Asier Otamendi eta Rikardo Gonzalez de Durana nagusi Oionen eta Zalduondon
2009-03-02 12:12 BertsolaritzeaArabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak erabagita geratu dira: martiaren 15ean, Zigoitiako kultur etxean, 17:00tan kantauko dabenak Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Iñaki viñaspre izango dira. Aramaioko kultur etxean, barriz, Asier Otamendik, Zigor Enbeitak, Andere Arriolabengoak, Ruben Sanchezek, Oihane Pereak eta Xabi Igoak burrukatu beharko dabe apirilaren 4an, Printzipal Antzokian jokatuko dan finalean aulkia lortzeko.
Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak Zalduondoko saioan erabagi dira. Bigarren kanporaketea, barikuan, Oiongo 'La cueva' jatetxean egin zan. Idoia Beitiaren esanetara, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Alberto Martinez 'Beitto', Ander Solozabal, Izar Mendiguren eta Xabi Igoak kantau eben. Saio polita eta txukuna osotu eben sei bertsolariek, baina Otamendiren maisutasunak ez eban hutsik egin. Aramaioarrak fin ibili ziran, Andere ariketa guztietan erregular jardun izanak bigarren postua eskuratzea ekarri eutson. Xabi Igoak, barriz, lehenengo txapelketea eukan arren, ale politak itxi zituan saioan zehar. Izar Mendigurenek izandako laprastadak, bakarkakoan estali zituan. Ander Solozabal poto batek itxi eban finalerdietatik kanpo baina ondo ibili zan. Beittok ofizioak hotz hasi bazituan be bakarkako lanean maila ona erakutsi eban.
Borregehitahamarretik gora lagunen txalo artean, bertsolariek bi saioetan egin beharreko lana honakoa izan zan: binaka ofizioka zortziko handi eta txikian hiruna bertso eta banaka puntuari erantzun bat eta hitz bati bertsoa neurri eta doinu librean.
Oioneko saioan danek itxi eben ale gogoangarriren bat. Zortziko handian Arriolabengoa eta Mendigurenen bertsoaldiagaz batera Xabi eta Asierrena txukun joan ziran. Idoia Beitiak bi etorkinen papelean jarri zituan azken honeek. Xabik sorterrira itzultzeko asmoa eukan eta Asierrek ostera ez. Txapelketako gazteenak ziurtasunez emon eban bere erabagiaren barri: 'baina ni hemendik banoa eta oraintxe bertan laguna/han behintzat jaso behar baitugu familian maitasuna'. Asierrek ausarta eta indartsua zalako zeozelan behar ebala urten erantzun eutson: 'nere lepoak ez du ikasi atzera jira egiten'. Zortziko txikian Andere eta Asierren bertsoaldia izan zan onena. Solozabal eta Igoak be ofizio umoretsua osotu eben gazteenak izan arren heldutasuna erakutsiz. Puntu erantzunetan Mendiguren eta Otamendirenak izan ziran borobilenak eta hitzaren ondotik epailearen erabagiak merezimendu osoz Asier Otamendi jarri eban lehenengo postuan 162 puntugaz. Bigarren Andere Arriolabengoa izan zan 148 puntugaz. Hirugarren Izar Mendigurenek egin eban, 138 puntugaz eta beraren atzetik puntu gitxira Xabi Igoa (137), Ander Solozabal (135,5) eta Alberto Martinez 'Beitto' (133,5) geratu ziran.
Hirugarren eta azken kanporaketea Zalduondoko 'Korta' txokoan egin zan. Lierni altunaren gidaritzapean, hirurogehitik gora lagun hurreratu ziran Iker Agirre, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego, Jagoba Apaolaza, Oihane Perea eta Rikardo Gonzalez de Durana entzutera. Azken honek lortu eban puntuazinorik altuena, eta beraz, finalerdietarako zuzeneko txartela. Ganerakoek epaimahaikoen azken erabagia itxaron behar izan eben finalerdietan parte hartuko eben edo ez jakiteko. Saioa bizia eta polita izan zan.
Zortziko handian, Viñaspre eta Agirrek heldu eutsen hoberen Altunaren gaiari. Rikardo saio osoan zehar erregular ibili zan eta honek lehenengo sailkatzea ahalbidetu eutson. Zortziko txikian, saioak gora egin eban eta entzuleen artean txaloak eta algarak nagusitu ziran. Apaolazak Samaniego baserritarraren konbidapena onartu eta lehenengoz txarria zelan hilten eben ikustera joan zan, baina txarriaren lehenengo garraxiak zuri-zuri itxi ebala esan eutson gai-jartzaileak. Ekaitzek 'lasai zuri ez dizut berdina egingo' kantau eutson lehenengo bertsoan. Iñaki Viñaspre, barriz, Rikardo Gonzalez de Durana domadoreak zirkorako aukeratutako lehoia izan zan. Viñasprek gogor ekin eutson lehoiaren papeletik 'ikuskizuna bada zure helburua/nik ahoa ireki ta sartu burua' egin eutson orro. Domadore ausarten pare, lehoien gisa fin portetako eta 'sartuko dut burua baina kosk ez egin' erantzun eutson Rikardok. Oihane Pereak saio polita egin eban eta poto bat medio nahiz eta lehenengo ez sailkatu, txapelaren lehian aintzat hartzekoa dala erakutsi eban.
Puntuak puntu eta hitzak hitz, azken kanporaketan: Rikardo Gonzalez de Durana (154 puntu) eta Oihane Perearen atzetik (152,5), Iñaki Viñaspre (148), Ekaitz Samaniego (137), Jagoba Apaolaza (134) eta Iker Agirre (129) geratu ziran.
Kontuak kontu, parte hartze handi eta arrakasta artean beraz, Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak erabagita geratu dira: martiaren 15ean, Zigoitiako kultur etxean, 17:00tan kantauko dabenak Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Iñaki viñaspre izango dira. Aramaioko kultur etxean, barriz, Asier Otamendik, Zigor Enbeitak, Andere Arriolabengoak, Ruben Sanchezek, Oihane Pereak eta Xabi Igoak burrukatu beharko dabe apirilaren 4an, Printzipal Antzokian jokatuko dan finalean aulkia lortzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!