Manex Agirre sailkatu da zuzenean Arabako Bertso Txapelketako Finalera

Bizkaie! 2009-03-16 11:08   Bertsolaritzea

Bertsolariak erregular ibili ziran oro har, eta danek itxi zituen ale ederrak. Halan da be, Agirre izan zan nabarmen gailendu zana. Ofizioka erraz moldatu zan aramaioarra eta, kartzelako gaian be, fin ibili zan habanera doinuan.

Zigoitiako aretoa betetzear hasi eben saioa atzo, Manex Agirre (334 puntu), Iñaki Viñaspre (324), Rikardo Gonzalez de Durana (313), Juan Mari Juaristi (311), Izar Mendiguren (298’5) eta Serapio Lopezek (260). Seiak izan ziran kantuan bi orduko lanean, Idoia Beitia gidari ebela.

Ehundik gora lagunek berotu eben Zigoitiako saioa. Bertsolariak erregular ibili ziran oro har, eta danek itxi zituen ale ederrak. Halan da be, Agirre izan zan nabarmen gailendu zana. Ofizioka erraz moldatu zan aramaioarra eta, kartzelako gaian be, fin ibili zan habanera doinuan.

Zortziko nagusian, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre ibili zirzn bikote moduan. Juaristi lanez lepo eta estresauta, eta Viñaspre, barriz, aspalditik langabezian. Etxeko zereginetan eta kanpoko lanetan ebilzan biak. Juaristik holan esan eutson Viñaspreri: 'etxean lana nik egiten dut / ta zuk berriz lana eman'. Erantzuna hauxe izan eban: '…zuk zure lana eman zaidazu/ ta ez dut lanik emango'. Jarraian, Serapio Lopez agure baten azalen jarri eban Beitiak, eta Manex, agureari konpainia egitera doan bolondresa bihurtu zan. Lorez jantzi eban Lopezek bolondresa, baina azken alean autortu eutsonez: 'seguru egon, zaindari, lagun, ez zela izango berdina/ asteak ditun zazpi egunetan zu etorriko bazina'. Manexen erantzuna zuzen joan zan: 'edukazioz eskatu ezkero hona etorri beharko / nik nire gustoz eiten dut lan hau ta ez naiz sentitzen txarto/ bale ba hona etorriko naiz, benga, aste guztirako/orain daukazun etsai txarrena/bakardadea delako'. Amaitzeko, Rikardo Gonzalez de Durana eta Izar Mendiguren guraso papelean, umea eskolaratu edo ez erabagiten jarri zituen.

Zortziko txikian, Lopezi kale egin eutson poto batek. Halan eta guzti be, saio ederra izan zan Iñaki Viñaspregaz batera bi medikuren azaletan sortutako ofizioa. Anbulategian lan nahikorik ez, eta gainera, etxera joaten jakez auzokoak minak eta kexuak atxakia. Ondoren, Ehiztari baldarren moduan usoak ezin harrapatu jardun eben Juaristik eta Mendigurenek. Manex Agirre eta Rikardo Gonzalez de Durana zein baino zein kantau eben alkarregaz. Lehen aldiz ugeriketa ikastaro batean izena emon eben bi jubilaturen larruan sartuta, lehen eguneko esperientziak hartu zituen gogoan. Gonzalez de Duranak txukun eta zuzen burutu eban ofizioa: 'ugerlekura gaur eginik bisita/lehenago jarrita baikeneukan zita /flotadorerik gabe, zerorri hasita/gero ni sartuko naiz zurea ikusita'. Eta Agirrek ederto zirikatu eban laguna 'zu atzetik bazatoz ez gabiltza txarto/largo batzuk eginda ondoren galako /ez jantzi aniojurik hori esan beharko /kloroa ona omen da kataratentzako'.

Boxeo mundua bertaratu eben hamarreko txikian. Baita bi abokaturen dibortzio epaiketa bat jarraitu be. Mendiguren eta Agirrek 8 hiletan munduko lurralde desbardinak ezagutu ahal izan zituen. Urte sabatikoari amaierea emon ala ez jardun eben.

Kartzelakoan bi punturi erantzuna eta bakarkako gaiari bina bertso bota behar izan eutsen bertsolariek. Puntuari erantzunak primeran bete zituan Viñaspre abetxukoarrak 'Bizitzako etapak hasi ta bukatu/ nahiago nuke beti umetan geratu/ garai hori ezin da hain erraz ahaztu/ guztia izaten bait zen jan, lo ta jolastu; Batzuk nahiago dute edonola segi/ eta nigan hori ere /ez al da nabari /umea naiz oraindik, tamaina gaitzerdi/ beti egiten ditut nahiko umekeri'.

Manex Agirrek habaneran kantau eban enpresa gizonaren rola hartuta. Gaia hauxe: Egoerak egoera, dimisioa aurkeztu behar izan dozu. 'Enpresa baten jabe naiz / nahiz ta iruditu bitxi/ lehenengo atea zabaldu / ondoren atea itxi/ baina akzioak dira/ lurran azpiraino jeitsi/ aukera egin behar nuen/ aurrera egin edo etsi/ langile denek zidaten/ ia aurpegia hautsi/ ordaintzeko omen neukan / oso oso diru gutxi /ta orain nahiz ta goikoek / neri hortzak erakutsi/duintasunak aukera/ ho(r)i besterik ez dit utzi'. 'Hasieran egin nuen/ aberastasunan gala/ sarrerak politak ziren/ aurrekontua zabala/ baina aurten iritsi da/ bai krisiaren itzala / ta diru guztia beruntz / joan zaigu berehala / triste nago, gaizki nago, / ez al da gauza normala /grafikoak bezalaxe / jeitsi egin zait morala/ dimitu egingo dut/ noski egingo dudala / ta egindako akatsak/ denborak barka ditzala'.


Bigarren finalerdia datorren domekan, martiak 22, Aramaion

Aramaioko saioan erabagiko da nor igoko dan, Manex Agirregaz batera, Printzipal Antzokiko oholtzara. Oihane Perea, Asier Otamendi, Xabier Igoa, Andere Arriolabengoa, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeitak kantauko dabe finalerako txartel bila Aramaioko Kultur Etxean. Arratsaldeko bostetan hasiko da saioa eta Lierni Altunak gidatuko dau.

Finala, barriz, apirilaren 4an izango da Gasteizko Printzipal Antzokian. 'Sustraiak errotuz kimu barriek loreak be badituela argi geratu bedi!'

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu