Korrika 16k unitate didaktikoa dauka

Bizkaie! 2009-02-24 13:23   Euskerea berbagai

Korrika 16ren eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoaren arteko alkarlanaren emoitzea da Euskal Herriko ikastetxe guztietan banatuko dan material didaktiko hau.

Korrika 16ren unitate didaktikoa aurkeztu dabe atzo Bilboko Kalderapekon. Korrika 16ren eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoaren arteko alkarlanaren emoitzea da Euskal Herriko ikastetxe guztietan banatuko dan material didaktiko hau. Aldi berean, bere atxikimendua azaldu deutso Ikastolen Konfederazinoak Korrika 16ri. Aurkezpenean Edurne Brouard Korrika 16ren arduraduna, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoko lehendakaria eta Maider Etxaniz Euskaraz Bizi lan-taldeko kidea izan dira unitatearen nondik norakoak azaltzen.

Edurne Brouard, Korrika 16ren arduradunaren berbetan, 'Korrika 16ren unitate didaktikoa 10 egunerako preparautako Korrikari buruzko material didaktikoa da. Eta ikastetxeetako ikasle guztiei, haur hezkuntzatik 18 urtera arte, zuzenduta dagoanez, eduki horreen moldaketea eta egokitzapena Ikastolen Alkarteko didaktika taldearen esku egon da.

Guk, AEK-k eta Korrikak, gure aldetik, esan nahi dogu materialaren irudia sortzeaz, argitaratzeaz eta gastuari aurre egiteaz arduratu garela. Baita unitate didaktikoaren zabalkundeaz be; eta Interneteko www.korrika.org webgunean mundu guztiaren eskura jarteaz gan, Euskal Herri osoko ikastetxe eta ikastoletara bialdu dogu CD bana material didaktiko eta osogarri guztiakaz.

Korrikak beti jaso izan dau asko euskal gizartetik, eta bere nahia eta filosofia da trukean zeozer emotea. Kasu honetan, eskoletan irakasleek korrika txikiak antolatzen egiten daben lan handia eskertzeko modu bat da unitate didaktikoa'.

Bestetik, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren izenean, Koldo Tellitu jn.ak adierazo dauenez, 'euskereak emoten deutso izena herri honi, euskerearen herriari, Euskal Herriari. Eta hemen bizi garenok dogu, gaur eta hemen, haren indarbarritzea bilatzeko erantzukizuna oso-osorik. Euskereak euskerazko berbak erabiliko dituen persona helduak zein gazteak behar ditu, erabilten ez dana ugertzen baita, erabilten ez danak ez dauelako aurrera egiten, atzera baino. Gure hizkuntzeak, belaunez belaun euskerearen lekukotasunari segida emotea eskatzen dau, ondorengoen ezpanetara igarotzen ez danak, ez daukalako etorkizunik, irauterik. Euskereak, hiztunez gan, erabilia izateko eremuak behar ditu, horretarako bakotxak ahal dauenetik besteakaz alkarlana garatuz.

Ikastolen mobimentuak eskolak, bere eragin hutsez, euskerea ezin dauela indarbarritu askotan errepetidu izan dau. Izan be, euskerea normalizetako herritarren konpromiso sendoaz batera, askotariko alkarte eta erakundeen arteko lankidetza egitasmoak konpartidutea ezinbestekoa da. Beraz, ikastolen mobiemntuaren goreneko ordezkaria nazen aldetik, gure atxikimendua adierazo nahi deutset bai AEKri eta bai Korrikari be. AEKri, gu bezela, gizarteak euskerearen normalizazinoa ahalbidetzeko asmoz sortutako eta mantendutako erakundea dalako. Korrikari, auzoz auzo, herriz herri, lurraldez lurralde, belaunez belaun euskerea danona eta danontzat dala azpimarratzen ahalegintzen dalako.

Gizarte hau askotarikoa da, beraz, bakotxa nonahi jaioa dalarik, zernahi pentsetan dauelarik, nonahi bizi dalarik, euskerearen aldeko ekimen honetan esku hartzeko deia egin nahi deutsat ikastolen mobimentutik. Euskereak batu egin behar gaitu, ez bereizi. Gure hizkuntzeak haren indarbarritzea irabazteko lotu egin behar gaitu. Pasa daiotsegun alkarri euskerearen aldeko lekukoa, zintzotasunez, ikuspegi zabalez eta barritu daigun euskerearen aldeko konpromisoa'.

Beste alde batetik, Maider Etxanizek esan dau unitate didaktikoaren helburua euskerearen erabilerea sustatzea eta indartzea dala. AEK-k antolatutako Korrika ekimenaren zergaitiaz eta beharraz be ohartarazo gura dau. Horretarako, Korrika 16ren mezua, kanta eta bideoklipa ditu, eta Korrika Txikirako prestakuntzea egitera konbidatzen dira edade-talde guztiak. Horrezaz gan, jarduera desbardinak ditue unitate didaktikoan, edade tarteen araberakoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu