Alvaro Rabelli: 'euskereak lagunak behar ditu eta ez arerioak'

Koldo Isusi Zuazo 2009-03-09 11:05   Barriketan

'Euskera para Hispanohablantes'/ 'Espainoldunentzako Euskara'-ren egilea

'Euskera para Hispanohablantes'/ 'Espainoldunentzako Euskara' liburua plazaratu barri dau Alvaro Rabelli (Basauri, 1969) filologoak. Sano idazle emonkorra da, gogoan doguz, besteak beste, 'Basa gurina' bildumarako idatzitakoak zein 'Egurrezko hankak' ipuin liburua, edota 'Odisea'. Egun, Mirandako Hizkuntza Eskolako euskera irakaslea da eta literatur kritikea be lantzen dau. Horrezaz gan, Gasteizko filologia fakultadean Jon Kortazar literatura katedradunak zuzentzen dauen ikerketa taldekoa da.


1.- 'Euskera para Hispanohablantes'/ 'Espainoldunentzako Euskara' euskerea ikasteko metodoa al da?

Madriletik Atenea argitaletxearen Euskal Liburutegi Elebidunaren eskutik etorri jatan eskaerea izan da liburu honen jatorria. Izenburuak berak adierazoten dauenez, euskerea ikasteko metodoa da, euskaldunak ez diranentzako liburua. Edozelan be, euskeraz badakienarentzako be aberasgarria izan daitekela pentsetan dot. Gaztelaniazko sarrerearen ondoan euskerazko itzulpena dator eta liburuaren beste berezitasun bat nabarmendu gura neuke, hau da, ahoskerearen arloan egindako ahalegina, hain zuzen be. Euskeraz ez dakian batek euskera moduko hori ahoskatu ahal izateko moldapenak sartu dodaz; ez da inondik inora akademikoa baina sano lagungarria izan daiteke hasibarrientzako (j, tz, z, ts, tx eta enparauak zelan ahoskatu).

Hizkuntza guztietan dagoz holako eskuliburuak, momentuan irakurteko modukoak, boltsikoan eroan eta beharrizana dagoanean erabilteko modukoak. Beharbada, hemen egin diran antzeko esperientziakaz konparauta, liburu honek sakonago jorratzen ditu gaiak. Hiru ataletan banatuta dago (Ahoskerea eta azentua; 14 egoera komunikatibotan (Lana, familia, etxea, bidaiak, enpresa...) oinarritutako atala; eta, azkenik, gramatikea, gaztelaniaz azaldua, aditzaren arloa nahikoa zabal jorraturik.

Euskerara lehenengoz hurreratzen diranantzako zein maila txikia edo erdi mailakoa dabenentzako be aproposa da.


2.- Etorkinak euskerara erakartea ei da euskerearen biziraupenerako giltzetako bat. Bat zatoz eretxi horregaz?

Bai, etorkinak gure gizartearen etorkizuna diran neurrian. Etorkinakaz gorabehera batzuk daukaguz, izan be, hasteko etorkinak euskerara erakarteko guk eskuzabalago jokatu beharko geunke eurekaz, gure herria eta gure hizkuntza erakutsi... Zeozelako ondo-etorri protokoloa jarraitu beharko geunke eta oinarri-oinarrizkoa da jarrera abegitsua. Etorkinek ondo dakie zer dan funtzionala izatea, beharra, dirua, biziraupena eta hori guztia kolokan jar leiken guztia baztertu egiten dabe. Esangura horretan, ikusten badabe euskerea dala ezertarako behar ez daben hizkuntzea bazterrean itxiko dabe. Beraz, ahalegin berezia egin behar da batetik, jarrera eta sentsibilidade kontuan eta, bestetik, hizkuntza politiken diseinuan.


3.- Ganerakoan, euskerearen normalizazinorako beharrik handiena erabilerea indartzea eta sendotzea ete da? Badago horretarako botikarik?

Botika bakarra ez dago. Sendagarri bat baino gehiago aldi berean erabiltea komenidu da. Euskerea euskaldun askorentzat borondatezko kontua dan neurrian, borondate horri laguntzen deutsien gauza eta ideietan sakondu behar da. Horrezaz gan, familia barruko transmisinoa bermatzea be nahitaezkoa da. Maila askotan, berbarako, administrazinoan, euskerea kanpoko hikuntzatzat hartzen da. Guri titulazinoa eskatzen deuskue euskaldunak garela erakusteko, hau da, guk ez dogu erakusten euskerea dakigun gure lanean, egiten doguzan gauzetan ez bada titulazino baten bitartez. Admnistrazinoan gogoeta berezia behar dala pentsetan dot.

Euskerearen beraren globalizazinoa be gogoan hartzekoa da. Euskerea mundura zabaldu behar dogu, euskerea ez da euskaldunona bakarrik. Beste edozein hizkuntza bezela altxorra da eta ideia hori zabaldu behar da.

Bestetik, oraindino gizartean, politika mailan doguzan aurreretxiak baztertu beharko geunkez ze horrek indar handia kentzen deusku; gizarte gatazkatsuan bizi gara eta horrek ez deusku ixten zama hori arintzen. Kontua da ze euskerearen aldeko indar guztiak ez doazela norabidea bakarrean, askotan alkarren kontra doaz. Kontuak kontu, euskereak lagunak behar ditu eta ez arerioak.


4.- Irakaskuntzako hizkuntz ereduen erreformea zelan ikusten dozu? Hizkuntz eskakizunakaz malguago jokatu beharko litzateke?

Malguago jokatu behar da malgu jokatu behar danean baina nagusitasunez jokatu behar danean, nagusitasunez jokatu behar da. Esan gura dot, inposizino usain txikiena eta lehen esan deutsudan legez, batez be, politika mailan ikusten diran alderdikeriz zipriztindutako jarrerak, aurreretxiak baztertzea komenidu da. Egia da gurean bizi dogun egoereak ez dauela larregi laguntzen. Nik uste dot gizarte osoak onartzen dauela mundu guztiak euskalduna izan behar dauela eta, gauzak holan dirala, eztabaidea berehala amaitzen da. Zoritxarrez badagoz kontrako eretxia dabenak be.

Edozelan be, nik neuk eredu bakarra ezarriko neuke, gaztelania baztertu barik baina euskerearen jakintza eta erabilerea bermatuko leukean eredua. Ganera, elebitasunaren bidetik baino eleaniztasunaren bidetik joko neuke, holan, beste hizkuntza batzuk tartean sartuta, gaztelania eta euskerearen arteko dikotomia eta eztabaidea apurtu eta jentea konturatuko litzatekelako hizkuntzek balio handia dabela.


5.- Ortzadar Ipuin Lehiaketan parte hartuz sartu zinan literaturearen munduan. Ipuingintzeari lotutako idazlea zarela kontuan hartuta, hasiera horrek gogoeta berezirik eragiten deutsu?

Basauriko Ipuin Erotikoen lehiaketea izan zan nire lehenengo esperientzia literatureagaz orain 10-12 bat urte. Kasualidadez abiatu nintzan, ia-ia euskeraz idazten jakin barik baina hortik aurrera lehiaketa askotan parte hartu izan dot eta Ortzadarrena izan zan lehenengoa zeozelako frutua emon eustana ze argitaletxeen mundura hurreratu nintzan eta Jon Kortazar ezagutu neban, geroago nire irakaslea izango zana.

Kontuak kontu, nik gaur egun be ez dot nire burua idazletzat hartzen. Euskaltzalea naz eta zaletasun horretan hainbat gauza egiten dodaz. Egia da behin hasita ahaleginak egin dodazala arlo honetan aurrera egiteko. Dakizunez, 'Egurrezko hankak' ipuin antologia bat daukat argitaratuta Labayrugaz. Gero argitaletxeagaz beste narrazino bat argitaratu neban; Txalapartagaz ipuin erotikoena... Nire ustez, simulakro txiki batzuk baino ez dira; holako batzuetan hurreratu naz nik nahi neban tonura baina oraingoz simulakro mailan kokatzen dodaz ahalegin danak.


6.- Zenbait lehiaketa irabazi eta zenbait ipuin han-hemenka argitaratu ostean, 'Egurrezko hankak' ipuin liburua argitaratu zenduan, bizkaieraz, mikro-ipuinak eta ipuin luzeak tartekatuz. Zeintzuk dira Bizkaiko euskal idazleen ipuingintza modernoaren ezaugarriak?

Gaur egun euskal ipuingintza garaikidearen ganeko tesia egiten nabil. Aitatu dozun Bizkaiko idazleen ganeko ikerlan hori hasierako lagin edo behar bat izan zan eta esan behar deutsut ez dagoala alderik, alde bakarra da hemengo idazle batzuk bizkaieraz idatzi izan dabela. Egia da, Bizkaiko idazle batzuen artean badagozala periferiaren ezaugarri batzuk; gogoan hartu euskal literaturearen zentroa Gipuzkoan dagoala, han dagoz industria, argitaletxe nagusiak eta gu, Bizkaian periferia baino ez garela.

Kontuak kontu, unibersidadeko ikerketa taldearen barruan, aurten, urte akaburako argitaratuko dogu ipuingintzearen ganeko beste liburuki bat. Ipuingintzearen ikuspegi orokorra hartzen dauen lanik oraindino ez dago eta uste dot lan interesgarria izango dala.


7.- Gasteizko filologia fakultadean Jon Kortazar literatura katedradunak zuzentzen dauen ikerketa taldekoa zara. Lantalde zabal horretan, ikerketa adar moduan, euskal literatura garaikidea abiapuntutzat hartuta, periferiak sortzen dauen ahots literarioaren ezaugarriak lantzen dozuez. Nora doa euskal literatura garaikidea? Musika eta bertsolaritza arloetatik literaturara salto egitea salto naturala al da?

Euskal literatura garaikidea aurrera doa. Guk hartu dogun denpora tartea azken 20 urteko ibilbidea da. Tarte horretan, urte gitxitan pasau gara literatur sistema ahula izatetik, zeozelako sistemea izatera, sistema txikia baina egonkorra. Belaunaldiz belaunaldi, jente barria dator, emakume idazleak be asko ugaldu dira, kulturearen feminizazinoa atzemoten da baina berez datorren prozesua da, ze gehien irakurten dabenak emakumeak dira eta, beraz, sortzaile zeregin horretan ikustea normala be bada.

Musika eta bertsolaritzatik literaturara egiten dan saltoa aitatu dozu eta pausu naturala dala pentsetan dot, sormen esparru desbardinak izan arren nahikoa lotuta dagozalako. Musikea, berbarako, olerkigintzeagaz beti egon da hartu-emonetan eta bertsolaritzeagaz be bai jakina. Esparru horreetan danatan hizkuntzea da langaia eta beraz, esperientzia danak dira aberasgarriak.

8.- Euskeraz irakurri eta gustau jatzun azken liburua zein izan da? Zergaitik?

Kirmen Uriberen lehenengo nobelea: 'Bilbao-New York-Bilbao' asko gustau jat. Idazle ondarrutarrak bere familiaren hiru belaunaldiren historia kontetan deusku eta gustau jat euskeraz oso gitxitan egin diralako holako lanak, hau da, idazlea biluztu egin da, barruko sentimendu guztiak atara ditu. Liburu modernoa, samurra da.


9.- Azken 4 urteak Gaztela-Leongo Mirandan emon dozuz eta bertan jarraitzen dozu, bertako Hizkuntza Eskolan euskera irakasle. Zelako esperientzia da?

Oso gustora nabil. Kasualidade hutsa izan zan. Arraroa emoten badau be, Mirandako Udalari otu jakon beharrezkoa zala euskera eskolak emotea herrian eta kostata baina holan abiatu zan kontua Gaztela-Leongo administrazinoaren menpeko Hizkuntza Eskolan. Bitxia da, kasu honetan, Gaztela-Leonek gehiago egitea euskerearen alde Arabak baino. Orain dala lau urte hasi ginan 150 ikaslegaz; egun, sei mailak emoten doguz. Aurten, 90 bat ikasle dabilz. Irakasleak, barriz, hiru gara eta neu nabil ikasketa buru.

Zergaitik Miranda? Mirandak hartu-emon handiak izan ditu Arabagaz eta Bilbogaz. Euskaldun asko bizi da han. Nire ikasle gehienak behargin helduak dira, Osakidetza eta Arabako Foru Aldundikoak baina gazteak be badagoz, Mirandakoak bertakoak zein Arabakoak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu