Eneko Pou: 'Talde ona erabagiorra da helburuak lortzeko'
2009-03-23 10:00 BarriketanEskalatzailea, Chañi Chicora (5.571 m.) Euskaltel Espedizinoko kidea, Iker Pou eta Jabi Baraiazarragaz batera
Kirol erronkea eta abenturea buztartzen dituan Chañi Chicora (5.571 m.) Euskaltel Espedizinoak gaur, hilak 23, emongo ditu lehenengo pausuak. Eneko eta Iker Pou anaiak eta Jabi Baraiazarrak gaur hartuko dabe Argentinarako hegazkina.
Munduko eskalatzaile onenetakoak, eskarmentu handikoak dira, sarritan sarituak eta eskalada librean eredu. Oraintsu 'Zazpi horma, zazpi kontinente' proiektua arrakasta handiz amaitu ostean, Jabi Baraiazarra argazkilari, kamera eta azken urteotan Pou anaien espedizinokideagaz batera, orain, barriz, sekula eskalu bako mila metro inguruko granitozko horma bategaz ausartuko dira. Ekipau barik dagoanez, 4-10 bat egun emongo ditue nahikoa bertikala dan horman, aurreikuspenen arabera, zazpigarren graduko zailtasuneko luzeak izango dituan horman. Ia sei mila metroko altuerea dauen mendia izanik, erronkea ez da makala.
1.- Beti bide barrien bila, kirol erronkea eta abenturea buztartuz, zer sentiduten zarie gehiago eskalatzaile, esploratzaile, abenturazale?
Eneko Pou: duda barik, gure lehenengo pausuak mendian izan ziran; txikitatik ibili izan gara gurasoakaz mendian, hurrekoetan, geroago Pirineotan, Alpeetan; danetatik egiten genduan, ibili, eskalau, eskiau eta holan. Gero hatxetan eskaleteari ekin geuntson serio baina dakizunez, azken aldion, abentura kutsu handiko eskaladatan gabilz eta, jakina, esplorazino, abentura, hasierako ezjakintasun ukutu hori sano garrantzitsua da. 'Zazpi horma, zazpi kontinente' proiektuan bide barriak urratu izan doguz eta orain be, nahikoa bakartia dan eta isolatua dagoan inguru batera goaz, Argentina iparraldeko Salta probintziara zehatz esateko, han be, Chañi Chico mendian bide barria zabaltzeko asmoz.
2.- 'Zazpi horma, zazpi kontinente' proiektua aitatu dozu eta izenak dinoanez, planetako zazpi hormarik deigarrienak eskalau zenduezan eta tartean, berbarako, Antartidan, Zerua Peak zeuok bataiatutako tontorrean, 'Azken paradisua' bidea zabaldu zenduen. Oihartzun handiena akaso, proiektuko azken zati horrek izan eban...
Bai, beharbada azkena izan zalako eta, gure ibilbidean abentura potoloena eta gatxena izan zalako. Kontuan hartu, Antartidara heltzeko 10 eguneko osterea egin genduala belaontzian Hornos Lurmuturra eta Drake Itsasoa tarteko. Gero, jakina, tontor ezezagunean bide barria zabaltzea, istorio polita, gogorra eta gogoangarria izan zan guretzako.
3.- Oraingo erronkea be ez da makala, Chañi Chico (5.571 m.) mendian, sekula eskalau bako mila metro inguruko horman, bide barria zabaltzea, hain zuzen be.
Bai, ilusino handiagaz goaz. Horma bitxia, interesgarria da, orain mende askotako Inkek erabili zituen bide komertzialetatik eta euren kulturan oso inportanteak diran lekuetara heltzeko bideetatik joango gara eta bertara heltzea be abenturea izango da, Saltatik 200 kilometro inguru lur orotariko ibilgailuetan, gero beste 4-5 egun astoetan; leku isolatua da, jente gitxi dabil han inguruetan eta esplorazino kutsu handia dauka oraingo saio honek. Hormea bera gatxa izango dalakoan gagoz, granitoa da eta zazpigarren graduko luzeak espero doguz. Lau eta 10 egun bitartean beharko doguz dana egiteko eta, beraz, egun horreetarako guztietarako beharrezko guztia aldean eroan behar dogu, 100 kilo inguruko petatea, 50 bat litro ur, eskaladarako materiala... Ganera, altueran eskaletea be gogorra da.
4.- Zailtasun teknikoari jagokonez, kaleko batek ulertzeko moduan, zelako hormea espero dozue?
Iker Pou: gauza handirik ez dakigu. Argazkiak baino ez doguz ikusi eta albotik, bide etzanago batetik tontorreratu diran batzuen oharrak baino ez daukaguz. Edozelan be, nahikoa horma bertikala espero dogu, tartean inguru etzanak be izango dituana eta beraz, gatxa izango dala pentsetan dogu, zailtasunean, 9. gradua gatxena izanik, zazpigarren graduko luze asko eta, akaso, zortzigarren gradukoak be topau geinkez. Granitoa da baina ez dakigu sendo egongo dan, jausteko edo askatzeko arriskua egongo dan eta arrakalarik eta zelako heldulekuak topauko doguzan. Hormearen luzera zehatza be ez dakigu, atara kontuak! Mila metro inguru dirala baino ez dakigu.
5.- 'Chañi Chicoren tontorra zapaldu aurreko eta osteko eskalatzailea ez da persona bera' dino legenda batek, hau da, personea aldatuazo egiten dauen mendia dala.
Ez dakit horrenbesterako izango dan. Mendi berezia da, historia handikoa eta guretzako oso erakargarria baina horrezaz gan, mendi honetan sentiduko dogun bakardadea be asko baloretan dogu. Benetako abenturea gura badozu holako lekuetara joan behar zara. Sentimentu berezirik eragingo ete deuskun? Aldatu egingo gaituala mendi honek? Bueltan kontauko deutsut.
6.- Zelan topau dozue Chañi Chicoren horma hau? Saltako Euskal Etxeko zuzendariagaz be hartu-emonak izan dozuez, ezta?
Eneko Pou: suberte handia izan dogu. Chañi Chico eta mendikate osoa ondo ezagutzen dauen Saltako persona bategaz, Emilio Turugaz kontaktau genduan eta gure harridurarako beragaz e-postaz izandako lehenengo idatzian, euskeraz erantzun euskun. Bigarren idatzian jakin izan genduan persona horren aitite nafarra zala eta, beraz, euskal jatorrikoa dala. Atara kontuak, Saltako Euskal Etxeko zuzendaria da egun.
Iker Pou: Argentinan hirutan egon gara, orain laugarren aldia izango da eta esperientzia bereziak bizi izan doguz bertan eta hartu-emon bereziak doguz hango eskalatzaileakaz. 2006an, ganera, erreskate lanetan be ibili ginan Patagonian, Fitz Roy ospetsuan eta, azkenean, jente asko ezagutzen dozu. Aparteko tratu horreei esker, horma honen barri emon deuskue, txibatazoa izan da.
7.- Norberaren mugea non dagoan deskubridutea, egindakoa gainditu gura izatea ondo dago baina arrisku puntu bat be asumiduten dozue holako abenturatan, ezta?
Jabi Baraiazarra: arrisku ahalik eta gitxien hartzen ahalegintzen gara. Edozelan be, arrisku puntutxu horrek berezitasuna emoten deutso ahaleginari. Orain egingo dogun espedizino honek antz handia dauka Himalayan eta inguruetan egiten diran espedizinoakaz eta zeozelan erakutsi gura dogu, holako espedizinoak egiteko ez dala beti leku berera joan behar, mila leku dagozala deskubriduteko eta disfrutetako. Oraingoan, gu hirurok baino ez goaz, beste laguntzailerik barik eta, jakina, abentura puntu hori areagotu egiten da.
8.- Argazkiak eta filmaketak egiteaz arduratzen zara Jabi baina intendentziaz eta Pou anaien arteko bakea ezartzeaz be arduratuko zara, ezta? Horman gora be ondo ibiliko zara, ezta?
Honeen moduan ez baina urte asko dira alkarregaz lanean eta zeozer ikasi dogu, bai (Barre algarea). Bakotxak ondo daki ze lan egin behar dauen. Pou anaiena, bidea zabaltzea eta eskaletea danez, nirea filmaketea eta argazkiak egitea da gehienbat. Baina, jakina, horman egun batzuk emongo doguzanez, hor sortuko jakuzan beste zeregin batzuk be izango dodaz, besteak beste, jatekoa eta materiala preparau. lagundu...
9.- Urte asko daroazuez alkarregaz eta emoten dau ondo konpontzen zariela. Dana dala, alkarbizitza arazorik izan dozue inoiz? Horman erabagi 'serio' bat hartu behar danean, bat etorten zarie ala desadostasunak izaten dozuez?
Eneko Pou: oso ondo konpontzen gara bestela ez ginateke barriro elkarregaz joango, hori da proba garrantzitsuena. Ondo ezagutzen gara, Jabik badaki zer dan Pou anaiakaz ibiltea eta lehenengo espedizinoetan izaten genduzan tirabirakaz 'flipau' arren, denporeagaz badaki zelakoak garen eta zelan funtzionetan dogun. Talde ona osotzen dogu eta hori erabagiorra da helburuak lortzeko.
Iker Pou: horman bertan hartu beharreko erabagietan ez gara sekula eraso fisikoetara heldu (Barreak) baina egia da eztabaida gogorrak eta errietak izaten doguzala baina normaltzat hartzen doguz ze erabagi bat ala bestea hartu erabagiorra izan daiteke gure osotasun fisikorako.
Jabi Baraiazarra: tartean izaten diran iskanbilak gehienetan anaien arteko 'kontuak' baino ez dira izaten eta kezkatu baino gehiago grazia egiten deustie; ganera, gauzak konpontzeko talde kopuru ona dogu, hau da, zeozertarako botazinoa egin behar bada, hirugarren bat tartean sartzea ona izaten da (Barreak).
10.- Chani Chicora (5.571 m.) Euskaltel Espedizinoa proiektu garrantzitsua da baina udarako beste ezustekoren bat daukazue, beste abentura erraldoi horreetako bat. Aurreratuko zeunkie zeozertxu?
Eneko Pou: ezin dogu asko aurreratu. Gauza bi esango deutsudaz: batetik, Euskaltelen babesa izango dogula proiektu horretan be eta, bestetik, proiektua teknikoki oso gatxa izango dala, gure ibilbideko proiekturik gatxena, akaso eta, ganera, aurreratuko deutsut ez garela oso urrun joango.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!