Igor Elortza: 'Gu Ta Gutarrak taldearen atea zabalik dago'

Koldo Isusi Zuazo 2009-02-16 11:27   Barriketan
Bosgarrenez, Bizkaiko txapeldun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen 50. urteurrena, finala Euskaldunatik Barakaldoko Bizkaia Arenara eroatea, www.botasarean.biz webguneak jasotako Buber Saria eta Igor Elortzaren Bizkaiko bosgarren txapela. Gauza asko pilatu dira urteurren biribilaren harian eta guztien ganean berba egiteko txapela jantzi eta ia bi hilebete geroago atrapau dogu Igor Elortza.


1.- 'Txapel bat txapel bat baino ez da' esan zenduan txapela jantzi osteko agurrean. Aurrekoan txapelketeari uko egin ostean, zuretzako bosgarrena izan dan hau zelan hartu dozu?

Txapel bat txapel bat baino ez da eta bosgarren txapela bosgarren txapela baino ez da. Pozik, gustora hartzen dira danak, lehenengoaren eta bigarrenaren berezitasunak aparte itxita. Edozelan be, bapateko bertsogintzearen harian, ilusinoa eta pasinoa osogaiak tarteko, atara gura izan dodan bertsokerea atara ahal izatea oso pozgarria izan da eta hori da garrantzitsuena niretzako, maila onenean jardutea.

Aurrekoan Unaik eta biok parte ez hartzearena azaldu genduan aspaldi, etenaldi hori ez zan izan etxera joateko, Bizkaiko bertsogintzan errelebu ona egoala ikusirik, bertsogintzearen barruan beste lan batzuetarako tartea hartzea izan zan arrazoia eta holan etorri zan Gu ta Gutarrak proiektu sano aberasgarria.


2.- Txapelketan eta finalean ezustekorik hartu zenduan?

Txapelketa guztietan belaunaldi barria agertzen da, eta oraingoan, Jone Uriak eta Miren Amurizak egin daben lana azpimarratuko neuke; bihar-etzi zeresana emongo daben bertsolariak dira eta horrezaz ganera, horreek eta gu, Unai eta neure belaunaldiaren artean badagoala etorria ikustea be pozgarria izan da, Joseba Artza, Potxis, Olibares, Abarkas... Hau da, badagoala taldetxu bat finalera sekula heldu ez dan arren, segiduten dauena, mailea hobetzen eta bertsolari izateari eusten deutsona. Bizkaiko bertsogintzearen osasuna erakusten dau horrek.

Finalari jagokonez, aurretik be finaletara heldutakoak ginan danok, mailea hobetzen goaz, baina hori baino gehiago, finalean ezustekorik nagusiena izan zan, danon artean saio gustagarria eskaini genduala eta finaletan gitxitan pasetan dan gauza bat pasau zan, hau da, zortzirok izan genduala luzimenturako momentua.


3.- Hamabost urtegaz hasi zinan bertsotan, bertsotan hazi eta hezi zara... Ez dozu nekerik igarten?

Bueno. Neke momentuak egoten dira eta beste arlo batzuetan legez, garrantzitsua da norberak neurria hartzen jakitea, ilusinoz aurrera egiteko. Horrek esan gura dau, txapelketa, saio eta enparauez betetako agenda korapilatsuaren aurrean, bertsolariok jakin behar dogula etenak egiten, inertziak baztertu, deskantsua hartu eta gero indarbarrituta hasteko.


4.- Bizkaiko Txapelketearen 50. urteurrena data gogoangarria da. Egungo Bizkaiko bertsolaritzearen mailara heltzea utopia zan orain urte batzuk?

Orain dala 50 urte, proiektu be ez ginan eta zer esango deutsut ba? Egungoagaz konparauta, orduko egoerea oso bestelakoa zan arlorik gehienetan; orduko euskerearen eta bertsolaritzearen egoerea ez dago gaurkoagaz konparetarik. Jakina, Alfonso Irigoien eta beste batzuen asmo, ames eta egindako lanaren barri badakigu, baina nik esango neuke Bizkaia betidanik izan dala bertsozalea. Akaso, gu sartu ginan sasoia, 90. hamarkadearen hasierea nahikoa nahaspilatsua izan zan; arinagoko belaunaldikoak sendo egozan, Lopategi, Amuriza, Azpillaga, Mugartegi, Jon Enbeita eta abar, baina horreek eta gure artean, bertsolariak egon baegozan arren, bertsolari eredu talde baten faltea igarten zan, eta giro horretan, Euskal Herriko Eskolarteko finalean egon ginanez, Txapelketa Nagusian parte hartzen itxi euskuen Unairi eta bioi. Erabagi berezia izan zan hori. Ordutik honako ibilbidean, bertso eskolen lana sekulakoa izan da eta emoitzak urtero ikusten doguz.

Kontuak kontu, 90. hamarkadearen hasieran eta, bertso eskoletan, alkartearen inguruan ebilzanentzat seguru utopia ez eze, pentsauezina be izango zala 2008an holako bertsolari talde gaztea egotea eta BEC moduko leku baten edade eta jarrera desbardinetako 4500 lagun batzea.


5.- Bertsolaritzea egungo ohitura eta gustoetara egokitzea eta bide barriak urratzea izan ete dira aurrera egiteko gakoak? Bertsolaritzeak zergaitik dauka gaur egunean daukan indar eta zabalkundea?

Bai. Prozesu logikoa da. Bertsolariak gaztetu ahala, gaiak eta gaiak tratetako moduak barritu, aldatu egiten dira, bertsolarien gustoakaz batera eta, beraz, bertsolari belaunaldi horrek lortuko dau bere belaunaldiko euskaldungoa bertsozaletzea. Pozgarriena da hori lortu izana, lehengo bertsozaleak galdu barik.

Bestetik, bertsolaritzearen indar eta zabalkundearen arrazoiak emotekotan, bertsolariok bertsogintzeari emon deutsagun astindua eta barritzeko gogoa azpimarratuko neuskizu. Barrikuntza eta anbizino artistiko edo konpromiso sortzaile barik ez zan posible izango bertsolaritzea heldu dan lekura heltzea. Horrezaz ganera, bertsolaritzeak jakin izan dau sasoian sasoiari erantzun deutsien egiturak eta bestelakoak (hezkuntzan eta komunikabideetan egindako lana...) taiutzen eta bideratzen eta alkarteari buruz nabil. Bertsolari eta bertsozaleen arteko lan bateratuari esker, zuztarrak sakon ezarri dira eta hori be sano garrantzitsua izan da.


6.- Bertsoak, musikeagaz, jantzeagaz, antzerkiagaz lotzeak ez ete dau bertsoaren beraren indarra galtzea ekarri? Zelan baloretan dozuz 7 Eskale eta Gu ta Gutarrak ekimenak?

Ez dot uste aitatu dozuzan beste sormen esparru horreekaz buztartuta, bertsoak indarra galtzen dauenik; hori bai, arriskua badago egon, ze mimo eta kontu handiz zaindu beharreko kontua da. Edozergaz nahastauta be, benetakoa, landua eta sinisgarria izatea da kontua, bertsoa bera izatea ikuskizunaren protagonista; bat gehi bat barik, batuketea barik biderketea izan daiten.

Kasu askotan, geugandik sortutakoak barik beste batzuen bultzadaz sortutakoak izan dira proiektu batzuk, eta azalean be geratu izan dira batzuetan. Beraz, diziplina desbardinen arteko buztarketak aberasgarriak eta publikoarentzat sano interesgarriak izan daitezan lan handia egin behar da. Zazpi Eskaleren kasuan, bertsoa musikearen oso menpean jarri genduan. Proiektu musikala zan gehiago. Gero, barriz, berbaldi luze eta sakonak euki genduzan Josu Zabalagaz eta autokritika prozesu baten ondoren, Gu ta Gutarrak etorri zan, bertsoari indarra emon eta musikearen aurretik jarrita. Kantak eta bertso-jarriak barik, bertso-kantak egin izan doguz, bertsoetatik abiatu eta bertso horreetarako beren beregi musikea eginaz, instrumentazino eta musika jantziegirik barik. Era berean, musika munduko bitartekari eta abarren mundua baztertu eta gure ibileran, tratu zuzena erabili dogu antolatzaileakaz. Orain etena egin dogu, baina aurrerago bueltan etortea leitekeana da.


7.- Oraintsuko Bertso Egunean, bertsozaleak eurak ibili ziran gai-jartzaile. Barrikuntzearen bidean, zein izan daiteke hurrengo pausua?

Aurreko erantzunagaz lotuta, hurrengo pausuak pilo bat izan daitekez. Gehienbat gugandik, bertsolariokandik sortutako ekimenak izango dira, antolatzaileen ekimenak baztertu barik. Moda eta jokeren menpean jausteko arriskua dago, eta orduan zu zaranetik, barruan dozunetik eta maite dozun horretatik abiatuta, behar handia egitea nahitaezkoa da. Hortik aurrera, barrikuntzarako aukerak bertsolariak beste izan daitekez.


8.- Bizkaieraz kantetea apustu sendoa da ala folklorismo hutsa?

Nire kasuan postura sendoa da. Urteak daroadaz bizkaieraz kantetan. Edozelan be, bada kezkatzen nauen kontua. Beste pausu baten atarian ikusten dot neure burua. Gu batuaz hasi ginan ikasten bertso eskoletan, baina gero konturatu ginan bizkaierearen alde jo behar genduala; batetik, euskalkiaren beraren prestigioagaitik eta presentzia emoteagaitik. Gerora, Bizkaian kantetan dogunean, publikoaganako itzelezko indarra, hurrekotasuna, freskotasuna, emoten deusku. Bestetik, konturatzen zara zure ahots naturalak urtetan deutsula bizkaieraz kantaukeran, neureago sentiduten dot berbakera hori. Baina egia da honezkero, batua be nire euskerea dala. Aldea aditz eta deklinabide kontua baino ez da eta batuan, berbarako, gabe eta barik, nahi eta gura bardin-bardin erabil daitekez. Jakin egin behar da egoerak desbardintzen, izan be, bizkaieraz zabilzela 'fereka' lako berba bat sartzea artifiziala litzateke. Beraz, hemendik aurrera, Bizkaitik kanpoko saio eta txapelketan batuaz eta Bizkaiko txapelketa eta saioetan bizkaieraz kantetan ez ibilteko, horrek aparteko lanketa eta esfortzua dakarrelako, nik ez dakit bidea ez ete dan izango batua bizkaitar berbakerara jotea, batuaz kantetea baina bizkaierearen lexiko, esakera eta kolore guztia emonda, bertsolari legez, norberaren nortasuna emonaz, batua aberastuz eta bertsogintzea bera aberastuz.


9.- Bertsolari gazteak badatoz gora, baina, plaza kontuan, beti bardinak zabilziela emoten dau?

Hau bertsolaritzearen munduko kezka nagusienetariko bat da. Antolatzaileek beti gura izaten dabez puntako bertsolariak, jentea erakarteko asmoz eta bertsolari gazteak, aukera lar barik gelditzen dira. Egoera logikoa be bada, bizitzako beste arlo batzuetan legez, behetik gorako prozesu horretan mailaketea egotea. Zorionez, bertsolaritzearen osasunerako zirkuitu diferenteak dagoz eta pozgarriena da bertsolari talde bat egotea atzera eta aurrera dabilena eta bertsolari sentiduten dana. Zenbat eta jente gehiago ibili, zirkuitu gehiago egon eta maila hobea egon, horrek esan gurako dau gehien dabilzenak orduan eta hobeak izango dirala. Danak gara beharrezkoak.


10.- Aurten, Euskal Herriko Txapelketa Nagusia jokatuko da udagoienean. Zein izango da zure asmoa? Hortik aurrera, zer?

Gu Ta Gutarrak taldeagaz egin dogun ibilbidea eta Bizkaiko Txapelketea bata bestearen ganean etorri dira eta pare bat urte edo daroadaz gelditu be egin barik. Orain momentuan deskantsetan atrapau nozu. Zezeilean ez dot saiorik hartu eta Aste Santu osterarte nasai ibili gura neuke, bizimoduaren beste atal batzuei be eurena emon ahal izateko. Hortik aurrera, Euskal Herriko Txapelketearen haizea indartzen hasiko da eta lanean hasiko gara, ze barriro finalean sartu gura neuke. Hori bai, neurriz, ze txapelketara justu-justuan heltzea ez da bape ona.

Hortik aurrera, aurreko esperientziagaz sano pozik gagoz eta Gu Ta Gutarrak taldearen atea zabalik dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu