'Basque Audiovisual' markea egongo da Cannes-eko ikus-entzunezkoen azokan

Bizkaie! 2009-03-04 14:37   Euskaldunak munduan

Erakusmahaiak MIPTV Ikus-entzunezko Edukien eta Eduki Digitalen Nazinoarteko Azokan parte hartuko daben 12 euskal enpresak batuko ditu. Azoka hau munduko garrantzitsuenetakoa da arlo honetan, eta martiaren 30etik apirilaren 3ra bitartean egingo da Frantziako Cannes urian.

Basque Audiovisual izenagaz, ia 20 metro koadroko erakusmahaia jarriko da Canneseko (Frantzia) Palais des Festivals jauregiko pabiloi nagusian, MIPTV Ikus-entzunezko Edukien eta Eduki Digitalen Nazinoarteko Azokan parte hartuko daben 12 euskal enpresak batzeko. Azoka hau munduko garrantzitsuenetakoa da arlo honetan, eta martiaren 30etik apirilaren 3ra bitartean egingo da Frantziako Cannes urian.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren arduradunek jakinarazo dabenez, euskal ordezkaritza honako enpresek osotuko dabe: 3Koma, Audiovisual 21, Baleuko, EiTB, Expressive, Jarkatza Media, K2000, Mediabost, Pausoka, Retelsat, Somuga eta Western Films.

Eikenen eta ekimena sustatzen dauen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren apustua enpresen lan komertziala erraztea da, egoera hobean egiteko lan. Aldi berean, Euskadiko ikus-entzunezkoa eta bertatik sortutako produktuak hobeto erakutsi nahi dira, horretarako Basque Audiovisual markearen espazio bereizia erabilita.

'Aurreko edizinoetan konturatu gara marka ona daukagula eta, horregaz batera, gure enpresen edukiak kalidadekoak dirala', azaldu dau Eikenen zuzendaria den Itziar Menak.


Euskadi eta Galizia

Ganera, oraingoan, Euskadi eta Galiziako ikus-entzunezkoen klusterren arteko akordioari esker, enpresak espazio berean alkartu ditue eta, ondorioz, 'sinergia komertzialak eta erakargarritasun-sinergiak sortu dira'.

Eikenen helburua da MIPCTV 2009 azokan ikus-entzunezkoen sektoreagaz lotutako enpresa, erakunde eta alkarte ugariren presentzia ahalbidetzea. Produktuak erakutsi eta kontaktu interesgarriak egin ahal izango ditue eta, bide batez, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorearen irudia sendotuko da, Cannesen espazio propio eta bereizia izanda.

Eikenek 2007. urtearen hasieran eukan helburu estrategikoetako bat Kanpo Sustapenerako Urte Askotarako Plana finkatzea zan eta, horretarako, marka bateratu bategaz aurkeztu behar zan sektorea. Horrela, Basque Audiovisual finkatu egin da nazinoartean, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko marka legez.

Eikenek enpresei egindako inkestek dinoe enpresak marka garbi bategaz identifiketan dirala, edozein merkadutan ezagutu ahal izango dan marka bategaz. Marka hori Euskadin egindako ikus-entzunezko produkzinoaren berezitasunaren eta kalidadearen ikurra izan behar da.

Enpresen ustez, Basque Audiovisual babeserako plataforma bat da eta, horren bitartez, nazinoarteko merkaduaren alde egin gura dabe. Izan be, Basque Audiovisual, marka bat izateaz gan, on-line erako katalogo komertzial bat (www.basqueaudiovisual.com) eta enpresei babesa emoten deutsen aholkulari-talde bat be bada.

Canneseko MIPTV azokeak nazinoarteko izaera argia dauka. Igaz, 100 herrialde baino gehiago alkartu ziran bertan. Azokak irauten dauen bost egunetan jarduera ugari egiten dira: berbaldiak, mintegiak, koktelak, proiekzinoak, prentsaurrekoak eta sari-banaketak. Egun horreetan, Cannes Europako ikus-entzunezkoen uriburua izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu