Arabako Bertsolari Txapelketeak baditu finalistak

Bizkaie! 2009-03-23 14:11   Bertsolaritzea

Kontuak kontu, apirilaren 4an Gasteizko Printzipal Antzokian kantauko daben sei bertsolariak Oihane Perea eta Manex Agirre (zuzenean sailkatuak), Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre izango dira.

Oihane Pereak lortu dau finalerako zuzeneko txartela eta Manex Agirregaz batera Iñaki Viñaspre, Rikardo Gonzalez de Durana eta Asier Otamendik izango dabe aukera txapela lortzeko

Arabako Bertsolari Txapelketan finalean kantauko daben bertsolariak zeintzuk ziran jakin asmoz, jente piloa batu zan Aramaioko kultur etxean jokatutako finalerdira. Idoia Beitiaren esanetara Oihane Perea, Ruben Sanchez, Zigor Enbeita, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa izan ziran kantuan. Saioa polita eta bizia izan zan, Enbeitak agurrean jakinarazo bezela 'dena ematera baino denei eman asmotan' taularatu baiziran bertsolariak. Xabi Igoarentzako lehenengo txapelketea izan arren, estreno ederra egin eban aramaioarrak. Oihane Perea dotore eta eroso ibili zan, eta egindako lanak finalean kantetako zuzeneko txartela eskuratzea ahalbidetu eutson. Asier, Ruben eta Zigorrek be taula gainean defendiduten badakitela erakutsi eben. Anderegaz batera Xabik jaso eban txalorik gehien, euren herrian kantaukeran 170 lagun hurreratu baitziran bertsolariei babesa eskaintzera.

Idoia Beitiak kartzelara bialdu aurretik egin beharreko lana ofizioka zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso izan zan. Horren ondoren, bakarka, bi puntu erantzun eta gaiari bi bertso bota behar izan zizkieten.

Saioa arratsaldeko bostetan hasi zan. Agurren ondotik Oihaneri, Rubenen taberna gainean bizi zala eta, astegoieneko zarataz kexu epaiketea ebitetako ahaleginetan Rubenegaz batu zala adierazo eutsen. Saioko txapelduna alternatibak proposatzen ibili jakon Sanchezi. Lehenengo bertsoan 'Seguru nago Ruben zarela langilea eta noblea/akordio bat behar dugu hemen, ipini kafe doblea!' bota zion. Rubenek sendo eutsi eutson bere lanbideari eta ofizio polita osotu eben biek. Zigorrek denpora luze batean hona ez etorteko kantau eutson kartzelariaren azaletik kaleratzeko puntuan aterantz joian Asierri. Otamendik kanpoan zelan bizi behar dan ahaztu jakola eta laster bueltauko zala agian erantzun eutson eta honen atzetik konforme azaldu zan 'hemen behintzat doba ditut jana eta teilatua' adierazoz. Andere eta Xabi bikote gazte bat izan ziran, lehenak umea euki nahi eban eta Xabik aldiz, ez. Gaztetasuna eta diru falteari gogor egin eutsen aurre aramaioarrek. Igoak itxarotea nahiago ebanez, eurentzako denborarik ez zutela eukiko umea izatekotan kantau eutson. Anderek beti bere gorputza gaztea ez dala izango eta, maitasuna baldin badago besterik ez ebala behar erantzun eutson.

Zortziko txikian saioak gora egin eban. Algara eta txalo artean, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeita ezkontzekotan zirala eta altarean abadearen zain egozala esan eutsen gai-jartzaileak. Rubenek 'halere arraroa bi gizonen boda/igual apaiza ere gaya izango da' esanaz ekin eutson ofizioari. Enbeitak agian tabernan egongo dala boda digeriduten kantau eutson eta hona Sanchezen erantzuna:

Bada ez da normala ni
Garaiz joatea
Familia ere hor dago
Eta ze pakea
Nahiz ta onartu duten
Gaya izatea
Jasango ote dute
Musu ematea?

Otamendi eta Arriolabengoaren atzetik, papelean eta edadean bete betean sartzea lortu eben Perea eta Igoak. 17 urteko bi mutil gazte ziran eta parrandatik bueltan putetxe baten ate aurretik gogoz kantau eben. Oihanek estrenoa mundiala XABI izango zalakoan honakoa erantzun eutson Xabiri:

Kartera erre dugu
Ekin eta ekin
Pagari atera nahian
Hainbeste etekin
Baina zalantza bat dut
Ta nahi nuke jakin
Zer egingo diguten
Hamar eurorekin!


Xabi Igoa fresko eta fin ibili zan, bere lehen txapelketea iza arren. Andere eta Asierrek be txukun osotu eben zortziko txikiko saioa eta Hamarreko txikiko ariketearen ostean aurkezleak bertsolariak kartzelara bialdu zituan. Ruben Sanchez eta Andere Arriolabengoak itxaropenaren telefonoan izan eben alkarrizketea nabarmentzekoa izan zan, baita Zigor Enbeita eta Oihane Perearen euskerazko mintzapraktikea be. Xabi Igoak eta Asier Otamendi irakasle eta ikasle papelean jarri zituen. Ataraldi politak izan zituen biek eta entzuleak barreka gogotik txalotu zituen bi bertsolariak.

Bakarkakoan danak fin aritu baziran be, Oihane Perea eta Asier otamendiren saioa nabarmendu ziran. Gaiak 'egutegiari Xak egiten ari zara, gero eta gitxiago falta da egun hori heltzeko' inoan. Otamendik minbizia dauenaren azaletik kirofanora joiala eta triste eta etsita egoala esanez holan amaitu eban bere lan puntuagarria: 'urte hontako egutegia daukat gurutzez josita/baina bazpare hurrengokoa ere daukat erosita'. Zigor eta Rubenek presoak izan zituen gogoan, eta Igoak txapelketeari kantau eutson. Halan da be, bakarkakoari distira gehien atara eutsona Oihaneren bakarkoa izan zan:

Hirurogehitabat urte dauzkat
Izan dut bizi eztia
Izan naiz oso langile fina
Ta batzutan amestia
Jubilazioa helduko da
Aibarruko abestia
Udaberria hori izango da
Irtengo da eguzkia
Eta orduan eukiko ditut
Denbora eta astia
Eta bueltatu beharko didate
Pagatutako guztia

Berrogehi urte luzetan nola
Xahutu dudan denbora
Lan kutre txar bat lortu nahi eta
Pasa behar mila froga
Niretzat hauxe ez da izango
Galbidea inondik inora
Manifetara joaten hasiko
Nahiz eta zeinen gustora
Joango naizen harri batekin
Poliziaren ondora
Eta orduan nire bigarren
Gaztaroa hasiko da


Sei bertsolariek egindako lana puntutan ordaindu eutsen epaileak, Oihane Pereari finalean kantetako zuzeneko txartela eskainiz 333,5 puntugaz eta hurranez hurran Asier Otamendiri 330,5 puntu emonaz Andere Arriolabengoa, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeitari 306,5 puntu eta azkenik Xabi Igoari 283,5 puntu

Kontuak kontu, apirilaren 4an Gasteizko Printzipal Antzokian kantauko daben sei bertsolariak Oihane Perea eta Manex Agirre (zuzenean sailkatuak), Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre izango dira. Sarrerak gaurtik aurrera Gasteizko Amaia Zentroan izango dira eskura edo martiaren 31tik aurrera Printzipalean bertan. Honenbestez sustraiak errotu egin dira. Orain, nor helduko dan puntara jakitea baino ez da falta. Sei buru eta txapela bakarra dagoan tokian hau baino ez da segurua: irabazi nahi dauenak gogor burrukatu beharko dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu