Enkarterrik lehenengoz parte hartuko dau bertsolari gazteen BBK sariketean
2009-03-03 14:54 Bertsolaritzea'Orain dala hamazazpi urte, Busturialdea, Arratia, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako bertsolari gazteakaz jarri zan martxan BBK bertsolari sariketea. Ondoren, Bilboaldea eta Ipar Uribe gehitu jakozan', azalduz hasi dau prentsaurrekoa Joserra Bilbaok. Baina hutsune bat egoan: Bizkaiko eremu erdaldunenean taldetxoa osotzea. Ekinaren ekinez, aurten, Enkarterrik be parte hartuko dau ekimenean.
Urtero legez, aurten hamazazpigarrenez, BBK bertsolari gazteen sariketeak ikastetxeetako bertsozaleak eskualdeka batu eta taula ganean jarriko ditu abesten. Baina, aurreko edizinoakaz konparauta, nobedade garrantzitsu bategaz jatorku: aurten, lehenengoz, eskualde erdaldun batean taldea egin eta Enkarterrik be parte hartuko dau sariketean, 'Enkarterri modu zabalean ulertuta, Ezkerraldeko herri batzuetako bertsolariak be hartzen baititu', azaldu dau Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arloko arduradun Juanjo Respaldizak. Beragaz batera, Bizkaiko Bertsolari Alkarteko ordezkari Leire Markuerkiaga, Igor Elortza bertsolaria eta Joserra Bilbao -BBKren izenean- egon dira.
'Orain dala hamazazpi urte, Busturialdea, Arratia, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako bertsolari gazteakaz jarri zan martxan BBK bertsolari sariketea. Ondoren, Bilboaldea eta Ipar Uribe gehitu jakozan',azalduz hasi dau prentsaurrekoa Joserra Bilbaok. Baina hutsune bat egoan: Bizkaiko eremu erdaldunenean taldetxoa osotzea. Ekinaren ekinez, aurten, Enkarterrik be parte hartuko dau ekimenean eta antolatzaileak oso pozik dagoz aurrerapausuagaz. 'Bertsolariak, besteak beste, Zallatik eta Portugaletetik etorriko dira', azaldu dau Respaldizak.
Arlo teknikoari jagokonean, Bizkaiko Bertsozale alkarteak antolatzen ditu azpi-egiturea, giza-taldea eta talde teknikoa. 'Lehenengo, eskualde bakotxeko ikastetxeakaz erabagiten dira saioak non eta noiz egin, beti be ikastetxeen ordutegien barruan', azaldu dau Markuerkiagak. Sariketea ikasleak bertsolaritzara hurreratzeko bidea eta egunerokotasunetik atarateko modua dirala azpimarratu dau, 'baina protagonistak bertsoalriak izan arren, lan-talde handia dago atzean'. Epaileek -Juanjo Respaldiza, Arkaitz Estiballes eta Gorka Intxaurbe-, gai-jartzaileek -Zuriñe Iarritu eta Leire Aurrekoetxea- eta aurkezleek -Maite Berriozabal, Zuriñe Iarritu bera eta Bernardo Mandaluniz- osotzen dabe talde hori.
Talde bakotxean gitxienez sei bertsolarik abestuko dabe, adin maila bitan bananduta eta maila bakotxean gitxienez hiru bertsolari. Lehenengo mailan, hamazortzi urtera bitarteko gaztetxuek abestuko dabe eta, bigarren mailan, hogeta bost urtera bitartekoek. Bertso-saioak orain arte jarraitutako prozedura desbardina jarraituz antolatu ditue, talde-kopurua bakoitia zan eta. Hona hemen:
Martiaren 4an, 11:20an Markinan: Lea Artibai-Busturialdea
Martiaren 9an, 12:00etan Durangon: Durangaldea-Ipar Uribe
Martiaren 10an, 11:30ean Igorren: Arratia-Enkarterri
Martiaren 16an, 11:45ean Bilbon: Bilboaldea-martiaren 4ko irabazlea
Martiaren 18an, 12:15ean Derion: martiaren 9ko eta 10eko irabazleak
Finala martiaren 27an egingo da, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, gaztetxuenek euren zaletasunaz gozau eta lagunakaz konpartiduteko aukerea izango dabe, hori baita, Igor Elortzaren esanetan, sariketa honek daukan ezaugarririk garrantzitsuena: 'bertsolariok geuk bakarrik kantetan dogu taula ganean baina, sariketa honi esker, talde-lana be sustatzen da eta hori oso garrantzitsua da zaletasuna sustatzeko, konpartiduteko, bertsolaritzea arte-adierazpena baita, ez lehia bat'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!