Jaurlaritzeak eta Euskararen Erakunde Publikoak ia 1,4 miloe euro erabiliko dabe 2009an Iparralden euskerea sustatzeko
2009-02-24 11:37 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak 470.000 euro jarriko ditu, eta Euskerearen Erakunde Publikoak, barriz, 920.000 euro; danetara, beraz, 1.390.000 euro izango dira, 2008an baino 50.000 gehiago.
Eusko Jaurlaritzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak 2009. urterako hizkuntz politikearen alorreko alkarlana garatu dabe, eta Ipar Euskal Herrian euskerearen erabilerea bultzatzeko diru-laguntzinoak emoteko deialdi publiko eta bateratua egingo dabe.
Kontuak kontu, Eusko Jaurlaritzeak 470.000 euro jarriko ditu, eta Euskerearen Erakunde Publikoak, barriz, 920.000 euro; danetara, beraz, 1.390.000 euro izango dira, 2008an baino 50.000 gehiago.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Frantxua Maitia Euskerearen Erakunde Publikoko presidenteordeak 2009. urterako eranskina izenpetu eta aurkeztu dabe bart Baionan, euskerearen gaineko hizkuntza-politika gaietan mugaz gaindiko lankidetza eta erakunde mailako harreman iraunkorrak garatzeko.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko ekimenak dirala eta, honakoak aurreikusi dira 2009ko eranskinean: jarraipen eta ebaluaketa adierazle komunen zehaztepena eta antolaketea; helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzearen zehaztapena eta antolaketea; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazinoa trukatzea terminologian eta toponimian.
Ipar Euskal Herriko eragileentzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Euskeraren Erakunde Publikoaren sustapen-lerroen inguruan, 2009. urtean, lankidetzarako fondo hori bi multzotan banatu nahi izan da:
- 970.000 € euskerearen alorrean dabilzan alkarte-eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, izan be, honeen zereginak bete-betean datoz Eusko Legebiltzarrak onetsitako Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusiaren helburuakaz eta Euskerearen Erakunde Publikoak onetsitako Hizkuntza Politika Proiektuagaz. Multzo honetan dagoz: guraso alkarteak: Biga Bai, Ikas Bi, Euskal Haziak eta Seaska, AEK federazinoa helduen euskalduntzerako, Euskal Irratiak federazinoa euskerazko irratientzat, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku alkarteak aisialdiaren alorrean.
- 420.000 € beste edozein eragilek aurkeztutako proiektuak sustatzeko asmoz bideratuko dira, inoiz proiektu horreek bat egiten badabe alkarregaz adostutako hizkuntza jarduerea Proiektu Deialdiaren araudigaz.
Bestalde, hizkuntza jarduerea Proiektu Deialdiaren araudiari buztarturik eta argitalpenari lotutako araudi berezitu bat indarrean jarriko da, euskerazko argitalpenak sustatzeko modua arautuz. Gehikuntza hau, Liburuaren eta Idatziaren Eskualdeko Agentziak (LIEA - ARPEL) euskerazko argitalpenaren alorrean burutu kokapen zehaztapenaren ondorioetaz jaubetzen da. Gauzak holan dirala, euskerazko liburuen argitalpena, euskerazko liburuen merkaturatzea edo honen promozinorako lan tresnen sorrerea eta jarduerak sustatzea eta euskarazko animazino pedagogikoen antolaketea sustatzea dira asmoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!