Tuteran dana prest Korrika 16 hasteko
2009-03-26 10:03 Euskerea berbagaiLehenengo kilometroan, Alizia Iribarren Tuterako AEK-ko irakasleak eroango dau lekukoa. Korrikak euskerara etorri edo itzuli diranak omentzen ditu aurten eta Iribarren da horreen eredu argietako bat. Elizondon familia euskaldun batean jaioa, Tuterara bizitera joan behar izan eban familiagaz hamar urte zituanean, eta han galdu eban ama hizkuntzea.
Gaur, martiak 26, arratsaldeko 17:30etan hasiko da Tuteran, Erriberan lehenengoz, 16. Korrika. Edizino hau orain arteko luzeena izango da, apirilaren 5ean, Gasteizko Ama Zuriaren plazara heltzean 2.503 kilometro beteko baititu. Ordurako euskerearen lekukoa milaka eskutatik igaroa izango da, baina lehenengo kilometroan Alizia Iribarren Tuterako AEK-ko irakasleak eroango dau. Korrikak euskerara etorri edo itzuli diranak omentzen ditu aurten eta Iribarren da horreen eredu argietako bat. Elizondon familia euskaldun batean jaioa, Tuterara bizitera joan behar izan eban familiagaz hamar urte zituanean, eta han galdu eban ama hizkuntzea. Baina bertan erabagi eban berreskuratzea be, eta gaur egun Tuterako AEK-ko arduraduna da. Alizia Iribarrenek, barriz, Argia ikastolako Elorri Askasibar neskatoari pasauko deutso lekukoa. Erribera euskaldunaren oraina eta geroa Korrika 16ren lehen kilometroetan.
Dana dala, hori guztia 16. Korrika martxan jarritakoan izango da, baina bitartean izango da zer gozau Nafarroako Erriberako uriburuan. Goizean bertan hasiko dira jolasak, tailerrak eta puzgarriak Tuterako ikastolan, eta hamaiketan Atxikistan, Kanpanolue martxan lana antzeztuko dau Eidabe taldeak.
Eguerdi aldera jai giroa AEKren euskaltegia dagoan Herrerias kalera zabalduko da txupinazoagaz, eta hortik aurrera, herri bazkaria, jotak, zanpantzarrak... egongo dira giroa alaitzen. Arratsaldeko lauetan Kukai dantza taldeak Soka ikuskizuna eskainiko dau, Korrikaren hasiera ekitaldiari bide emon baino lehen. Aitziber Sarasola AEKren Nafarroako arduradunak eta Edurne Brouard Korrika 16ren arduradunak emongo deutse hasierea aurretik 2.503 kilometro izango dituan Korrika 16ri. Herrian geratzen diranek, barriz, Trikizio taldearen kontzertuagaz gozetako aukerea izango dabe.
Lehenengo kilometroak
Alizia Iribarrenek jarriko dau lekukoa martxan Erribera euskalduneko geroaren esku ixteko, Argia ikastolako Elorri Askasibar ikaslearen eskuetan hain zuzen be. Korrika 16k Nafarroako Erriberan egingo ditu lehen eguneko kilometro guztiak eta inguruko hainbat herritar, erakunde eta gizarte eragilek hartuko dabe euskerearen lekukoa horreen ondoren, besteak beste, Tuterako Beterri Peñak, Reina Sofía Ospitaleko langileek, Erriberako LAB sindikatuak, Tuterako gaiteroek, herriko suhiltzaileek eta Tuterako Hizkuntza Eskolako ikasleek.
Behin Tutera atzean itxita, Kaskanten, berbarako, Erriberako ELA sindikatuak egingo dau bere kilometroa; Kastejonen, Mendialde Ikastetxe Publikoak; eta Kadreitan, Donibane Peñak eta Jaso ikastolako langileek.
Korrika 16 lau haizetara
Erriberako nafarrek bezela, milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzalek jarraituko dabe Korrika 16ren ibilbidea, eta aukera handia egongo da horretarako. Karreran bertan joango dan prentsa taldeak, bi argazkilari barne, zabalduko ditu lau haizetara ibilaldiko kontuak eta argazkiak. Hogei irratik baino gehiagok egingo ditue egunero konekzino zuzenak Korrikagaz karrereak iraungo dauen hamaika egunetan, eta hainbat egunkarik eta aldizkarik eskainiko deutsiez beren orrialdeak.
Korrika 16ren alde grafikoa be ez da bazter geratuko, karrerako argazkiak Interneteko http://www.flickr.com/photos/korrika16 helbidean egongo baitira doban eskuratzeko moduan. Bideoak, barriz, Euskaltuben batuko dira http://euskaltube.com/korrika16 helbidean.
Eta, azkenik, Korrika 16ren www.korrika.org web-gunean Lutxo Egiaren lankidetzea izango da. Idazle bizkaitarra karreran joango dan prentsa-taldeko kide izango da Korrikaren edizino honetan, eta egunero idatziko dau bertatik kronika txiki bat, 'Asfaltoaren arnasotsa' izenburupean, gauero Korrikaren webgunean jarriko dana. Soziologian lizentziau eta kazetaritzan ibilitako idazle gazte honek hainbat ipuin eta poema ditu idatziak, baina gehienbat nobelan saiatu da. 'Zubigilea' (Susa, 2007) izenekoa da bere azken eleberria. Nontzeberri.com kultura atariaren sortzailea be bada Egia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!