Marije Etxebarria: 'jendarte osoaren feminizazinoa beharrezkoa da'

Koldo Isusi Zuazo 2009-03-02 11:10   Barriketan
Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea

Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren 33 urteko lana saritu dau oraintsu Emakundek, hau da, emakumezkoen benetako beharrizanak identifiketan erreferente izateagaitik eta emakumeen diskriminazinoaren gaineko kontzientzia hartzen erakunde publikoei laguntzeagaitik. Palestina eta Israelgo emakumeen bake proiektuetarako eta Kongoko emakume taldeetarako bideratuko ditue sariagaz batera jasotako14.000 euroak.

Beste alde batetik, martiaren 8a be badator, egun seinalatua da mundu osoko egutegietan, izan be, emakumearen nazinoarteko eguna ospatzen da. Urtero aldarrikapenak errepetiduten diran arren, aurrera pausurik izan dan ala ez zehaztuko deusku gure alkarrizketatuak.


1.- Ze gogoeta eragiten deutsu Bizkaiko Emakumeen Asanbladeari emondako sariak? Borroka feministearen aitorpen moduan hartzen dozue?

Bai, Gizon eta emakumeon arteko bardintasun saria jasoteak asko poztu gaitu, bai, 33 urte-luzez eguneroko aldarrikapenen politikan eta burruka feministan, azken baten emakumeon eskubideen aldeko lanaren errekonozimendu publikoa izan dalako. Halan da be, zinez eskerrak emon gura deutseguz Maria de Maeztu Forum Feministako kideei, gure hautagaitzea aurkeztu eta saria geurea izan behar ebala epaimahaitik defendidu gintuelako, eta letra larriz autortu zein baliotsua subertetan jakun eurek moduko emakume talde feminista eta autonomo baten ekina, ondo bai ondo dakielako ze gogorra dan eguneroko burruka feministea gure herrian.


2.- Bizkaiko Emakumeen Asanbladearen 33 urte horreetan ze mugarri nabarmenduko zeunke?

1976an, Bilbon 100 batu eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladea jaio zan, gure aurreko emakumeen belaunaldiak sortutako erakunde baten jarraipena gara. Mugarria bat eta bera bakarra. Badakizu, feminismoa teoriaren eta praktikaren multzoa, bardintasun ezean oinarritzen dan mundu honen salaketa sutsua.


3.- Sariagaz batera jasotako dirua Palestinara eta Kongora bialtzea erabagi dozue… Gurean badago zeregina baina hor nonbait gauzak okerrago dagoz...

Beitu, saria jasotean funtsean bi sentimendu azaleratu ziran, bata lan politiko feminista ezkertiarraren errekonozimendua eta bestea, munduan iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik sartaldera emakume asko eta asko gabiltzala bardintasunaren alde lanean eta, Bizkaiko Emakume Asanbladea talde txikia da baina mundu osoan indar handia eta gera ezinezkoa dan kolektibo baten partaide sentidutea, zentzu horretan bada, eurekaz konpartiduteko nahia piztu jakun. Sariaren dirua zeuk dinostazun modura, bi proiekturentzako izango da, batetik, baltzez jantzitako palestinar-israeldar emakume taldearentzat urteak eta urteak daroezalako bakegintzearen alde ekinean eta, bestetik, Kongon gerrateen erruz dagoan emakume errefuxiatu kanpamendu batentzako (gerra, gosetea eta bortxaketak...).


4.- Bardintasun Legeak lau urte beteko ditu egun batzuk barru. Beteten al da Legea? Legeari ze erantsi edo gehituko zeunskio?

Instituzinoak Mobimentu Feministaren diskurtsoaz jaubetu eta behartuta sentiduten dira bardintasunaren alde legeak eta programa politikoak martxan jarten, baina halan da guztiz be esan behar dogu ondo dagozala baina ez dirala nahikoa. Legeak egiten dira baina ez dira garatzen, ez dago aurrekonturik, ez dago ganorazko ikerketarik, ez dabe profesionalak urtetan gure unibersidade edota ikastetxeetatik, ez da ezer egiten prebentzioaren inguruan, lotsagarria, legeak praktikan guztiz hankamotz eta sarritan antzuak gertatzen dira. Gehienetan ez dabe nahitaezko izakerarik, beraz, protokolo, aholku eta errekomendazino hutsean geratzen jakuz. Gaiaren harian, tamalez danontzat ezaguna dan adibidea jatort, Irungo eta Hondarribiako alardeak, gure agintariek ez dabe legea betearazoten; hortxe beti, Bardintasun Legea aho betean lau haizetara zabalduz, baina gero, zer?

Beste adibide bat, zenbat udaletxetan doguz teknikariak eta euretako hainbatek zer egiten dabe?

Azter daigun..., egiten dana, integrala behar dau izan, bardintasunaren alde gaur egunean dagozan errekurtso eta aurrekontuak ez dira nahikoa ezta antzekorik be.


5.- Bardintasun Legea tarteko dala, zeintzuk dira feminismoari eusteko arrazoiak?

33 urtez aldarrikapenen burrukan ibili ostean, tamalez, oraindino gure aldarrikapenen zerrendea luzea da eta esan behar da, hainbat aldarrikapen bardintsuak izaten jarraitzen dabela, abortoa, indarkeria sexistea, soldata baxuagoak, eleiza katolikoaren etenbako erasoa geure oinarrizko eskubideen kontra, jendarteko txiroenak izatea, sexu eta ugalketa eskubideak eta abar.

Guk, aldaketa sozialak eta politikoak aldarrikatzen doguz, ze emakumeok sufriduten dogun egoerea negargarria da, jendartean bardintasun falta nabarmenean kokatuta gagoz eta, bardintasun eza giza-eskubideen urraketea da, indarkeria da, eta gainera indarkeria politikotzat joten dogu.


6.- Bardintasuna lortzeko nahitaezkoa da alkarlana. Gizonezkoen jarrera eta egintzetan gorabeherarik igarri dozu?

Sexismoa, indarkeria, funtsean, sistema patriarkala estrukturala da, beraz jendarte osoaren feminizazinoa beharrezkoa da. Aurrera pausoak itzelezkoak eta denpora laburrean emon dirala esango neuke; hasteko, zorionez, gu ez gara bizi gure amen eta amamen moduan. Egin kontu, alderdien agenda politikoek be feminismoaren agendako hainbat aldarrikapen jasoten ditue (nahiz eta papeletan eta berbetan baino ez geratu) eta guzti horrek eragin handia dauka jendartean. Barriro dinotsut, aldaketak gure instituzinoen esku bakarrik itxita egoerea konponduko dala uste badogu, jai dogu...


7.- Emakumeen kontrako indarkeria kasuak murriztu beharrean ugaldu egin dira azken aldian. Prebentzioa eta biktimentzako arreta eta babesa hobetzeko neurriak beharrezkoak dira baina besterik zer egin daiteke?

Ni ez naiz ausartzen areagotu egin dirala esaten, emakumeak askoz gehiago salatzen dau, ez dau atzera egiten, ez dau matxismoa aguantetan gure aurreko belaunaldietako emakumeen moduan. Nire ustez horren emoitzea da gaurko egoerea, zenbat eta enpoderamendu handiagoa dogun erasoak agirikoagoak.

Kontuan izan behar da baita, komunikabideak be egunero aitatzen dozuezala indarkeria kasuak, nahiz eta ez emon barriari tratamendu egokia arazoaren sustraietara joz. Eskertzen deutsut prebentzino berbea zuk zeuk aitatzea, asanbladearen leloetariko bat dalako Prebentzioa!; horixe baita zutaberik garrantzitsuenetarikoa eta ez da existiduten planik, protokolorik ezta hezkuntza proiekturik eskoletan, lotsagarria da gaur egun ez egotea aurrekonturik ezta ezelako asmorik.

Betikoa, benetako borondate politikoa behar da eta ez da inondik inora ikusten. Indarkeria jendarte osoaren ardurea da, jendarte eredu sexista baten bizi garelako.


8.- Martiaren 8ko aldarrikapenen harian, azken aldion zabal dabilz, aborto librea, emakumeen presentzia Euskadiko erabagi guneetan. hizkuntzearen erabilera sexistea lako gaiak. Aborto librea, mugarik bakoa aldarrikatzen dozue?

Holan da bai, aurtengo Martiaren 8ko gaia 'Abortoa eskubidea da, inoiz ez delitua, emakumeok dogu erabagia' leloari ekingo deutsagu. 'Gure gorputza geurea da'.

1985ko Abortuaren legeari be Asanbladeak ez zala nahikoa erantzun eutson eta orain Madrileko Diputaduen Kongresuan eztabaidan dagoanagaz be ez gatoz bat. Eta esan behar da EAJ abstenidu egin zala eta hasarre gagozala, ez dabe eztabaida forurik sortu, isiltasun osoa.

Guk ondokoak exijiduten doguz: abortoa kode penaletik ataratea (mantendu nahi dabe barruan); erabagiteko eskubidea geurea izatea; abortetako eskubidea Osakidetzan (gaur egun erkidegoan % 5’7 baino ez da gauzatzen Osakidetzan, beste % 94’3 klinika pribatuetan); medikuntza ikasketetan trebatzea medikuak (gaur egun gure unibersidadeetan ez da irakasten, ez dago haurdunaldiak eteteko prestaturik dagoan personalik); kontzientzia eragozpenak ezin dau tokirik izan osasun publikoan; edade txikikoek behar ez izatea guraso edota tutorearen baimenik; osasun erreproduktibo eta sexualen inguruko prebentzino politikak; eta Eskola Kurrikulumean hezkuntza afektibo sexuala lantzeko ganorazko plana.

Martiaren 8aren inguruan, ondoko ekintzak antolatu doguz:

- Martiaren 5ean, eguenean, arratsaldeko 19:00etan, aldarrikapen kalejirea epaitegitik hasita (Albia lorategietan).
- Martiaren 6an, barikuan, arratsaldeko 19:00etan, berbaldia. Gaia: 'Abortoa kode penaletik kanpora'. Hizlariak: Justa Montero (Madrileko Kordinadora Feministako kidea) eta Begoña Zabala (Iruñeako Emakume Internazionalistako kidea).
- Martiaren 8an, domekan, eguerdiko 12:30etan, manifestazinoa Arriagan hasita.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu