Aitziber Martinez de Lagos: 'euskeraz bizi dan eskolea bultzatzen dogu'

Saioa Torre Gereketa 2009-03-16 09:44   Barriketan
Sortzen Ikasbatuaz alkarteko ordezkaria

Sortzen Ikasbatuaz Euskal Eskola Publiko Barriaren aldeko alkartea Nafarroa Garaiko Sortzen eta EAEko Ikasbatuaz alkarteen bategitetik sortu zan. Alkarteak Nafarroa Garaiko, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hirurogei ikastetxetako hainbat kide ditu eta euskerea eta euskal kultura ardatz dituen eskola publikoa bultzatzen dabe. Bizi euskal eskola lelopean, Gure Jaia antolatu dabe -Ezkaba ikastetxearena da aurten ardura nagusia- maiatzaren 24rako Iruñeko Takonera parkean. Baina, hori baino lehenago, Bilbon, Botika Zaharreko parkean martiaren 18an, motorrak berotzen hasiko dira jai apalago bategaz.

Alkartearen Bizkaiko ordezkari Aitziber Martinez de Lagos izan dogu berbalagun jaien, alkartearen eta, orokorrean, hezkuntzearen egoerearen ganean berba egiteko.


1.- Euskal kulturearen oinarri garrantzitsuena euskerea bada be, euskaldunok jaietarako daukagun grinak ez dauka, ez, garrantzi gitxiago.
Zein izango da jai-egun horreetako aldarrikapen nagusia?

Aurtengoan, jai nazionalaren hamalaugarren edizinoa da, Bizi euskal eskola lelopean eta 'Alaitxo' izeneko logoagaz. 'Alaitxo' hodei bat da baina lora bat be izan daiteke eta horretan batzen da zabaldu gura dogun ideia: momentu honetan euskal eskola publikoak hodei zantzuak ditu ganean baina lora bat be izan daiteke, ondo zaindu ezkero, frutuak emongo dituana. Guk bultzatzen dogun euskal eskolea 'Euskal Eskola Publiko Barria' da, euskalduntzea oinarri hartuta, baina euskalduntzea zentzu guztietan, euskerea ardatz hartuta bai, baina baita euskal kulturea be. Izan be, D ereduko ikastetxeak izan arren, euskalduntzea ez da bermatzen. Jaiak ideia horreek aldarrikatzeko, gugaz bat egiten daben ikastetxe guztien arteko loturea bermatzeko eta, zelan ez, gure proiektua gizarteratzeko balioko dau.


2.- 'Alaitxo' maskotea lagun, ze ekimen antolatu dozuez jai handirako?

Maiatzaren 24rako egitaraua ez dago guztiz preparauta. Egun osoko jaia izango da eta ikastetxeetako ikasle, guraso zein langileek parte hartzen dabe. Eurek antolatutako hainbat ekintza egongo dira, tailerrak, jantzak, lehiaketak... Pirritx eta Porrotx be bertan izango dira eta, herri-bazkariaren ostean, gaztetxuei zuzendutako rock kontzertua antolatuko dogu. Baina, momentuz, egitaraua ez dago guztiz zarratuta.


3.- Zertan desbardintzen da Sortzen Ikasbatuaz ekimenaren zutabeak gainontzeko bilguneanakaz (Ikastolen Konfederazinoa, Euskal Eskola Publikoa, Udalbiltza...)?

Bultzatzen dogun eskola ereduak desbardintzen gaitu horreetatik. Guk euskeraz bizi dan eskolea bultzatzen dogu, baina, lehenago esan dodan moduan, euskerea zentzu osoan, euskerea eta euskal kulturea transmitiduten dauena. Euskalduntze hori hezkuntza komunidade osora zabaldu behar da, ez deusku balio langileak euskaldunak ez izatea. Kulturearen transmisinoa bermatzeko, Sortzen Ikasbatuaz bete-betean dago sartuta Euskal Curriculumaren proiektuan eta Euskal Curriculuma ardatz izango dauen eskolea gura dogu. Bestetik, pedagogia barritzailea be bultzatzen dogu, genero bereizketea indartuko ez dauen eskolea. Eta, zelan ez, eskola parte-hartzailea bultzatzen dogu, Administrazinoaren menpe egon barik, ikastetxe bakotxeko hezkuntza-komunidadeak antolatuko dauena.

Batez ere, publikotasuna defendiduten dogu eta, horregaz batera, guztiz euskalduna dan eskolea.


4.- Euskal Curriculumaren oinarrietan Sortzen Ikasbatuaz bilguneak be parte hartu dau, Ikastolen Konfederazinoagaz alkarlanean.

Proiektu hori Udalbiltzaren (hezkuntzearen ardurea herri osoarena dala ulertzen dogulako), Ikastolen Elkartearen eta Sortzen Ikasbatuaz-en ekimenez sortu zan. Ostean, bakotxak gure sarera ekarri dogu ekimenaren lanketea. Momentu honetan, Euskal Curriculumaren definizino-fasea amaituta dago, oraintsu jaso baitira ekarpenak. Orain, aplikazino-fasea dator.


5.- Zeintzuk dira Sortzen Ikasbatuaz-ek Euskal Curriculumari egindako ekarpen nagusiak?

Orain arte, Curruculum bateratua landu izan da, hau da, Euskal Herriko ikastetxe guztiek jarraitu beharreko ardatz nagusiak. Guk, espezifikoagoa egin nahi dogu eta, horretarako, ikastetxeetako egunerokotasuna aztertu behar da, bertan lanean dabizanek inork baino hobeto dakie-eta nondik jo behar dan. Guk ekarpen horreek egin doguz, Curriculuma aberastuz eta zehaztuz.

Bestalde, kanpoko hainbat eragile dagoz (alkarte ekologistak edota feministak, berbarako) zeresan handia dabenak eta guk euren ekarpenak be kontuan izan doguz, batez be aberastasuna eta aniztasuna bermatzeko.


6.- Euskerearen normalizazinoan pausuak emoteko, hezkuntza ereduen arteko 'murgiltze eredu' baten alde egiten dozue. Zertan oinarritzen da eredu hori?

Murgiltze eredua da zero urtetik ikasketak amaitu arte euskerea izatea ikaste-prozesuaren ardatza. Hau da, euskeratik abiatu behar da beste hizkuntza batzuk jasoteko. D ereduak edukiak euskera hutsean emon arren, horrek ez dau bermatzen ikasle hori euskalduna danik, euskerea eskola hizkuntza moduan hartzen dalako askotan. Horregaitik, garrantzitsuena euskerea eta euskal kulturea transmitidutea da.


7.- Eredu horretatik abiatuta, ikasle elebidunen eta euskaldun eleanitzen arteko bereizketea be egiten dozue.

Hori da, bai. Euskaldun eleanitza da euskeratik abiatuta eleaniztasuna lortzen dauen ikaslea. Horretarako, ezinbestekoa da euskerea ardatz dauen ikastetxea izatea, euskerea oinarri hartuta beste hizkuntza batzuk ikastea.


8.- Eta D eredua ez al da, ba, euskerean oinarritzen?

Bai, baina D ereduak ez ditu helburuak beteten eta Administrazinoak ataratako datuetan ikusten da hori. Euskerea ez da transmitidu beharreko hizkuntz huts bat, euskal kulturea be transmitidu behar da. D ereduan, oraindino be, hainbeste ikastetxe dagoz langileria ez dana euskalduna eta murgiltze ereduak eskatzen dauena da ikastetxe osoak euskeraz funtzionetea.


9.- Alkarteak hainbat ikastetxe-kide ditu Nafarroan. Ze balorazino egiten dozue hango egoereaz? Eta zelan etor daiteke etorkizuna?

Momentu honetan, azken bi urteotan izandako aldaketak atzerapausu moduan baloretan ditugu. Til edota Hello ereduen sorrereagaitik. Lehen, Nafarroan euskerea onartzen eben eskoletan bigarren mailako hizkuntza eredu moduan hartzen bazan, orain, eredu barriakaz, hirugarren mailako hizkuntza bihurtu da. Prestigioa kendu gura deutse euskereari, ingelesa goraipatzeko. Guk ez dogu txarto ikusten beste hainbat hizkuntza eskuratzea, ingelesa izan daitekeen moduan arabiarra be izan daitekelako ze etorkinak dagozan ikastetxeetan euren kulturea ezagutzeko eta bultzatzeko aukerea egon behar leuke. Baina Nafarroako gobernuak ingelesaren beharra agertu dau euskerearen kontrara.


10.- Arlo politikoan dagoan nahasteagaz eta gobernura etor daitekezanak ikusita, zelan ikusten dozue euskal hezkuntza arloaren etorkizuna?

Alkarte moduan, oraindino ez dogu balorazinorik egin, batez be ez dakigulako zer pasauko dan. Dana dala, guk bardin-bardin segiduko dogu lanean, orain arte be, Administrazinoagaz alkarlanean ibili arren, beti izan doguzalako tira-birak, Euskal Curriculumaren proiektuan edo Euskal Unibersidadearen proiektuan trabak jarten dituanean, besteak beste. Hizkuntza ereduen kontuagaz hogeta sei urte pasau dira egungo A, B, D ereduen mapak ez dauela ondo funtzionetan onartu arte, D ereduak ez dauela ikaslearen euskalduntzea bermatzen autortu daben arte. Aurten, proposamen barria jarri dabe mahai gainean baina ez da onartu legegintzaldia bukatu orduko eta, beraz, lana erdizka geratu da eta ez da Legebiltzarrera eroan.

Administrazinoan batzuk edo besteak egon, gatxagoa ala errezagoa izango ete da? Ez dakigu. Guk dakigun bakarra da orain arte be trabak izan doguzala baina gure helburua ikastetxeakaz lanean segidutea da. Administrazinoagazko menpekotasuna, batez be sare publikoan, murriztu egin behar litzateke eta guk ikastetxeen autonomia maila altua aldarrikatzen dogu. Hortik abiatuta, guk gure lana egiten segiduko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu