Euskarabidea eta Cervantes Institutuaren hitzarmena euskerea eta euskal kulturea atzerrian sustatzeko
2009-03-27 11:25 Euskerea berbagaiHitzarmenari esker, argitalpenak alkarri trukatuko deutsiez bi erakundeek eta Cervantes Institutuko erabiltzaileek Euskarabidearen Mediatekan sartzeko aukerea izango dabe mundu osoan eta, beraz, euskalkien gaineko ikus-entzunezko dokumentu-funtsa konsultau ahal izango dabe Cervantes Institutuaren egoitzetatik.
Xabier Azanza Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak eta Carmen Caffarel Cervantes Institutuko zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dabe bi erakundeen arteko lankidetza-esparrua ezartzeko eta euskerea eta euskal kulturea atzerrian sustatzeko Cervantes Institutuko ikastegi sarearen bitartez. Hitzarmenari esker, argitalpenak alkarri trukatuko deutsiez bi erakundeek eta Cervantes Institutuko erabiltzaileek Euskarabidearen Mediatekan sartzeko aukerea izango dabe mundu osoan eta, beraz, euskalkien gaineko ikus-entzunezko dokumentu-funtsa konsultau ahal izango dabe Cervantes Institutuaren egoitzetatik.
Hasiera batean hitzarmen honek bi urteko indarraldia izango dau baina luzatzeko aukerea egongo da. Horretarako, Jarraipen Batzordea sortu da, alde bakotxeko hiru kidek osotuta. Cervantes Institutuaren aldetik batzordekide dira Kultura zuzendaria, zuzendari akademikoa, eta Kudeaketa Komertzialerako eta Produktuaren Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria. Euskarabidearen aldetik, zuzendari kudeatzailea, Euskerearen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria eta Euskerearen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.
Bi erakundeek orain artean alkarlanean egindakotik nabarmen daiteke Eduardo Gil Bera nafar idazle euskaldunak Leipzigen (Alemania) igaz egin zan Liburuaren Azokan emondako hitzaldia, 'Gutxiengoen hizkuntzak, literatura handiak' izeneko jarduera programearen barruan. Azoka horretan Euskarabideak parte hartzea adostu eben Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea Hezkuntzako nafar kontseilariak eta Gaspar Cano Peral Cervantes Institutuak Berlinen dauen zuzendariak, kontseilari nafarra uri horretara joan zanean 'Expolingua' hizkuntzen azokan Euskarabideak izandako presentzia babestera.
Jakina danez, Cervantes Institutua Espainiako Gobernuak 1991ean sortu eban erakundea da eta bere eginkizunak dira espainiera sustatu eta irakastea, eta espainiar eta hispanoamerikar kulturea zabaltzea. Haren helburuen artean dago ikastaroak emotea gaztelaniaz eta baita Espainiako ganerako hizkuntza koofizialetan be'.
Bestalde, Euskarabidea Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa da eta haren eginkizunen artean dago Foru Komunidadetik kanpo bizi diran euskaldun taldeakaz harremanak sustatzea eta Nafarroatik kanpo kokatutako entidadeakaz alkarlana garatzea. Hori guztia, euskerearen presentzia, erabilerea eta ikaskuntzea sustatzearren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!