek ez dabe zerikusirik nigaz.
6.- 'Sua falta zaigu' zure aurreko liburuagaz konparauta, zer barri topauko dau irakurleak honetan?
Liburu honek osotasuna dauka, besteak ez eukana. Hau da, ipuin guztiak dagoz gai beraren barruan eta euren artean be loturea dabe. Zeozer trinkoagoa egin nahi neban. Aurrekoan, ipuinak hemendik eta handik batuu eta liburu bat egin neban. Hau, barriz, proiektu bakarraren frutua da eta hori atzemoten da liburuaren osotasunean.
7.- Ba al daukazu arazorik istorioak asmetako, edo lan gehiago emoten deutsu idazteak?
Istorioak asmetea errazena da, datozelako modu inkontzientean. Gatxena da hori garatzea eta modu eraginkorrean idaztea. Luzaroan eukiten dodaz istorioak buruan, hilebeteak emon neikez ideiakaz bueltaka. Gero, idazterakoan, batzuk oso azkar idatzi dodaz eta beste batzuk igual bi hilebete egon naiz idazten.
8.- Zure personaiek ziurtasuna azaltzen dabe kanpotik begiratuta, baina beti zelan edo halango ahultasuna izkutatzen dabe. Holan ikusten gaituzu gizakiok?
Bai, holakoak gara. Besteak heroiak edo robotak dira. Ziurtasun irmoak dituen personak azkenean fanatikoak dira, ezin da persona bat ulertu ez bada bere bi aldeakaz, nik uste.
9.- 'Hosting' ipuinean euskal gatazkearen itzala dago. Badagoz idazle batzuk iges egin eta gaia baztertzend abenak; beste batzuk, barriz, euren narratibearen ardatz hartzen dabe. Zelakoa da zure jarrera horren inguruan?
Nik ahalik eta modu naturalenean ekiten deutsat, naturaltasunez hitz egin bageinke gai horren inguruan. Jokin Muñozek esaten dau euskal idazleentzat ez dagoala beste gairik, nazinoarteko litereraturearen ikuspuntutik euskal idazleok zeozelako ekarpena egitekotan, gatazkea jorratzea dala. Beste batzuek, barriz, ez dabe aitatu be egiten. Ni tarteko jarrera batean kokatuko nintzateke. Nik danetarik idazteko askatuna sentiduten dot eta danetarik idatzi nahi dot, eta aldi berean ez deutsat bizkarra emoten horri. Egia da gai delikatua dala, baina saiatzen naiz autozentsurarik ez izaten.
10.- 'Jaun eta Jabe' izenburuko ipuinean beste gai bat agertzen da: bikote batean umeak izateko edo ez izateko nahiak sortzen dituan tirabirak.
Hori bikote guztietan biziten da. Baina nik ipuin horretan gizonaren ikuspuntua hartu nahi neban. Bera ez dago fase horretan, eta emakumea, barriz, bai. Ni ari naiz gizonaren papela hartzen.
11.- Nahiz eta istorio 'dramatikoak' izan, umoreka bere lekua dauka 'Habitat' liburuan...
Bai, ni beti ahalegintzen naz umorea sartzen, bestela astuna izan daitekeelako. Umoreagaz beste ikuspegi bat hartzen dozu, urruntzen zara pixka bat eta beste modu batean ikusten dozuz gauzak. Azken ipuinean, berbarako, egoera dramatikoa da, baina kanpotik ikusita ia-ia esperpentikoa da.
12.- Badago personaia bat oso berezia: amama internauta bat Afrikara joateagaz ames egiten dauena. Baten batek inspirau zaitu?
Ez naiz inspiratu amama internauta famatu horretan, baina nire amama bizi da pisu tutelatu batean, pertsonai hori bezala.
13.- Lan harremanak oso presente dagoz liburu honetan. Zergaitik?
Bai, eta gainera ia-ia kazetarien lana egin dot, lagunei asko galdetu deutset euren lanari buruz. Egunaren zatirik handiena lanean emoten dogu eta sekulako eragina dauka gure bizitzan. Asko interesetan jat jenteak zelan pasetan dituan ordu horreek, baita egoera horretan emoten diran bodere harremanak be.
14.- Euskerazko blogosferan lehenetariko blogaria izan zinan eta horretan jarraitzen dozu. Bitarteko horretatik zer nabarmenduko zeunke?
Blogak aukerea eskaintzen deust irakurleakaz edo beste blogari batzuekaz harremanetan jarteko. Nire txokoa da eta ateak zabalik dagoz edonorentzat.
15.- Eta zelan ikusten dozu momentu honetan euskerazko blogosfera?
Asko hazi da eta orain ez dot dana kontroletan. Hasieran oso gitxi ginen eta ia guztiok ezagutzen genduan alkar. Orain, normaltasuna da nagusi, beste hizkuntza batzuetako blogosferetan bezela. Baina oso onuragarria dalakoan nago. Blogei esker, euskeraz idazten dauen jente kopurua inoiz baino altuagoa da.
16.- Irakurzale amorratua zarenez, zer deritxazu gaurko euskal literatureari buruz?
Ugaritasun handia dago, jente asko ari da idazten, genero desbardinak dagoz... Igoal arazo handiena irakurle faltea da. Gure irakurlegoa murritza da berez, hizkuntzeagaitik, eta euskaraz dakien jente askok be ez dau joten euskal literaturara. Falta jaku erakargarri egitea euskaldunentzat.
17.- Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Gazteentzako abenturazko nobela bat idazteko aukerea aztertzen, pentsetan nabil. Zeozer desbardina izango litzateke, orain arte egin dodanagaz zerikusirik ez daukana.
18.- Noizko helduentzako eleberria?
Momentuz, ez. Behar dot ideia zoragarri bat eta orduan ekingo deutsat horri. Baina, momentuz, etorten jatazan ideiak ipuinetarako dira eta ez dot ikusten beharrik gehiago luzatzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!