BBK sariketearen eta Bertsozale Elkartearen batzar nagusiaren balorazinoak

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-03-17 14:08   Bertsolaritzea

Ia konturatu barik Bertsolari Gazteen BBK Txapelketea finalerdietan parau jaku. Atzo bertan egin nituan epaile beharrak Juanjo Respaldiza eta Arkaitz Estiballesegaz batera Gabriel Aresti institutoan, eta aurreko saioen antzera, ez da emozino faltarik egon. Bestalde, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen batzar Nagusia jai-giroan amaitu zan.

Ia konturatu barik Bertsolari Gazteen BBK Txapelketea final-erdietan parau jaku. Atzo bertan egin nituan epaile beharrak Juanjo Respaldiza eta Arkaitz Estiballesegaz batera Gabriel Aresti institutoan, eta aurreko saioen antzera, ez da emozino faltarik egon. Bilboaldea eta Lea-Artibairen artekoa bigarrenek eroan eben eta honezkero egin dabe Bilboko Kafe Antzokiko finalean euren lekutxoa.

Lea-Artibaikoek ez dabe bide erraza euki, atzoko finalaurrekoa jokatu ahal izateko Busturialdearen kontra saio gatxa irabazi ebelako. Esperientziadun taldea da Busturialdekoa eta azkenera arte ez genduan jakin talde bietatik zeinek egingo eban aurrera. Eneko Arrate izan da Lea-Artibaikoen sorpresea. Gaztetxuagoa zala hasi zan bertsotan eta, aspaldian, bere kontura dabil. Gustura ibili dala igarri jako. Lehen saio honetatik Ander Elortegiren agurreko azken lau bertso-lerroak aitatu gura neukez. Eneko Ostolazari dedikauta dagoz:

Batez be Enekorentzat
besarkada beroenak
Eurentzat izan daitezela gaur
entzun diren txalo denak.

Bigarren saioa Durangon egin zan. Bertan Durangaldea eta Ipar Uribe ibili ziran bertsotan. Talde sendo bi eta bat kanpoan parau behar. Ezagun da talde biotako partaide gehienek sariketea ondo ezagutzen dabela. Azkenean Ipar Uribekoek lortu eben final-erdietarako txartela. Ipar Uribe edo Arratia izango da finaleko bigarren taldea. Arratiarrek, Enkarterriri irabazita, bihar Derion itxaroten eukiko ditue Ipar Uribekoak.

Albiste ona Enkarterriko talde barriarena, gogotsu hasi dira eta holan segidutea baino ez geunke gurako. Talde horretan eta gehienetan entzun dogu bizkaierea. Gero eta gehiago entzuten da ganera. Batzuk etxekoa, beste batzuk estandarragoa, danak eleganteak. Bertsolaritzearentzat mesedegarri eta beharrezko diranak.

Aurreko artikuluan esan neutsuen zita bi egozala martian: Bizkaiko Bertsolari Gazteen Eguna eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia. Bigarrenaren barri emongo deutsuet gaur. Batzarra ederto azaldu eben alkartekoek. Horretan ibili ziran Leire Markuerkiaga, Zihara Enbeita, Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes, Jokin Castaños, Fredi Paia… eta barriro be lehendakari izentaua izan dan Karmelo Uriarte.

Zenbakiak albo baten itxita, Jauregibarria jatetxera egin genduan osteratxua trikitixa, pandero eta Fredi Paiaren txiruleagaz batera. Bertso-triki-poteoa izan zan eta tabernarik taberna Castañosek, Iturriagak, Eneko Abasolo 'Abarkas'ek eta Fredi Paiak bertsoak kantau zituen.

Poteoaren ostean, afaria egin zan Propi jatetxean. Ehundik gora batu ginan giro onean. Postrea akabauta etorri ziran Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekueren koplak alkartea eta bertsolaritzea bera be irudikatzen; hobeto ezin barriz! Xabi Paia eta Onintza Enbeita mexikarrak, Amuriza aita-alabak, Peio 'Bonbero'… bertan egozan bertsolari guztiek urten eben kantuan.

Arrasti-gaba horretako argazki batzuk ekarri deutsuedaz Iñaki Iturriotz paparazziaren eta Leire Markuerkiagaren eskutik.

Ahaztu barik esan behar deutsuet eguenean, arrastiko seiretan egingo dala San Josetako bertso-saioa Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan. Bertan kantari ibiliko diranak: Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea Saioa Amuriza izango da. Ondo pasau!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu