Manex Agirre nagusitu da Arabako Bertso Txapelketako lehen kanporaketan

Bizkaie! 2009-02-23 09:59   Bertsolaritzea

Manex Agirre aramaioarrak irabazi dau Arabako Bertso Txapelketako lehen kanporaketea. Beragaz batera, saioko bigarrenak, Juan Mari Juaristik be finalerdietarako txartela lortu dau.

Manex Agirre aramaioarrak irabazi dau Arabako Bertso Txapelketako lehen kanporaketea. Amurrion girotu eben berrogei bat lagunek afalondoa. Manex Agirre, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Serapio Lopez eta Felipe Zelaieta lehiatu ziran bertan. Sei bertsolariek zortziko nagusian eta zortziko txikian egin behar izan eben ofizioko lana eta, bakarkako atalean, puntuari erantzuna eta hitzari bertsoa botatea izan eben betebeharra. Lierni Altuna ibili zan gidari lanetan.

Hamar eta erdiak jota bertso saioa hasterako. Agurra mozorroz jantzita kantau eben bertsolariek ihauterietako ohiturei jarraituz. Aratusteen doinuren bat be entzuterik izan zan.

'Enpresa bereko langileen arteko gorabeherak' izan zan saioari ekiteko lehen gaia. Felipe eta Serapio kaleratze prozesuan dagozan bi langileren azalean jarri zituen. Mobilizazino askoren ostean, Felipek, kaleratzea onartu dau, Serapiok, barriz, mobilizetan jarraituko dau. Serapiok gogoz eutsi eutson burrukeari. Langilearen patua hori dala eta jaubeak barre egiten ebala kantau eutson Feliperi 'ia galduta bagaude eta / galdurikan ez da galtzen'. Jarraian heldu eutson Felipek bere lagunaren esanari 'baina galduta egon gaitezke / beste askotxo bezala /jarraituz gero sindikatuek /jarritako erregela/ adiskidea gu urte luzez ezingo gara hórrela/ ikusten da bai, Serapio, lagun, /oraindik soltero zaudela'.

Braile ikastaro batean alkartu ziran Ruben eta Juan Mari eta ale politak joan ziran bertsoaldian. Zigor eta Manexek, ostera, euren etxea sutan egoala jarri zituan Lierni Altunak. Zigor eta Manexen etxea sutan dagoela, Zigorrek barrura sartzea arriskutsuegia dela uste du. Manexek aldiz, kosta ala kosta barrura sartu nahi dau. Gaia emonda Zigor Enbeitak hartu eban mikrofonoa lehenik: 'etxea sutan aurrean dugu /eta urduri zaudenez /erabakia hartzeko unean/ dena ikusi aldrebes/ ez zaitez, arren, barrura sartu/ eskatzen dizut mesedez! / etxea berriz erosi geinke/ vaina zure bizitza ez'. Manexen erantzuna tamainakoa izan zan, 'bizitza bertan galduko duzunik/ hala dioztazu grabe / baina ezin du, Zigor, ikusi/ etxea garren mirabe/ gu biok geldirik geldituz gero/ ezer ere egin gabe/ etxe barruan erreko dira/ gure oroitzapenak ere'.

Zortziko txikia arin eta umoretsu joan zan. Serapio eta Ruben rokero gazte eta zaharraren azaletan sartu ziran oraingoan. Serapioren musika talde barrian kide bat faltan ebela, nor aurkeztu eta Ruben, 60 urteko agurea 'baina temosoa naiz/ ta askotan plasta/ maurizian doinura ta evariston kasta'.

Bakarka bereziki nabarmendu zan ihauteri giroaz gan, hauteskundeen egutegia. Berbea 'zubia' izanik, Juan Mari Juaristik ondo gogoan hartu eban egunotako egoera politikoa: 'batzuk ez dute eskubiderik/ hori ez ote dugu drama?/ pixkat pentsatuz zein beltza den / gaur daukagun panorama/ Euskal herrian zubia ez al da / alde bakarra daukana?'.

Puntuari erantzunean fin ibili zan lehenengo sailkatu zan Manex Agirre: 'Politikoek dute hamaika aurpegi / gezurra sobran eta / faltan mila egi / prometitzen dituzte/ agian gehiegi/ ondoren bihurtzeko / denontzat miseri'.

Saioak gauerdiko hamabiak jotear izan eban amaierea eta ondorengo puntuazinoa lortu eben parte-hartzaileek:

1.- Manex Agirre: 158
2.- Juan Mari Juaristi: 149’5
3.- Zigor Enbeita: 148’5
4.- Serapio Lopez: 146
5.- Ruben Sanchez: 143
6.- Felipe Zelaieta: 134’5

Lehenengo biak zuzenean sailkatu dira finalerdietarako. Ganerako bertsolariek datozen bi kanporaketen barri izan arte itxaron beharko dabe.


Bigarren kanporaketea

Datorren barikuan, hilak 27, izango da Oionen. Arratsaldeko zortzietan dago afarirako hitzordua La Cueva jatetxean. Bertsolariak: Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Alberto MArtinez 'Beitto', Xabi Igoa, Ander Solozabal eta Izar Mendiguren. Gai-jartzailea: Idoia Beitia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu