Euskerearen ezagutzea legez zigortu gura dau Nafarroako Gobernuak
2009-03-06 14:57 Euskerea berbagaiBehatokiak prentsaurrekoa egin dau gaur Iruñean, joan dan urtarrilaren 19an Nafarroako Justizia Auzitegian Aurrekontuen Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriaren kontra aurkeztutako helegitea tramitera onartu izana aztertzeko.
Behatokiak prentsaurrekoa egin dau gaur Iruñean, joan dan urtarrilaren 19an Nafarroako Justizia Auzitegian Aurrekontuen Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriaren kontra aurkeztutako helegitea tramitera onartu izana aztertzeko.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok gogoratu dauenez, 'helegitea urtarrilaren 19an sartu bazan be, zezeilaren 2ra arte ez eben itzulpena egiteko agindu, eta martiaren 4ra arte ez dabe tramitera onartu. Prozedura juridikoetan euskerea erabiltearen alboko kalte-ondorioa beste behin'.
Bilbaok gogora ekarri dauenez, Aurrekontuen Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak honako hau jaso eban: 'Hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazino Publikoetako edozeinetan, euskeraz edo Europar Batasuneko edozein hizkuntza jakin beharra daben lanpostuetan sartzen diranek, aurrerago, beren administrazino publikoan hutsik dagozan eta hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa daben lanpostuak beteteko deialdian baino ez dabe parte hartu ahal izango'.
Behatokiak 2003. urtean Osasunbideako lan-deialdietan jasotako antzeko artikulua errekurridu eban, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak arrazoia emon eutson. Izan be, epaiak jaso ebanaren arabera, hizkuntza bat ezagutzea 'plus' bat da, eta ezagutza horrek beste kategoria eta maila bereko lanpostuetan parte hartzeko aukera murriztea langile horreek zigortzea zala ebatzi eban. Are gehiago, epai horreen ondorioz, 29/2003 Foru Dekretuaren 18.3. artikulua be bertan behera geratu baitzan.
Behatokiaren arabera, 'bereizkeria-arrazoiez gain, holako aldaketa bat Lege baten bidez egin behar zala ebatzi eben epaileek. Holan egin dau Nafarroako Gobernuak UPN, PSN eta CDNko parlamentarioen babesagaz. Hau da, Aurrekontuen Legea berabili dau bereizkeria hori legezko bihurtzeko'.
'Ohituta gagoz Nafarroan eskubide-murrizketak legeen bidez arautzen dirala ikustera. Halan da be, oraingoan Gobernuak eta parlamentariek langileen oinarrizko eskubideei be muzin egin deutse', salatu dau Behatokiko zuzendariak. Gaineratu dauenez, 'Parlamentuak bost eguneko epea dauka helegitearen inguruko txostena sartzeko eta, tamalez, badakigu justiziaren aurrean herritar xumea erabat babes barik dagoala. Beraz, ez dogu epaitegiaren aldetik erantzun positiborik espero. Dana dala, Gobernuak eta horren aldeko botoa emon eben parlamentariek jakin behar dabe euskerearen ezagutza zigortzeko legea jarri dabela indarrean'.
Paul Bilbao Euskarabideari zuzendu jako, egoera honen aurrean 'ezer egin behar ez ete dauen' galdetzeko. 'Hau al da Euroituna beteteko bidea?', galdetu deutso Euskerearen Nafar Institutuari.
Lan eskaintza publikoa
Era berean, Behatokiak gaurko prentsaurrekoa erabili dau, Nafarroako Gobernuak iragarri dauen lan eskaintza publikoaren inguruko balorazinoa agertzeko. Jasotako datuen arabera, 1.189 lanpostu barri eskainiko dira.
Bilbaok azaldu dauenez, 'oraingoan, ingelesaren ezagutza merezimendu legez balorauko da hainbat lanpostutan. A eta B mailako lanpostuetan ingelesaren ezagutzak % 10eko puntuazinoa har leike'. Behatokiak oso bitxitzat jo ditu Javier Caballero kontseilariak esandakoak: 'No restará puntos el no saber inglés, pero dominarlo puede llegar a ser decisivo para cubrir una plaza'. Behatokiaren eretxiz, beste zeozer erantsi beharko leuke kontseilariak: 'euskerearen ezagutza egiaztatzeak eskubideak murriztu ditu'.
'Euskarabideak 2008ko irailean Dekretu-zirriborroa aurkeztu eban euskerea merezimendu legez baloretako eremu mistorako lanpostuetan. Euskeraren Nafar Kontseiluak onartu egin eban zirriborroa, baina Dekretua ez dago oraindino indarrean. Beste iruzur bat egingo al dabe Dekretua deialdien ostean argitaratuta? Orduan esan genduan Dekretu horrek gitxienekoak be ez zituala errespetetan, eta halan da be, oraindino ez dago indarrean', salatu dau Behatokiak.
Arrazoi horreengaitik, galdera zuzena egin deutso Behatokiak Euskarabideari: 'Ez al dau ezer esan behar horren aurrean? Ez al da bereizkeria Nafarroan berezkoa eta ofiziala ez dan hizkuntza baten ezagutza merezimendutzat hartzea?'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!