Jon Maia: 'hizkuntza oso gauza intimoa da, barruan daukagun zeozer baita'

Karolina Almagia 2009-02-09 14:51   Barriketan
'Bidaia intimoak' dokumentalaren zuzendaria eta gidoilaria

Korrika 16ren leloa 'Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugun herrira' da. Horren inguruan filmau dau Jon Maiak 'Bidaia intimoak' dokumentala, AEK-k proponiduta. Filmak lau protagonista ditu: euskeraz bizi diran bi kanpotar eta hizkuntzea berreskuratu daben bi euskaldun. Zumaiako bertsolariak asko daki honetaz, bere familia Espaina aldetik etorri zalako bere garaian euskeraz bizi nahi dauen herrira. Bertsolaritzea, musikea, literaturea eta beste eremu asko jorratu ostean, Maia ikus-entzunezkoagaz ausartu da orain. Zezeilaren 7an, Bilboko Euskalduna Jauregian aurkeztu eta gero Euskal Herriko hainbat lekutan erakutsiko dabe dokumentala.


1.- Dokumentala egiteko orduan, zelan hurreratu zinan gai honetara?

Gaia oso presente daukat aspaldian. ‘Riomundo’ nobelea idatzi nebanean, nire familiaren gainean egindako fikzino bategaz kontau neban zelan, kanpotik etorrita, heldu garan euskaldunak izatera. Beraz, hor barruan daukadan gai bat da eta nahiko argi neukan hasieratik gaia zelan nahi neban planteau.


2.- Ikus-entzunezkoa hizkuntza barria da zuretzat. Zelakoa izan da esperientzia?

Niretzako erronka handia izan da. Aspaldi gidoiak egiten nabil lanean eta apur bat hurreratuta nago hizkuntza horretara, baina esperientza handirik oraindino ez daukat eta gainera oraingo honetan zuzendaritza lana egin behar neban. Edozelan be, lagundu egin deustie eta esperientzia ona izan da. Oso ondo pasau dot.


3.- Lau personaiaren inguruan eratu dozu dokumentala. Zelakoa izan da aukeraketea?

Bi perfil nahi nituan: lehengo eta oraingo bi etorkin eta ama hizkuntzea euskerea galdu eta berreskuratu daben beste bi lagun, bata Hegoaldekoa eta bestea Iparraldekoa, errealidade desbardinak diralako. Horreen bila hasi ginan eta kontua zan topetea benetan euskereagaz konpromiso- kontzientzia dauen jentea. Etorkin asko dagoz gurean eta euskaldun askok galdu dabe hizkuntzea, baina zergaitik berreskuratu eben? Klabe sakon horreen bila ibili gara. Suberte handia izan dogu, ze, buelta dexente emon eta gero, oso jente egokia eta prestua topau dogu.


4.- Grabazinoan momentu hunkigarriak bizi izan dozuzala zabaldu da...

Bai, oso hunkigarriak. Kontuan hartu behar da hau ez dala entrebistak edo hitzaldiak emoten ibilten dan jentea. Jente arrunta da eta bere bizitzan barrura eta atzera egin behar izan dabe, oso klabe intimoetan. Hizkuntza oso gauza intimoa da, barruan daukagun zeozer baita. Grabazinoetan egon dira momentu batzuk oso politak. Eta filman ikusiko dogu zelan euskerea ikasi dauen edozeinen barruan istorio handiak dagozan. Esangura honetan, nik uste dot dokumental honek emoten dauela aukerea sakontzeko, klabe humanoetan eta unibersalak diran hainbat kontzeptuetan: integrazinoa, identidadea... Baliogarria izango da ikusteko hizkuntza batek ze funtzino dauen persona baten bizitzan, zelan emoten deutsun mundua ikusteko era bat.


5.- Bidaia horretan, zer topau dozu harritu zaituana?

Agertu da, adibidez, amama bat, Dominika, mugako borda batean jaioa, oso emakume bizkorra, daroazana 86 urte biziten euskeraz bakarrik, Nafarroa eta Lapurdi artean. Edo Tereixa, Ferroletik etorri eta orain Portugaleten euskeraz bizi dana eta euskeraz irakasten deutsena umeei. Egia esan, kasu ugari dagoz harritzeko modukoak.


6.- Baina euskerea ikastea eta euskeraz bizitea ez da hain erraza, hainbat lekutan behintzat. Ez dago dokumental honetan arazorik, nekerik, desesperantzarik edo holako sentimendurik?

Nik ikusi dodanez, jente hau euskerara heldu eta sentiduten dau euskereari asko zor deutsola. Oso klabe positiboan berba egiten dabe. Euskereak eta Euskal Herriak emon deutsee leku bat munduan. Bere bizitzako pozik handienak izan dira.


7.- Ukutu poetiko bat emon gura izan deutsazu dokumentalari...

Bai, nik pentsetan dot dokumentala ez dala izan behar testimonio bilduma bat, baizik eta, ikus-entzunezko produktu bat dan neurrian, euki behar dauela poetika minimo bat. Nik uste dot lortu dogula, batez be, irudiakaz, musikeagaz... Bidaiaren kontzeptua da nagusia dokumentalean zehar, pausuak agertzen dira asko, edurra, hondarra..., oso momentu politak dagoz eta hori lortu da, neurri handi batean, Eriz Zapirain zuzendari ordearen lanari esker, eta Juantxo Sardon, esperientzia eta intuizino handiko argazkilariari esker. Hiruron autore ekarpenak alkartu egin doguz.


8.- Zelakoa izan zan errodajea?

Polita, dibertigarria. Gure baldintzak eta baliabideak mugatuak ziran eta ezinezkoa zan nahi genduan guztia grabetea, ezta nahi genduan egun guztietan be. Gainera, kamara bakar bategaz ibili gara, ez daukagu helikopterorik... Baina, tira, joan gara Urbiara lur orotariko ibilgailuetan izotzetan gora, edurtzan ibili gara, Parisera joan gara, Ferrolera joan gara... egin dogu ahalegin handi bat dokumentalari sendotasuna emoteko. Alkarrizketak dagoz oinarrean, baina haria baino ez dira. Alkarrizketei laguntzen deutsen irudiak dira bidaia.


9.- Honetaz aparte, zelan dagoz zure beste proiektuak, literaturan, musikan, bertsolaritzan...?

Dokumentalagaz oso lanpetuta egon naz azken aldion, intensidade handiko lana izan da; aparte, eguneroko lana daukat ETBrako gidoiak egiten, eta bertsotan astegoienetan... Bestetik, musikea egiteko gogoa daukat, baina aurten bertsotan Euskal Herriko Txapelketea dogu eta horretan zentrau nahi dot eta ahalegin berezia egin. Eginbeharrekoak egin eta datorren urtean musikan beste proiektu bat hasteko asmoa daukat, Karidadeko Bentagaz oso ondo pasau nebalako. Idazteko gogoa be badaukat, eta pare gauza bat hasita daukadaz, tartean eleberri bat. Bi bizitza paralelo behar neukez egin gura dodazan gauza guztiak egiteko. Baina gustora nabil, ikasten ari nazelako eten barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu