Martiaren 12tik 15era, Korrika 16k diru-batzea egingo dau
2009-03-11 10:32 Euskerea berbagaiKorrikaren arduradunek gogoratu dabe helburuetako bat AEK-k Euskal Herri osoan egiten dauen lana sustatu ahal izateko beharrezkoak diran baliabide ekonomikoak eskuratzea dala, hau da, euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua batzea.
Korrika guztietan legez, oraingoan be diru-batzea egingo dau Korrika 16k Hego Euskal Herriko herri guztietan, martiaren 12tik 15era. Korrikaren izenean herritarren alkartasuna jasoko daben AEK-ko kide guztiek identifikazinoa eroango dabe.
Korrikaren arduradunek gogoratu dabe bere helburuetako bat AEK-k Euskal Herri osoan egiten dauen lana sustatu ahal izateko beharrezkoak diran baliabide ekonomikoak eskuratzea dala, hau da, euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua batzea.
Diru-batzeaz gan, 'Korrika lagun' kanpainea be jarri dabe martxan. Kanpaina honetan, diruz lagundu gura daben denda, taberna, enpresa eta ganerakoei 'Korrika lagun' dinoan txarteltxoa emongo deutse AEK-ko kideek. Kanpaina honetan lanean dabilzan kide guztiek be akreditazinoa eroango dabe.
Bestalde, 2008ko zemendiaren 14an, Korrika 16ren aurkezpenagaz batera, webgunea be martxan jarri zan: www.korrika.org. Bertan, Korrika 16ren, Korrika Kulturalaren eta Kulturbiraren ganeko informazinoagaz batera, hilebete honeetan egindako aurkezpen guztien bideoak eta argazkiak eta Korrikako erropea erosteko nora jo behar dan ikusteko aukerea dago.
Ganera, aurreko Korriketan martxan jarritako Ziberkorrika honezkero martxan dagoala be jakinarazo dabe, 'Euskal Herritik kanpo bizi diran euskaltzaleei ondoetorria emoteko asmoz. Euskal Herriari bueltea emoten deutson Korrikaren kilometroak saltzen diran moduan, Interneten antolatu dogun Ziberkorrika honetan mezua mundu osoan zabalduko dituen ziberlekukoak eskainiko dira, borondatezko diru ekarpen bat eginda', azaldu dabe.
www.korrika.org webgunean atal berezia eskaini jako 'Bidaia intimoak' dokumentalari. Jon Maiak zuzendutako eta Orio Produkzinoak etxeak produzidutako lan horregaz omenaldirik xumeena eskaini jake 'euskeraz bizi gura dogunon herrira datozan guztiei'. Aitaturiko atalean, dokumentalaren zirkuitua zehazten da, hainbat herritako kultur etxe, antzoki, gaztetxe eta lantokitan baitago ikusgai.
Ezker Abertzalea
Bestalde, AEK-k Bilbon daukan egoitza nagusian, Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard eta AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikagaz alkartu dira Tasio Erkizia eta Itziar Lopategi Ezker Abertzaleko kideak, euskerearen aldeko lasterketeari babesa agertzeko.
Tasio Erkiziak AEK eta Korrikaren lana 'txalotu' dau eta Ezker Abertzaleak Korrika 'herriz herri eta auzoz auzo, Euskal Herri osoan bultzatzeko' konpromisoa hartuko dabela adierazo dau.
Bestalde, Edurne Brouardek Ezker Abertzaleari eskerrak emon deutsoz barriro Korrikari bere babesa agertzeagaitik. 'Eskertzekoa da betidanik zuen atxikimentua izatea', adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!