EAEko hiru unibersidadeetako 400 ikaslek parte hartuko dabe Euskadiko IX. Unibersidade arteko Kirol Txapelketan

Bizkaie! 2009-03-04 14:51

Txapelketea Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzeak babesten dau, eta Mondragon Unibersidadeko (MU), Deustuko Unibersidadeko (DU) eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) ikasleak 16 kirol modalidadetan lehiatuko dira, Euskadiko txapeldun titulua lortzeko.

Euskadiko Unibersidade arteko Kirol Txapelketearen bederatzigarren edizinoa jokatuko da bihar, martiak 5, Mondragon Unibersidadeak (MU) antolatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibersidadeetako 400 ikaslek hartuko dabe parte: 100 emakumezkok eta 300 gizonezkok. Hitzorduak bihar izango dira Debagoieneko bi herritan, hain zuzen be, Arrasaten eta Aretxabaletan. Unibersidateko ikasleen artean kirola sustatzea da txapelketearen helburu nagusietako bat.

Txapelketea Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzeak babesten dau, eta Mondragon Unibersidadeko (MU), Deustuko Unibersidadeko (DU) eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) ikasleak 16 kirol modalidadetan lehiatuko dira, Euskadiko txapeldun titulua lortzeko. Horretarako, aurrez lehiatu dira hiru unibersidadeetako fakultateak, beren unibersidadea Euskadiko hiruko txapelketa horretan ordezkatuko daben modalidade bakotxeko irabazleak aukeratzeko.

Euskadiko IX. Txapelketea irabazten daben ikasleek Espainiako Unibersidade arteko Kirol Txapelketan hartuko dabe parte, apirilaren 20tik maiatzaren 12ra bitartean, Vigon, Kantabrian, Leonen, Valladoliden, Zaragozan, Granadan eta Almerian. Munduko Unibersidade arteko Kirol Txapelketako Nazinoarteko Txapelketak, nazinoarteko hainbat lekutan egiten diranak, unibersidade arteko kirol-hitzorduaren hurrengo urratsak izango dira.

Bihar, 149 ikaslek ordezkatuko dabe Mondragon Unibersidadea, 115 ikaslek Deustuko Unibersidadea, eta Euskal Herriko Unibersidadearen izenean, barriz, 154 ikasle lehiatuko dira. Horreek guztiak txapelketearen bederatzigarren edizinoko titulua lortzeko lehiatuko dira euren artean.

Eskubaloia, errugbia, eskupilota, gomazko paleta, saskibaloia, frontenisa, squasha, mahai-tenisa, xakea, futbola, areto futbola, futbol 7, tenisa, padela, eskalada eta waterpoloa dira jokoetako 16 modalidadeak. Lehiaketak Arrasateko Iturripe, Musakola eta Uarkape kiroldegietan eta Aretxabaletako futbol zelaian egingo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu