Iñigo Manzisidor 'Mantxi'-k eta Ibai Esoainek XII. Orixe Sariaren finalean kantauko dabe
2009-02-23 17:23 BertsolaritzeaAñorgan, joandako astegoienean, zezeilak 20, jokatutako lehen kanporaketan Iñigo Manzisidor 'Mantxi'-k eta Ibai Esoainek finalerako txartela irabazi eben saioko ganerakoei, hau da, Gorka Azkarate, Andoni Otamendi, Erika Lagoma eta Iñaki Zelaiari aurrea hartuta.
Gipuzkoako bertso munduan ezaguna da Añorgako Orixe Saria. Bertsolari gazteei zuzenduriko lehiaketa honek ibilbide luzea igaro dau gaur egun arte 1972. urtean argia ikusi ebanetik, eta aurtengoa hamabigarren edizinoa da.
1972 urtetik 1978ra bitartean bost edizino egin ziran; 1972, 75, 76, 77, eta 78an izan ziralarik hurranez hurran. Aitatutako azken urte honetatik 1997ra bitartean etenaldia izan eban lehiaketeak, eta urte horretatik aurrera, bi urtez behin egin da. Danetara, hamabi edizino aurtengoa kontetan badogu.
Añorgan, joandako astegoienean, zezeilak 20, jokatutako XII. Orixe Sariaren lehen kanporaketan, Iñigo Manzisidor 'Mantxi'-k eta Ibai Esoainek finalerako txartela irabazi eben saioko ganerakoei, hau da, Gorka Azkarate, Andoni Otamendi, Erika Lagoma eta Iñaki Zelaiari aurrea hartuta.
Aurtengo lehiaketan, bigarren kanporaketea Errekalde Gastronomi Alkartean egingo da, zezeilaren 27an, eta bertan non baino nor arituko dira Jokin Uranga, Unai Muñoa, Xavier Sukia, Felix Zubia, Nerea Elustondo eta Xavier Legarreta 'Arano'.
Hirugarren kanporaketeari jagokonez, Atotxa Erreka Gastronomi Alkartera batuko dira bai bertsolari zein bertsozaleak martiaren 6an. Hirugarren talde hau Iñaki Gurrutxagak, Oihana Bartrak, Joxe Munduatek, Iñaki Apalategik, Beñat Ugartetxeak eta Iñigo Izagirrek osotzen dabe.
Hamazortzi bertsolari, beraz, seiko hiru multzotan banatu diranak beste horrenbeste kanporaketa egiteko. Kanporaketa bakotxean bertsolariek egin beharko daben lana honakoa izango da; ofiziotan, zortziko nagusian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso; banaka, bina puntura erantzun, eta azkenik, Kartzelan, hamarreko nagusian azken puntua emonda, bertso bana eta gai bat emonda bina bertso, doinu eta neurri librean. Saio bakotxean puntuazino handiena eskuratzen daben bi bertsolariek eskuratuko dabe finalerako txartela.
Finalerako sailkatzen diran sei bertsolariak martiaren 14an lehiatuko dira Añorgako Antxon Aiestaran Kultur Etxean, saio bakarrean. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan izango da.
Kanporaketa guztietara joateko, hitzordua Añorgako Jolas Etxea tabernan izango da arratsaldeko 20:00etan, bertso afaria 20:30etan hasiko dalarik eta saioa 22:30etan. Hiru kanporaketa afarietan izena emon nahi dauen edozeinek Jolas Etxean (Añorgan) emon beharko dau izena, 20€koa izango dalarik prezioa. Nahi dauenak telefono egin leike eskaerea: 649 790839 (Mikel Lizarraga) edota 943 370660 zenbakietan (Añorga KKE). Txapelduna nor dan jakin ostean, azken afari bat egingo da Jolas Etxean, eta bertan parte hartu nahi dauenak bertan jarriko diran zerrendatan izena emon beharko dau aldez aurretik, edota aitatutako telefonetara deitu. Horrezaz gan, e-posta bidez be badago horretarako aukerea: idazkaritza@anorgakke.org
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!