Euskerazko Tesien Koldo Mitxelena sariak bost jakintza-arlotako tesiak saritu ditu

Bizkaie! 2009-02-13 15:40   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibersidadeak euskerazko ikerketea bultzatzeko eta sustatzeko asmoz sortu barri daben saria bi urterik behin deituko da eta bost jakintza-arlo nagusi hartzen ditu. Aurtengo saridunak, bakotxa jagokon jakintza arloan, honako honeek izan dira: Francisco de la Hoz Mendez, Ekaitz Agirregoitia Marcos, Oroitz Jauregi Nazabal eta Ane Larrinaga Renteria.

2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak 'Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria' sortu eben, euskerazko ikerketea bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Saria bi urterik behin deituko da, eta bost jakintza-arlo nagusi hartzen ditu: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa teknikoak; Osasun zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak. Irabazleek Xabier Laka eskultoreak egindako oroigarria, diplomea eta 2.000 euro jasoko ditue.

Gaur, Donostian emandako prentsaurrekoan, saridunen izenak jakinarazo dira. Honeek dira:

• Zientzia Esperimentalen jakintza-arloa: Francisco de la Hoz Mendez
• Osasun Zientzien jakintza-arloa: Ekaitz Agirregoitia Marcos
• Giza Zientzian jakintza-arloa: Oroitz Jauregi Nazabal
• Gizarte Zientzien jakintza-arloa: Ane Larrinaga Renteria
• Ikasketa Teknikoen jakintza-arloa: saririk ez emotea erabagi da.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak sariak Koldo Mitxelena izena izatearen garrantzia azpimarratu dau: 'Mitxelena Unibersidadeko irakasle eta euskaltzain oso zan, beraz berak bi ezaugarri horreek batzen zituan'.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bestetik, eskerrak emon ditu: 'EHUri, aspaldiko hartu-emonak ditugulako, horren ondorioz hainbat ekintza alkarrekin egiten ditugularik. Mitxelena sariak zientzia, ikerketa eta bestelakoak be euskeraz egin behar doguzala adierazoten dau, eta EHUk horretarako abagunea eskaini gura deusku'. 'Batez be –ganeratu dau Andres Urrutiak- 'Iñako Perez Iglesias EHUko aurreko errektoreari, baita Ludger Mees Euskera errektoreordea zanari ere, eskerrik berezienak emon gura deutsiedaz, hareek izan ziran-eta sari honen bultzatzaile nagusiak'. Mitxelena familiarentzat, saridunentzat, epaimahaikide izan diranentzat eta Xabier Laka eskultorearentzat be esker oneko berbak izan ditu Urrutiak.

Euskal Herriko Unibersidadean 2005-06 eta 2006-07 ikasturteetan euskeraz idatzi eta defendautako doktorego-tesiak aurkeztu dira deialdi honetara. Europar Tesi legez aurkezturiko tesiak be onartu dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskerea izan bada. Bestalde, soilik Bikain Cum Laude kalifikazinoa aho batez lortu daben tesiak onartu dira, eta gitxienez tesia argitalpen baten edo patente baten sorburu izan dala erakutsi behar izan dau hautagaiak.

Sari honen epaimahaia honako hauek osotu dabe: EHUko Euskera errektoreordea, epaimahaiburua izango danak; Euskaltzaindiaren Iker sailburua, epaimahaibuorde gisa arituko danak; EHUko Euskera Zerbitzuaren zuzendariak; eta bost jakintza-arloetako bina doktorek. Bestetik, EHUko errektorea eta euskaltzainburua ohorezko buruak izan dira eta botorik ez dabe izango. Azkenik, Euskara Errektoreordetzako teknikariak idazkari lana egin dau eta, ohorezko buruek legez, botorik ez dau izan.

Urtero 200etik gora doktorego tesi aurkezten dira Euskal Herriko Unibersidadean, horreen artean hainbat euskeraz. Orain, sortu barri dan Koldo Mitxelena Sariaren bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskerazko tesien ekarpen bikotxa goraipatu gura dabe, batetik jakintzearen arloa zabaltzen laguntzen dabelako eta, bestetik, euskerearen normalizazinoaren prozesuan be guztiz lagungarriak diralako. Bidez batez, saria Koldo Mitxelena zanaren omenez sortu da, 'gure artean, inork baino hobeto landu eta garatu ebalako ekarpen bikotx hori'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu